Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskaldunok galdutako lehen auzia

Euskaldunok galdutako lehen auzia

Amatiño 2015/07/31 00:10
Orain bi mila urte luze, euskaldunen, iberiarren eta zeltiberiarren arteko muga zegoen egungo Zaragozatik hogei kilometrora. Eta, hain zuzen ere, hiruki horren bihotzean gertatu zen euskal historian barrena gaur ezagutzen den (gure?) epaiketarik zaharrena. Galdu egin genuen.

Gezurra dirudien arren, jakinekoa da epaia zein egunetan izan zen. Zehatz-mehatz, Kristo aurreko 87 urteko maiatzaren 15an. Cayo Valerio Flacco prokontsul* erromatarraren onespenaz, Contrebia Belaiscako (hiri zeltiberiarra) bost magistratuk, Alaun** (Alagon, euskalduna) eta Salduie (Zaragoza, iberiarra) hiriek elkarri ipinitako auzia erabaki zuten.

Salduietarrek Ebro zein Olca (Huerga) ibaietako hura urri iritzita, Jalon ibaitik ere nahi izan zuten hartu***. Eta alaundarrek, berriz, Jalongo urik inork hartu zezan nahi ez. Euskaldunen eta iberiarren arteko auzia nork erabakiko-eta, herri biek aho batez onartu zuten Contrebia Belaisca hiriaren neutraltasuna, zeltiberiarrak, teoriaz behintzat, nekez izan zitezkeen arren neutralak, Olca ibaiaren ibarretan bizi zirenez gero. Alegia, nahiz Contrebia Belaisca epailearen eta Salduie epaituaren interesak berberak ziren, alaundarrek zeltiberiarren ustezko neutraltasuna aldez aurretik onartu zuten eta gero gerokoak.

Hau guztia “Tabula Contrebiensis” deritzan brontzezko xaflan agertu zen idatzia, 1975 urtean, Botorrita hirian. Latinez idatzia, auzilarien eta epaileen hiru hizkuntzak bestelakoak izan arren. Bistan da, ordurako nagusi zela inperioaren hizkuntza edo, hobeto esan, inperioaren gudarostearena.

mapa-idiomas-romana

Iberiako hizkuntzen araberako herrialde-banaketa. Zeltiberiarren, iberiarren eta euskaradunen arteko muga, Tarazona, Borja eta Zaragozaren artean.

Botorrita

Alaun (euskalduna), Contrebia Belaisca (zeltiberiarra) eta Salduie (iberiarra) hiriak, orain bi mila urte.


* Probintziako (pro-vincia) agintari nagusia.

** Alaun omen zen euskaradunen lurraldeetako azken muturra. Inguru honetan nabarmen dira oraindik euskal giroko toponimoak: Gaillur, Bureta, Urrea, Ejea...

*** Bi mila urte geroago indarrean dirau garai hartan eraikitako ubideak.


jaime
jaime dio:
2015/08/01 17:15
“Tabula contrebiensis” irakurrita gero, zilegi bekit nire harridura plazaratzea; ez nuen uste Kristo aurreko 87.urteko lege-hizkuntza hain zehatz, garbi eta jantziak zenik. Milesker Luis Alberto nire ezjakintasunaren zatiño bat argitzeagatik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: