Ostolazaren oinordetza
- Ostolazak 1927an eraikitako egoitza
Debako “Escuela Biblioteca del Emigrante" delakoak erabateko ospea lortu zuen 1928an ekin (5) bezain laster, eta abian jarri zuen egitarau liberala (6) eredutzat hartua izan zen 1936 arte garaiko errepublikazaleen artean. Arrakasta honen lekuko dira handik eta hemendik egitasmoa ezagutu nahirik eskolak izan zituen bisitariak, edozenbat irakasle, ikasle-talde, elkarte, erakunde, alderdi eta agintari politiko zein militarrak tarteko.
Izan ere, Debako Kultur Elkarteak (7) zaintzapean du 1929ko bisita-liburua, Ostolazak eragindako eskola bereko lehen ikasleek ezker onez sortzaileari oparitua, non bertaratutako bisitarien zorioneko hitzak, leloak, laudorioak eta bestelako iritziak biltzen eta gordetzen diren ia ehun urte geroago. Guztira hirurogei inguru orrialde dira, pare bat mila bisitarik idatziak eta sinatuak. Garrantzitsuena, segurutik, Niceto Alcalá-Zamora II Errepublikaren Presidenteak egindakoa, baina bada hamaika gehiago ere.
Agertzen diren ordenaz, eta identifikatu daitezkeenak aipatuz: Debako ikasleen gurasoak, Eibarko “Casa del Pueblo”ko ordezkariak (Juan de los Toyos, Julian Echeverria etab.), Eibarko errepublikanoak, Donostiako gazte-taldea, Zarautz eta Pasaia-San Pedroko irakasleak, Gipuzkoako lehen gobernadore errepublikarra, Madrilgo “La Libertad” egunkariko kazetaria, Donostiako epailea, Salamankako Unibertsitateko Literatura Katedra, Espainiako Akademia, Donostiako Rotary Cluba, Donostiako “Unión cultural democrática", Gipuzkoako maisu-eskola, Bilboko Junta Radikala, Tolosako taldea, Gipuzkoako Lehen Pedagogia Astea, Gipuzkoako Institutua, Burgosko Guarnizio Militarra, Madrilgo eskola-maisuak, Deustuko taldea, Tolosakoko Portu papertegiko langileak, Berako maisu nazionalak, Gasteizko Normalistak, Eibarko Institutuko ikasleak (neskak nabarmen gehiago mutilak baino), Dos Caminosko Kontsumo Langile-kooperatiba, Irungo alkatea, “Agrupación cultural tolosana”, Donostiako Orfeoiaren hainbat kide etab.
Taldekaz gainera, bisitarien artean badira, bere kaxa etorri ziren bisitari ezezagunak, nekez aipatu daitezkeena. Baina badira, ordea, zehaztu ere zehaztu daitezkeenak, esaterako, Clara Campoamor, emakumeen boto-eskubidearen aldeko eragileenetakoa, Espainiako Kontsula Taillinen (Estonia) eta mezua ingelesez utzi zuen Missouriko (AEB ) bisitaria edo, bestelako zantzurik uzteke, alemanez idatzi zuena.
Euskaraz ere dozena erdiren batek: “Umien alde egiten dana er’iyen alde jokatzen da” kasu, eta udako hiru hilabete Deban egindako madrildarrak, berriz: “Si todos los pueblos de España tuvieran un centro análogo, en veinte años se extinguiría el analfabetismo que nos avergüenza”. Bertsotan utzi nahi izan zuenik ere ez da falta, Jose Mari Lopetegik idatzia:
Etzait neri aztuko, Debara iritziya.
Ostolazak indako, eskola ikusiya.
Jose Manuel dezu, ondo mereziya .
Osasun onarekin, luzaro biziya.
---oo0oo---
3. Beroa ekiditzeko, zulotxoz jositako kapela berak asmatu omen zuen.
4. La Voz de Guipúzcoa, 1930.11.18
5. Ostolazak 1927an eginarazi zuen euskal estilo berrikoa eraikina, familiaren orubean.
6) Promozio bi izan ziren: 1928-1932 (35 ikasle) eta 1932-1936 (31 ikasle).
7. Elkarteak Ostolazak utzitako kapitalaren kudeaketaz dirau ia ehun urte geroago,
