Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Laster Gabonak, gero Paskoak. Eta kitto.

Laster Gabonak, gero Paskoak. Eta kitto.

Amatiño 2024/09/19 10:05
Gaur egun euskal gizonen bizi-itxaropena 80,72 urtekoa da. Naizen honek 79 urte dituenez gero, batez beste bi urteko bizitza baino ez zait geratzen, antza. Honela esanda, badirudi denbora eskas samarra dela baina… bi urte... urte bi dira, urte bitan gauza asko egin daiteke… uste baino lehenago hiltzeaz aparte.
Laster Gabonak, gero Paskoak. Eta kitto.

Sara

Estatistikak hainbat aurpegi ditu eta iaioa da mozorrotzen.  Gaur egun jaiotzen diren euskal gizakumeen bizi-itxaropena 80,72 urtekoa da, bai, baina hor sartzen dira jaio berri, umetan, gaztetan eta adindu bezain laster hilgo direnak ere. Nik, ordea, aro horiek guztiak erre ditut honezkero eta, hartara, dagoeneko arriskurik gehienak nola-hala gainditu bide ditudanez gero, badirudi jadanik 79 urte ditugunon hemendik aurrerako bizi-itxaropena 90,92 urtekoa-edo izango dela.

Hona non, minutu eskasean, estatistika maltzurrak diostan, urte bi ez ezik, beste hamar ere bizi ahal izango ditudala, ondo portatzen banaiz eta zorte erdi normalik badut.  Ez dakit albiste ona ala txarra ote den, zer… erdipurdika izan arren, ni bi urteko zereginak antolatzeko gauza sentitzen naiz, baina hamar urteko programa... askotxo ezta? Zer arraio egin behar dut nik hurrengo hamar urte luzeetan?

Batetik, ondo zein txarto, hala moduz, nik egin beharrekoak egin ditut. Zer gehiago egin? Nondik nora hasi ere ez nuke asmatuko, nahiz inoiz baino askatasun gehiago izan gura dudana egiteko. Baina, asmatuko banu ere, inori ardura al zaio?

Etenik gabeko makrokate luze-luzearen nanokatebegi ziztrina baino ez gara. Nire lau aitona-amonak XIX. mendean jaioak ziren. Nire bost bilobak, aldiz, XXI.ean.  Andikao baserriko aitxitxa elgoibartarrak 29 urte zituen Hirugarren Karlistadan (1872-76) liberalen alde aritu zenean  eta Bigarren Errepublika (1931-39) hasi bezain laster hil zen. Karlistadak zein Errepublikak historiaurreko kontuak dira nire bilobentzat. Francoren diktadura eta Gernikako Estatua prehistoria izango diren bezalaxe nire biloben bilobentzat. Eta ez naiz etorkizun urrunaz ari,  hiruzpalau hamarkada barru baino ez da-eta hori izango.

Gizakiak unibertsoaren ardaztzat du bere burua, baina haren iraungitze-epea ez da zeinahi uda-jaitako edozein suzko ziritxiroren txinpartarik niminoena baino askoz luzeagoa. Honela esanda, ezer gutxi. Hutsaren hurrengoa. Baina, egia ere bada, ez dela txinparta niminorik gabeko suzko ziririk, ezta suzko erroberarik gabeko uda-jairik ere. Eta guk,  jaiak nahi.

Jairik jai doakigu bizitzaren egutegia. Olazabal baserriko amama antzuolarra zenak esan ohi zuen: laster Gabonak, ondoren Paskoak. Eta Paskoak heldu ahala, ostera: laster Paskoak, gero Gabonak.

Laurogeitaka aldiz esaterik baino ez zuen izan. Eta kitto. Makinatxo bat joan da gutxiago esanda. 

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/09/19 12:26
Zer gehiago egin? Buru freskotasun ederra erakusten duten halako testu argiak idazten jarraitu. 30 urte gehiago opa dizkizut, gutxienez.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/09/19 19:02
Beste kontu bat da 30 urteko luzapen hori nahiko zenukeen ala ez. Kontua da nire osaba-izeba zahar batzuek 100 urte bete berri dituztela (18 urte zituzten elkarrekin hasi zirenean!), beste izeba zahar batek 108 dauzka… Gero eta aditu gehiagok diote eskura daukagula 150 urteko bizi esperantza (ez da hain aurreikuspen txoroa: XX. mendearen hasieran 35-40 urtekoa zen bizi esperantza Espainian). Eta medikuntzari aplikaturiko adimen artifizialari esker 140 urterekin ere ez omen ginateke hain txarto ibiliko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: