Diasporak elkartzen gaitu
Gaur, Euskal Diasporaren Egun ofiziala da. Euskal Autonomia Erkidegoan ospatzen da, batez ere. Baita Iparraldean ere. Ez denean gogoeta berberaz. Eta ez denean memoria aintzakotzat hartzeko besteko arrazoirik ez delako. Denok gara, gutxi zein asko, errudun. Historiaren bilakaerak erakarri gaitu ekarri gaituen lekura.
Besteak beste, bi dirateke “mendebaldeko” euskaldunon ajerik handienak. Batetik, ez ote dugun azken hiruzpalau belaunaldiotako harako diaspora politikaz lartxo jantzi. Bestetik, ez ote ditugun aurreko hamabi belaunaldiak errazegi ahaztu. Denak du bere logika. Batetik, politikaz jabetzeko politika bizi egin behar baita, eta, bestetik, politikaren memoria oso motza delako gurean.
XV. mende arte Gaztelan barrena (2) zabaldu zen aurrenetako euskal diaspora eta balearen arrantza ahazteke, Amerikaren aurkikundeak, lehenik, eta maiorazgo edo premuaren aldeko oinordetzak (3), gero, euskaldunak mundura ateratzeko izan zitzakeen langa eta maratila guztiak hautsi zituen. Baita inoren gerrek edo gerrara joan nahiezak ere (4), desertoreak (5) tarteko.
Adibidez baino ez, Hegoaldeko euskaldunok Iparragirreren “eman ta zabal zazu munduan frutua” aldarrikatu izan dugu harro asko, berrehun urte aurretik Iparraldeko Etxepare nafarrak “ialgi hadi mundura” oihukatu zuela ahaztuta. Era berean, geure burua ibiltari amorratutzat jo (6) eta mugaz handiko euskaldunak beti baserri ezkutuetan (7) bizi izan direla pentsatu arren, proportzioz (8) behintzat, Iparraldeko emigrazioa Hegoaldekoa baino zatia handiago izan izan da.
Hartara, euskal diaspora ez da bart gaueko kontua soilik. Nahiz azken belaunaldiotan politikak protagonismo handia izan, lanik ezak, premiak, goseak eta miseriak ere demaseko eragina izan dute (9) hainbat urtetan.
Zer gerta ere, bestela sekula elkar ezagutuko ez zuten euskaldunak bildu izan ditu diasporak. Etxe-barruko aldeak ahaztu arazi eta gozatu izan ditu atzerriak. Euskal Diasporak elkartzen gaitu.
---ooOoo---
1) Pierre Lhande. “La emigración vasca”. Auñamendi, 1971.
2) Eta Kanariar uharteen konkistan.
3) Foru eta Lege Zaharren aldaketa.
4) Piratak, kortsarioak, sasi-kapitainak, merkatariak, misiolariak...
5)1850ean, Ipar Euskal Herriko biztanleria Frantziako % 1era iristen ez zenean, Frantziako armadako desertoreen % 50 euskaldunak ziren. Kalkuluen arabera, 1832 eta 1907 bitartean ehun mila pertsona joan ziren Ipar Euskal Herriko lurretatik, eskualdeko batez besteko biztanleria 120.000 lagunek osatzen zuten garaian.
6) Elizak 1600 urte inguruan izendatu zuen Pedro Axular Sarako erretore. Baina aurretik ziharduenak, Jean Harosteguy apezak, alde egiterik nahi izan ez zuenez, Axular Parisa joan zen oinez, Enrike IV.arekin bildu, erregearen onespena lortu eta Sarara berriro itzuli, eskuizbribua soinean zekarrela.
7) 1805 urtean, Napoleonen harmadako lau baxenafar Rhin ibaiondoan zeudelarik, oinez etorri ziren Baigorriraino pilotan egiteko. Jokatu –irabazi- eta berriro itzuli ziren Austerlitzeko guduaren bezperetan.
8) XIX. mendeko hainbat hamarkadatan, belaunaldi bakoitzeko mutilen %50 inguruk eta biztanleria osoaren %25-30k emigratu zuen.
9) Urrutira joan gabe, Debako "Escuela Biblioteca del Emigrante" 1928koa.
.
