Gogoa, gogoa… erdipurdiko gogoa
Amatiño
2014/01/23 23:30
Ibai Gomezek baikor asko erantzun zuen aurreko asteartean, Euskalduna jauregian, kazetariak hurrengo kopa-sailkapenaz galdetu zionean: “Le tenemos ganas al Atlético de Madrid”. Ez dut nik esango orain dela ordubeteko
azken emaitza (1-0) txarrena denik baina, datorren asteazkenean, Athletic-ek bart gauean baino dezente gogo gehiago azaldu beharko du aurrera pasatu nahi izango badu.
Erantzunik ez
Herri erabakitzailearen malurrak
Amatiño
2014/01/21 22:00
“Garbi baldin badugu gurea herri kolonizatua dela, erabat kontraesana da demokrazian bizi garela adieraztea” erantzun berri du Benito Lertxundik, Arriagako kontzertua dela-eta egindako elkarrizketan (Deia, 2014.01.19). Segurutik kantariak eskubide osoa du horrelakorik uste izateko eta, gitarra lepoan hartuta, uste hori han-hemenka defenditzeko. Arazoa da, ordea, uste berberorren aitzakiaz, hainbatek armak hartu izan zituela lepoan eta 800 lagun inguru hil. Gizarte-pedagogiaz sinetsiko badugu, ez dirudi unerik aproposena denik horrelako mezu arinak barreiatzeko.
… eta udalek ikurrina eseki zuten
Amatiño
2014/01/19 23:55
San Sebastian bezperan, 1977ko urtarrilaren 19an, estreinako jarri zen euskal ikurrina, hainbat udaletxe-mastatan. Zail da, 38 urte geroago, orduan bizi izan genuen giroa laburbiltzea. Zer gerta ere, ez da lorpenak bertatik bertara bizi izaterik baino hoberik, lortutakoaren balioaz jabetzeko.
Agur Jaunak… amu gisa
Amatiño
2014/01/19 16:10
Ederra gero, Gonzalez Bastidaren omenetan, Euskadiko Orkestrak Bergaran eskainitako kontzertua. Ez horren ederra, ostera, amaieran Nasturica zuzendariak egin zigun adarjotzea: “Agur Jaunak” kantarazi zigun, albait lasterren amaitzeko eta alde egiteko.
Beste kuku batek joko liguke
Amatiño
2014/01/18 21:10
Harria jasotzeko hiru baldintza nagusi behar omen dira: indarra, trebetasuna eta babesa. Enpresak abian jarriko badira ere, beste horrenbeste behar omen da: gizartearen indarra, hezkuntzaren trebetasuna eta erakundeen babesa. Honelakorik eta gehiago entzun genuen atzo, Muskizen, Marcelo Gangoiti sariaren urteroko emanaldian zehar.
Hego haizea
Amatiño
2014/01/17 23:45
Egunak daramatza hego haizeak gogotik jotzen. “Haizearen gogoa, emaztearen gogoa” omen dio esaera zaharrak. “Haizearen hegoa… surflaririk ez doa” esan beharko genuke egun.
Curriculum pilotazale bila
Amatiño
2014/01/15 17:10
Gallastegiren biografiaz idatzi berri dudan liburua dela-eta, hainbat kazetarirekin hitzegin behar izan dut eta hiruzpalauk –harriturik edo, nik pilotaz idatzi izanagatik-- pilotazale ote naizen galdetu didate, ezjakina adituen munduan baimenik gabe sartu izan balitz bezala.
Enpresari, herrigile
Amatiño
2014/01/12 23:05
Hona non lanpostuak sortu beharra bihurtu zaigun behineneko aldarri eta helburu. Azken bospasei hamarkadotan industria joririk izan duten hainbat eskualdetan eten gabe ari dira enpresak ixten eta lanpostuak murrizten. Segurutik krisialdia amaituko da inoiz, eta datu makroekonomikoak itxuratuko dira halakoren batean. Baina honek ez du esangura sektore, enpresa eta lanpostu berriak sortuko direnik. Eta, gainera, sortzekotan… nork sortuko?
Gorriñagak bizirik dirau
Amatiño
2014/01/09 22:00
Consuelo Aramberri mendaroarrak bidali digu Eibarko Aranberritarroi Gorriñaga baserriaz egin berri duen margolana. Consueloren aitxitxaren aitxitxa eta gure aitxitxaren aitxitxa, gizakume berbera izan zen: Vicente. Azkoitian jaioa zen (1764), Vicente de Arambarri izen-abizenez, eta Aranerrekako Gorriñagan hil zen (1828), Vicente Aramberri gisa.
Kubati
Amatiño
2014/01/07 23:50
Gehienok nahi dugu bakea. Gehienok nahi dugu borroka armatuaren garaia gainditu. Gehienok nahi dugu presoak etxera daitezen. Eta, hobe beharrez edo, gehienok nahi dugu gertatua ahaztu eta, ahal den neurrian, ez ikusi egin. Aldi berean, presook ere bakea nahi omen dute, borroka armatua gainditu eta etxeratu. Ez dakit, ordea, ahaztu eta ez ikusi egin nahi ote duten. Nonbait, gogoratu ez ezik, gogorarazi ere gogorarazi nahi digute, ikustarazi alegia. Aurreko asteburuan Durangon elkartu direnek bai behintzat.
