Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Dmitri Xostakovitx, Karmele Jaio eta Maritxu Aranberri

Dmitri Xostakovitx, Karmele Jaio eta Maritxu Aranberri

Amatiño 2025/11/09 13:20
Dmitri Xostakovitxen “Leningrad” deritzon Zazpigarren Sinfonia, XX. mendeko partiturarik garrantzitsuenetakoa, aurreko ostegun-ostiralez jo du Bilbao Orkestra Sinfonikoak (1), Euskalduna Jauregian, Vasily Petrenko (2) zuzendariaren batutapean. Aurkezpen-lanetan narratzaile, berriz, Karmele Jaio idazlea. Erraz ahaztuko ez den kontzertua.
Dmitri Xostakovitx, Karmele Jaio eta Maritxu Aranberri

Karmele Jaio, Euskalduna Jauregian

Xostakovitxek bere jaioterriaren (San Petersburgo, 1906) ohorez eta omenez burutu zuen Zazpigarren Sinfonia, naziak Leningrad setiatzen ari zirela, hirian bertan (3) estrenatu zena. Azkenean,  errusiarrek hesia hautsi eta alemanak uxatzea lortu zutenez, Stalinek nazien totalitarismoaren kontra eta errusiar adore abertzalearen ereserkitzat aldarrikatu zuen Xostakovitxen zazpigarren sinfonia.

Dmitri Xostakovitx

Autorearen xedea ez zen, ordea, nazien aurkakoa soilik, totalitarismo ororen kontrakoa baizik. Xoskatovitxek berak aitortu zuenez. “Gai hau oinarritzat hartu nuenean, Leningradeko erasoaz eta setioaz gainera, gizadiaren etsai guztiak nituen gogoan. Ez dut arazorik zazpigarren sinfonia Leningrad izenez ezagutua izan dadin, baina ez naiz setiopeko hiriaz soilik ari, Stalinek suntsitu eta Hitlerrek haren obra amaitu baino ez duen Leningradez ere baizik”.

Leningradeko setioak zirauen (4) bitartean aurkeztu zen Xostakovitxen sinfonia. Nazien bonbardaketak noiz gainera etorriko beldur, gosez hiltzen baina galaz jantzita zeuden musikariek mundu irekiaren plazara erakarri zuten errusiar konpositorearen salaketa. Eta une hartan areto barruan zeuden ikusentzuleak, dena galtzeko trantzean zeudelakoan, bat-batean jabetu ziren: “Arraioa, orkestra bat dugu!”. Alegia, ezertarako balio ez omen duten gauzen balioaren adibide ezin hobea.

Karmele Jaio

Hain zuzen ere, ubera beretik abiatu zen Karmele Jaioren aurkezpen gisako narrazioa, gerra, suntsiketa eta zer gerta ere inor hil beharraren kontra (5), Leningradeko setiotik Gazako bonbardaketeraino, hiru xemaiko hitz potoloak –askatasuna, heroiak, nazioa, harrotasuna, garaipena…-- arinkeriaz erabiltzearen aurka.

Gerren ostean, berriz, erbestea. Adibidez baino ez, Karmelek kontatu zuen duela bi hamarkada luze Buenos Airesen ezagutu zuen laurogeita hamar urteko emakume eibartarra. Hogei urterekin herritik ihesi irten eta inoiz bueltatu ez zena. Urtetan Argentinan nola bizi izan ote zen galdetu omen zion idazle gasteiztarrak, eta eibartarrak, serio, begietara begiratuta, erantzun zion: “Ni ez naiz hemen bizi izan inoiz. Ni beti bizi izan naiz Eibarren”.

Eibarko kaleetako ahots, musika eta zaratak entzuten zituen hark egunero, segurutik gutako gehien-gehienok baliogabekotzat jo izaten ditugun hotsak, gure eguneroko ongizatearen lekuko eta adierazgarri diren arren.

Maritxu Aranberri

Karmelek ez zuen Euskalduna Jauregiko ikusentzuleen aurrean eibartar ezezagunaren izenik azaldu,  baina bat besterik ezin zitekeen izan: Arrate Egunean hil ahal izateko,  txanda hartzeko 98 urtez zain egon zen Maritxu Aranberri.

---ooOoo---

1) Bilbao Orkestra Sinfonikoa.

2) Vasily Petrenko,  Leningrad-San Petersburgo, 1976

3) Historian izan den setiorik krudelenetakoa: 650.000 zibil hil ziren eta miliotik gora soldadu.

4) Ia 900 egun egun iraun zuen setioak.

5) Besteak beste, “Herri honetan ere hildakoekin jaio ginen, hildakoekin bizi, hildakoen zama ikaragarria izan dugu gaztetatik zintzilik”. Eta “hil zirenekin hil ote gintuzten galdetzen zion bere buruari Xabier Letek bere poemetako batean”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: