Gogoa, gogoa… erdipurdiko gogoa
Dozenaren bat kirolari eta kirol-talde izan zituen kontuan Deia egunkariak 2013ko onenak hautatzerakoan eta, oro har, nabarmen Athletic-ek, berriro ere, bizi duen une eztitsua. Eztitsua bezain sinesgaitza, behar bada. Nago, Athletic ez ote dagoen egon zitekeen posturik onenean. Aurreko hiruak nekez gaindituko dituelako inoiz eta, orain arte erakutsi izan duen joko-maila urriaz, laugarren postuari eutsi ahal izatea Begoñako Andre Mariaren oparia --edo miraria-- baino ez delako.
Onenen arteko onena, berriz, Alex Txikon. Ez dakit nik lemoztarra ote den, benetan, 2013ko euskal kirolaririk onena baina, txarrenean ere, onartu beharko ez dela batere erraza aurkitzea, euskal kirol-parnasoan, Alex bezain alai, atsegin, begiko, adeitsu, mazal eta aiurri onekorik.
Mendigoizale zein eskalatzaile, parapentean nahiz herri-kiroletan, Alex Txikon dugu gaur egun euskal kirolaririk joriena eta adoretsuenetakoa.
Komunikabideetan arras eskertzen den profila, besteak beste.
Ander Iturraspe, Ibai Gomez eta Aritz Aduriz jokalariak, Josu Urrutia lehendakariarekin, herenegun Euskalduna jauregian.