Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Pilotalekuak ez dira musikatarako

Pilotalekuak ez dira musikatarako

Amatiño 2013/12/23 15:10
Miguel González Bastidak sarri esan ohi zuen, ironia handiz eta arrazoi osoz, pilotalekuak pilotan egiteko direla. Hala ere, horra non, azken omenaldia ere pilotalekuan egin behar izan zaion. Non bestela? Ezin gero inork eraiki ez duen aretoan egin.
Pilotalekuak ez dira musikatarako

Miguel González Bastida

Aritzeta eta Gabero abesbatzek, Bergarako Orfeoiak, Udal Musika Bandak eta Bergarak Orkestra Sinfonikoak elkarrekin eskaini zuten larunbatean, Bergarako pilotalekuan, Miguel Gonzalez Bastidaren omenez antolatutako Gabonetako Kontzertua. Pilotalekuan izan behar, Bergarako kontzerturik gehien-gehienak izan ohi diren bezalaxe, Bergaran ez baitago auditoriumik. Nola izan daiteke bizpahiru abesbatza, musika-eskola, “bizi guztiko” orfeoia, 1832ko Udal Banda eta Orkestra Sinfonikoa dituen udalerriak musika-aretorik ez izatea?

Horixe galdetzen zion bere buruari --eta entzun nahi zion edonori-- Miguel González Bastida Udal-bandaren zuzendariak, Bergaran ez zela kontzertuak antolatzeko leku aproposik salatu eta erantzuten ziotenean: “ez dela? Hor dago frontoia!”

González familiakoren bat izan da Bergarako Udal Bandaren zuzendaria azken ehun urteotan. Ignacio González Escala aita, lehenik (1909-1952); Miguel González Bastida semea, gero (1952-1986); eta Alfredo González Chirlaque biloba, orain (1986-2014). Gonzaleztarrak, denak ere, musikagileak, ereslariak eta talde-zuzendariak izan dira azken hiru belaunaldiotan, eta Bergarako musika-giro oparoak dezente zor die. Hala ere, udal-batzak joan eta udal-batzak etorri, ezeini ez bide zaio otu musika-auditoriumik eraikitzerik.

Bergaran, beste hainbat euskal udalerritan bezalaxe, udaletxeak eraberritu dira, futbol-zelaiak egokitu, kiroldegiak eraiki, igerilekuak ireki, azokak txukundu eta pilotalekuak berdetu. González Bastida, berriz, joan zen urrian hil zen, norbaitek, noizbait, musika ganoraz entzuteko aretoren bat egingo zuelakoan Bergaran.

Pilotalekuak pilotan egiteko direla esan izaten zuen, ez musika entzuteko. Segurutik arrazoi zuen baina bere omenaldiko kontzertua ere, non egingo eta… pilotalekuan, ezin bestean.

Bizi balitz, eskertuko luke baina ez litzaioke askorik gustatuko. Haren gustua benetan asetu nahi duenak badaki zer egin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: