Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gehien dira 90 urterekin hiltzen diren eibartarrak

Gehien dira 90 urterekin hiltzen diren eibartarrak

Amatiño 2025/04/20 20:10
Ez da inon irakurri dudan datua, ez eta inork ezustean adierazitakoa ere. Ez da inkesta, ez estatistika, ez igarpena, ez lagunarteko jarduna. Are gutxiago, susmoa. Datu erreala da. Bene-benetakoa. Azken hiru hilabeteotan Eibarren gertatutakoaren balantza zehatza.

Jakinekoa da EIBAR hiruhilabetekariak alero argitara eman izaten duela aurreko hiru hilabeteetan hildakoen zerrenda. Izen-abizenak eta adina. Ez gehiago eta ez gutxiago. Bada zerrenda makabro samarra dela uste duenik, baina, dirudienez, ez da orain arte zerrendatutako inor sekula kexu azaldu, ez datu pertsonalak babesteko eskubidea inork aldarrikatu..

Dena dela, apirileko zerrendaren arabera, 99 izan dira azken hiru hilabeteotan zendu direnak. Sei hamarralditan banatuz gero:

 Bost hildako izan dira 59 urtetik beherakoen artean.

 Hamaika, 60-69 artekoetan..

 Hamabi, 70-79 artekoak.

 Hogeita hamaika, 80-89 artekoak.

 Hogeita hamalau, 90-100 artekoak.

 Sei, 100 urtetik gorakoak.

Nire kontuak zein irakurlearenak errazte aldera, eta inora ez doazen hamartarretan galdu ez gaitezen, demagun iruzur handiegirik egiteke, ehun izan direla guztira. Hartara:

 Gehiago dira Eibarren 100 urtetik gora (%6) jo eta pasa egin dutenak, 60 urte betetzera (%5) heldu ez direnak baino.

 Pareko samar izan dira hirurogeiko hamarraldian (%11) nahiz hirurogeita hamarrekoan (%12) zendu direnak.

 Gehiago dira 90 urteko hamarraldian hil direnak (%34) laurogeitaka urterekin (%31) joandakoak baino.

 Eta eibartarren %71 (31+34+6), ia hiru laurden, 80 urtez baino gehiago bizi dira.

Nonbait, garrantzitsuena –eta hau ez dio EIBAR aldizkariak-- 80 urte bete arte nola-hala irautea da. Antza denez, aldaparik handiena 80 urte arte iritsi artekoa da. Behin gaina hartuz gero, dena da, itxuraz, errazago, lau-lau eta ordoki, helmugaraino bertaraino gainera!

Oharra: Aurretik ere esan genuen, euskalgizonen bizi-itxaropena 80,72 urtekoa den arren, behin laurogeira helduz gero, beste hamar urte gehitzen dela. Ez neri galdetu zergatik. Logika edo algoritmoren bat izango da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: