Musika-miraria: "ogirik ez dakusat..."
Programa, Pello Leiñena Eresbilen (2) zuzendariak sartu aurretik esan bezala, “ondo pentsatua”. Ondo pentsatu behar baita azken 200 urteotako euskal musikarien antologiatxoa burutzerakoan bost lagin zehatz eta adierazgarri hautatzeko. Nortzuk lekuko aukeratuko eta, Juan Crisóstomo Arriaga (1806-1826), Maurice Ravel (1875-1937), Ricardo Sabadie (1926-2009), Tomás Aragues (1935-2022) eta Zuriñe Fz. Gerenabarrena (1965- ). Eskainitako ereslanak, berriz, hurrenez hurren: 20. Obertura, Erromako Sarirako kantaketak, Suite en miniatura, Sinfonia vs 90 eta Haizorratz.
Ustekabean-edo harrapatu ginduztenak, Ravelek Erromako Sarirako burutu zituen lau kantatak (La nuit, Les bayardères, Matinée de Provence eta Tout est lumière), Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Andra Mari Abesbatza eta Ana Otxoa sopranoa tarteko, zein baino zein ezezagunagoak eta politagoak.
Dena den, ekitaldi osoa, berriketa gabeko horietakoa. Iluntze atsegina bene-benetan, Errenteriako Lekuona Fabrika erabat gainezka.
Errenteria txapeldun
Errenteria da, zalantzarik gabe, euskal udalerririk jantzienetakoa musika arloan. Musikariez, baditu Musika Banda; Andra Mari, Landarbaso zein Zaria abesbatzak eta Karnaba zortzikotea; azpiegituraz, berriz, Musika Eskola, Zaria Koru Eskola, Eresbil artxiboa, Lekuona Fabrika aretoa eta datorren urterako amaitzekotan den Musika Etxea (4,8 milioi euroko aurrekontuaz).
Bide jori horretan urrats egiteko, aipagarri bereziki azken mende erdian Jose Luis Ansorena eta Jon Bagues sortzaile eta eragileen ekimena, eta ezin inondik ere ahaztu, urteak joan eta urteak etorri, hiru mailetako erakundeen etenik gabeko laguntza, guztia ere musika-tradiziorik duten beste zenbait udalerritan sarri falta izan dena.
Bernart Etxeparek orain bostehun urte esan zuenez: “ogirik ez dakusat biltzen hazirik erein gaberik”.
---oo0oo---
2. Euskal Artxibo nagusiak biltzen ditu gaur egun: 40.000 partitura, 2.200 konpositore eta 290.000 inguru denetariko agiri, liburu, argazki, euskarri elektroniko eta beste.
