Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ansaberebarrengo naba

Ansaberebarrengo naba

Amatiño 2014/04/27 21:25
Leku aproposa hamaiketakoa egiteko, zapaburuak hartzeko edo argazkiak ateratzeko. Handik gora, berriz, ordu erdira edo Ansabereko aterpea, eta ordu t’erdira Petratxemako igarobidea. Gorago, Petretxema gailurra, Ansabere orratzak (2.377 m.) eta Hiru Erregeen Mahaia (2.446 m.), Euskal Herria alegia. Baina horrek beste plan bat eskatzen du.

Pirinioetako Parke Nazioanalean barrena batere mendizale ez diren lagunekin abiatzeko lekurik aproposenetakotzat aipatu genuen, duela pare bat urte: Espelunguère. Bertako ur-jauzia eta naba ez dira gero euli-kaka, eta parkinetik hamar minutura baino ez. Beste leku erraz bezain zoragarrietako bat Ansaberebarrengo haran txikia da. Harana, zirkua, platoa, naba edo dena delakoa, baina, zer nahi delarik, polita politik bada.

Bertaraino erraz asko iristeko, Somportetik Oloroira errepide nagusian, Aspe haranean zehar, ezkerratara hartu Lescun aldera.

Bidegurutzea utzi bezain laster, berrehun metrora, Lescunerako bidea laga eta ezkerreko seinaleari jaramon egin: Lehers 6 km.

Hiru kilometro goragoko bidegurutzean, aldiz. Alderantziz egin, amain eman bere gisara ezkerraldetik Lehers herrira doanari eta heldu eskuinekoari, Lescun aldera.

Zenbait kilometrotara aurkituko duzun hurrengo bidegurutzean jarraitu eskuinaldera: Masousa-Ansabere.

Eta hurrengoan, ostera, ezkerrekoa hartu. Masousarantza eskuinetik doana alboratu eta ezkerrekoa hartu: Cabanes d`Ansabère.

Haran-barrenean parkin bat dago. Normalean hainbat auto egon izaten da bertan. Ematen du hantxe amaitzen dela bidea baina, nahi izanez gero, ezkerraldetik, bi kilometro eta erdiko baso-pista doa gorantza. Aukera bi daude. Autoa bertan utzi eta bost kilometroko joan-etorria oinez egin ala autoz jarraitu astiro samar. Erlojuak eta lagunen adinak (eta gogoak) agintzen dute.

Bigarren parkinean amaitzen dira autoarenak. Errekatxo gaineko zubia gainditu eta handik gora, ordu erdi luzea besterik ez da behar Ansabere orratzak aurrez aurre ikusi ahal izateko. Leku aproposa hamaiketakoa egiteko, zapaburuak hartzeko eta argazkiak ateratzeko.

Handik gora, berriz, ordu erdira-edo Ansabereko aterpea, eta ordu t' erdira Petratxemako igarobidea. Goraxeago, Petretxema gailurra, Ansabere orratzak (2.377 m.) eta Hiru Erregeen Mahaia (2.446 m.), Euskal Herria alegia. Baina horrek beste plan bat eskatzen du.

Ansabere naba

Atzekaldean, Ansabere orratzak. Barrenean, Ansaberebarrengo naba. Bada, segurutik, leku zatarragorik munduan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: