Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bittori alargunak arrazoi

Bittori alargunak arrazoi

Amatiño 2025/10/06 10:15
Berrogei urte dira, Marsellako hanpa inguruko bi mertzenario frantsesek lau ETAkide tirokatu eta erail zituztela Baionan, inoiz GALek (1) egindako sarraskirik handienetakoan. Atentatu haren karietara, Donostian ireki den erakusketaren inaugurazioan, Maria Jesús San Josék, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza-Eskubideen sailburuak, barkamena eskatu die biktimen senideei.
Bittori alargunak arrazoi

Ez da gertatu. Egin digute!

Barkamena eskatu, besteak beste, lau arrazoirengantik: Erakundeek zein PSEk berak izan duten “lau hamarraldiko ezikusi eta isiltasunagatik”; garai hartan agintean zeudenek “Estatuaren erremintez baliatu eta egindako kalteaz harro agertzen azaldu zuten itxuragabekeriarengatik”; demokraziaren sinesgarritasuna auzitan jartzeaz gainera “sortze beretik demokrazia eta giza-eskubideak aldarrikatu izan dituen alderdi politikoaren izena zikintzeagatik” eta “gertaera hark ez zuelako sekula gertatu behar”.

Ez, gertaera hark ez zukeen sekula gertatu beharrik, eta alderdi demokratek berrogei urte behar izan dituzte sarraski hartako biktimen senideei erakundeen hurbiltasuna eskaintzeko eta barkamena eskatzeko. Baina, honen guztiaren garrantzia nabarmena izaki, politikaz askoz ere azpimarragarriago da Estatua bera nahiz orduan agintean zeudenak erruduntzat jotzea eta haien harrokeria salatzea.

Ezker abertzaleak beti adierazi nahi izan du bortxakeria, biktimak eta dolua "alde bietan" izan direla parez pare. Sarri kexatu izan da bere inguruari bestaldekoari baino gehiago eskatu izaten zaiola eta, hain zuzen ere, gertatua gaitzetsi behar izan duen bakoitzean beti "alde bietako bortxakeria" salatu izan du, bere burua esparru orokorragoaren magalpean babesturik. San José sailburuak estrategia hori hautsi du, ostera, bere alderdikideak baino ez aipatzen eta bere galtzarbekoen gaizki eginak besterik ez kritikatzen, beste ezein aldetan egindakoaz hitz erdirik ere esateke. Orain ikusiko, ezker abertzalea beste horrenbeste egiteko gauza izango ote den.

Honezkero ez da aski gertatuak ez zuela gertatu behar esatea. Batetik, tamalez gertatu zelako eta, bestetik, gertatua gertatu, gauzak ez zirelako "berez" gertatu, hainbatek gerta zitezen nahi izan zuelako baizik.

Ez zen ezer gertatu, norbaitek egin zuen

Patria telesailak dirauen 440 minutu luzetan denetarik dago. Egiantzeko pasarteak eta  fikzio huts sinesgaitzakak.  Fikzioa fikzio da. Baina bada zazpi ordu luze horietan dena laburbiltzen  duen esaldi soil bat: ETAk erail zuen enpresariaren seme-alabek “gertatu da-eta”, honelako zerbait adierazten diote ama errukarriari, borondaterik onenaz eta animatze aldera segurutik. Baina Bittori (2) ama alargunak zera argitzen diete, irmo asko, ezer gutxi ulertzen ari ote zirenaren beldur: “Ez, ez da gertatu… EGIN DIGUTE!”.

Ezker abertzaleak noizbait aditzera eman duen arren gertatua ez zela sekula jazo behar, ez du, ordea, sekula iragan behar ez zuen hargatik inoiz damurik erakutsi,  are gutxiago sekula pasatu behar ez zukeenagatik barkamenik eskatu. Baina, egunen batean,  Bittoriri eman beharko dio arrazoia: bai, egin genuen, gureek egin zuten.

María Jesús San José sozialistak, bere alderdiaren buruzagitzapean Estatuak egindako bortxakeriak salatu eta gaitzetsi ditu, eta barkamena eskatu. Mundua ez da erori eta seguru gero sozialista askok lasaiago lo egingo duela aurrerantzean. Ezker abertzalegoaren buruzagiek lasai egiten ote dute lo? Ala bost axola zaie?

1) GAL. Grupos antiterroristas de Liberación.

2) "Bittori". Elena Irureta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: