Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Agur Jaunak… amu gisa

Agur Jaunak… amu gisa

Amatiño 2014/01/19 16:10
Ederra gero, Gonzalez Bastidaren omenetan, Euskadiko Orkestrak Bergaran eskainitako kontzertua. Ez horren ederra, ostera, amaieran Nasturica zuzendariak egin zigun adarjotzea: “Agur Jaunak” kantarazi zigun, albait lasterren amaitzeko eta alde egiteko.

Bastida, Brahms, Beethoven… hiru “beak” gogoan izan zituen Euskadiko Orkestrak, aurreko ostiralean, Miguel González Bastidaren omenetan. Bergarako pilotalekua leporaino bete zen, programa aproposa eta jendea, oro har, urbitsetan. Bergararren musika-zaletasuna ez dago zalantzan.

Hasteko, aita zenaren omenetan zuzendu zuen Aldredo González Chirlaque semeak “Lorea” zortzikoa, eta ondotik, berriz, Lorenz Nasturica-Herschocowici errumaniarrak Brahms-en Opus 102 eresi zaila eta Beethoven-en 5. Sinfonia guztiz ezaguna. Hainbat beldur zen arren, pilotalekuak eskaini lezakeen soinu-mailaz, entzuleak ez ezik musikariak ere gustura aritu ziren eta pozarren atera.

Atera, atera… presaka eta harrapataka atera, musikariok lehenbailehen alde egin nahi izan baitzuten eta, hartarako, ezin estrategia aproposagoa Nasturica maisuak eskaini ziena. Programa amaitu bezain laster, entzuleoi “Agur Jaunak” kantatzeko gonbitea egin zigun, denok zutitu eta... agur jaunak. Agur, bai, agur benhur.

Nasturicak ondo asko asko frogatu zuen ekitaldian zehar zein biolin-jotzaile ona den. Baita, gero, artista samarra ere, aitaren batean entzuleak kaleratzeko orduan.

Beste kontu bat da, ostera,  “Agur Jaunak” ereserkia ote den aukerakoena jendea engainatzeko… Baten batek esan beharko lioke ez dela sinboloekin jokatu behar, are gutxiago nazio-orkestra* ofizialaren izenean.

GBastida1

Euskadiko Orkestra, Bergaran. Lehena, ezkerraldean, Nasturica zuzendaria, biolina eskutan duela

 

* Nahiz curriculumen batean Donostiako orkestra baino ez dela esan: He is frequently invited to teach as a guest professor at the Conservatorio in San Sebastian in Spain, and is concertmaster and soloist with the San Sebastian Orquesta.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: