Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Urdaibai, epizentroa

Urdaibai, epizentroa

Amatiño 2026/06/01 00:15
Bizkaitik kanpora, benetan asko diren arren Urdaibai ingurua bertatik bertara ezagutzen ez duten euskaldunak, Oka ibaiaren itsasadarra da Euskal Herriko ingurunerik zoragarrienetakoa. Txori migratzaileei galdetuko bagenie, Laponiatik Kongo ibaiaren arrorainoko hegaldiaren epizentroa.
Urdaibai, epizentroa

Atlantiko ekialdeko migrazio-bidea

Urdaibai mapaDurangaldeko Oiz mendi-gailurretik (1) aurrez aurre ikusterik bada ere, Urdaibaiko (2) sakanak hurreratzeko arrazoi erakargarri asko eskaintzen dizkio edozein bisitariri. Gernika monumentala bera arrazoi nahiko ez balitz, Gernikako bertako irteeratik (aparkalekua dago) Mundakara iristen den 14-15 kilometro inguruko oinezko bidea, Oka ibaiaren ezker ibarrean barrena, bizitzan zehar gutxienez behin egin beharreko ibilaldi horietakoa da (3). Ederra da itsasgora denean, eta naturaren miraria, berriz, itsasbehera.

Ez da orain jakin dugun zerbait. Foruan  400 urtez  bizi izan ziren erromatarrak duela ia hogei mende, 12.000 urte lehenagoko gizateriak labar-artea landu zuen Santimamiñen eta Urdaibaiko hareatzetan hartutako txirlak gogotsu jaten zituztenaren laginak utzi. 

Ekoetxea
Ekoetxea, Madariaga dorretxean

Orain hurrengo begi bistako frogak laga zituztenak Bilboko aberatsak izan ziren (1896-1936), denak ez baitziren Negurira joan eta, eukixan jaikixaren (4) ondorioz demaseko etxetzarrak eraiki zituzten Sukarrietan.

Hamabi-hamahiru urte baino ez genituela, ikasturte amaierako txangoak zirela-eta, Isasiko fraileek eraman gintuzten estreinako inguru hartara. Ez ziguten Gernikako Arbolarik eta halakorik erakutsi baina bai, ordea, Txatxarramendiko irlan eraikia zen glamour handiko hotela (5) eta irlaraino (40 metro eskas) autobusez pasatzea  kristoren abentura iruditu zitzaigun.

Neskatan hasi ginenean, berriz, Lagako hondartzaraino joaten ahalegintzen ginen, hareaz gainera pinudi mardulik ere bazen eta ogibitartekoa erosteko txiringitoa. Hirurogeita bost urte  geroago, oraindik ere hareatzak, pinudiak eta txiringitoak besterik ez diraute, etxerik egin ezean euskal itsas-bazterrak zelakoak izan zitezkeenaren adierazgarri. Izan ere, nahiz Zornotzatik Gernikarainoko trena 1858an abian jarri eta 1893an Sukarrietaraino heldu, harrigarri bada ere ez zen Bermeoko arrantza-porturaino 1955 urte arte baino iritsi, eta sekula ez, gero, eskuin ibarreko  Ibarrangeluraino.

Mundakako ezkerreko olatu mitikoa betidanik (6) ibaian barrena sartu arren, inor gutxi jabetu zen hartaz 1960ko hamarkadan lehen surflari atzerritarrak uretan murgildu arte. Hurrengo hamarkadan, turismoaren uholdeak muturra erakutsi bezain laster, Ibarrangeluko lurretan eraiki zen lekuz kanpo eta neurririk gabeko  etxe-multzo galanta,  non inoiz lan-afaririk izan genuen,  Iurretako ETBren aholkulari gisa ziharduten teknikari alemanek nahiago  zuten-eta Laidan ostatu hartu, Durangaldean baino.

Eta azkenik, baina ez atzenik, Busturiako Ekoetxea (7) eta Gautegiz-Arteagako  Bird Centerra (8). Lehena, gehienbat eskola-ikasleentzat burutua, sekulako muino gainean kokatua, nondik Izaro uhartea ere ikusten den bokalean. Apartekoa, gainera, Ekoetxearen egoitza gisa eraberritu den  XV. mendeko Madariaga dorretxearen (9) eraberrikuntza. Bigarrena, berriz, txori-zentro eta behatokia, bart ETBn aurkeztu den Bizi natura programa-sailaz pil-pilean dagoena. Ez galdu.

---oo0oo---

1) Berrogei urte inguru estreinako bizikletaz igo nuela (1.026 m.).

2) Biosfera Erreserba.

3) Lau-lau, hirugarren edo laugarren adinekoentzat modukoa.

4) Eukixan jaikixa,  Asier Sarasua.

5) Gaur egun Azti teknologia zentruaren egoitza.

6) Holozeno arokoa edo, labar-artea bezain zaharra beraz.

7) Ekoetxea sareak bost egoitza ditu EAEn barrena, eta horietako bat Urdaibaikoa

8) Gu egon ginen goizean zehar, 46 txori espezie desberdin ikusi eta identifikatu ahal izan ziren eguerdiko 12ak aurretik.

9) "Madaixagane" jatetxe eta guzti.

Urdaibai ibaia
Oka ibaia, bidezidorretik telefono normaltxoaz hartutako argazkian. Barren-barrenean, eskuinaldean, Oiz media.

Bird Center
Bird Centerren behatokitik edonork ikusi eta atera dezakeen argazkia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal