Kubati
Ea ulertu dudan. José Antonio López Ruiz ‘Kubati’k erail zuen Maria Dolores González Katarain ´Yoyes´, 1986an, ETAren buruzagi izanak borroka armatuaren bidea utzi beharra aldarrikatu zuelako. Hiru hamarkada geroago (beranduago, beraz), kaleratu berri diren hirurogeitaka preso Durangon bildu dira eta euren ageriko bozeramailetzat Kubati aukeratu, 27 urte lehenago, Ordiziako herri-jaietan hiru urteko semearekin zihoala, Yoyes erail zuen berbera.
Bakeak eskatzen baldin badigu ahaztu eta ez ikusi egin, ahazteko eta ez ikusi egiteko gertu gaudeke baina, antza, presoek ez dute ahaztu nahi, ezta ikustezin bihurtu ere. Bakeak egiteko, Durangoko eskaparatea atondu beharrik ote zegoen? Bakeak egiteko, zer premia zegoen bozeramailetzat Yoyesen tirokatzailea hautatzeko?
Durangoko argazkiarekin esangura izan dute: “Hemen gaude. Ez dugu ezkutatu beharrik, ez dugu zertaz damutu beharrik”. Eta Kubatik esan digu: “Bai, ni naiz. Ezagutu nazazue. Ni izan nintzen. Eta zer?”
PP erabat oker dabil. Durangoko ekitaldia ez da legearen kontrakoa izan, lagun hurkoaren aurkako errukigabetasun lizuna baino. Etorkizunak libra gaitzala hainbatek ahaztu nahi ez dituzten ankerkerietatik eta harroantza frogatu nahi dizkiguten gupidagabetasunetatik.