Curriculum pilotazale bila
Auskalo gero, zer erantzun. Batetik, ez dakit nik pilotariren baten biografia idazteko pilotazalea izan behar ote den aldez aurretik. Nik, behintzat, ez dut uste inoren bizitza kontatzeko biografiatuaren lan-arloa bereziki maitatu beharrik dagoenik. Bestetik, inork ezagutzen al du 1940eko hamarkadan jaiotako euskal semerik pilotan nabarmen aritua ez denik? Eta, amaitzeko, besterik ezean ere, gaur egun frontoira joan beharrik al dago ba, inoiz baino pilota-partida gehiago ikusteko?
Badirudi egungo gazteria ezer gutxi aritu izaten dela pilotan. Edozenbat kirol-motatan jarduteko aukerarik ez da gaur egun falta eta, segurutik, pilota ez da inondik ere gozoena eta erosoena. Baina gure gazte denboran futbola, pilota eta mendia besterik ez genuen; esku-baloia ez zen Eibarren agertu hirurogeigarren hamarkada arte. Eta saski-baloia, zer zenik ere, Harlem Globetrotters zirku amerikarra edo izan ezik.
Gure jaiegunetako plana mendira joatea izaten zen, gaina hartu eta… futbolean edo pilotan egiten jarraitzeko, hain zuzen ere. Estixan eta Urkin, futbolean, eta Arrate, berriz, pilotan. Eta, Eibarren geratuez gero, Txantxa-zelaira. Frontoi Zaharrean pilotan eta atzekaldeko “kanpan”, futbolean.
Pilotan jokatu ez ezik, pilotak ere guk geuk egin egiten genituen (gomazko ardatza, artilez inguratu, jostorratzez josi eta esparatrapuz estali), Maria Hospittalenean saltzen zirenak guretzat baino garestiagoak ziren-eta.
Baztandarren artean irabazi
Eta baita zuriz jantzi ere, nire kasuan ezustean izan arren eta batere meriturik gabe, gainera. Oker ez banago 1963ko udaberria izan zen, Oronozko ikastetxean. Anaia Segundo berriztarraren eraginez “Pilota Eguna" ospatu ohi zen urtero eta Baztango Pilota Txapelketak jokatu. Maila dezenteko txapelketak, besteak beste, Etxalarko Vergara anaiak (Marcelino eta Salva) ere bertan aritu baitziren.
Oronozko Ikastetxeak nerabe-mailako bikotea aurkeztu izaten zuen txapelketan parte hartzeko. Oker ez banago Juan Mari Arizaga plaentxiarrak eta Mikel Larrañaga eibartarrak (hamasei urte geroago gure alkate izango zena) osatu zuten urte hartan bikote ofiziala eta ni, berriz, erreserba gisa, inondik ere jokatzeko asmorik gabe, txapelketaren barne-arauak betetzeko baino ez. Ustekabean, ordea, Mikel gaixotu eta nik atera behar izan nuen zuriz jantzita, estreinako jantzi ere. Eskerrak gero, Juan Mariren maisutasuna nabarmen nagusitu zela, ezker-eskuinez, aurrera eta atzera aritu ostean hogeita bi tantuok berak egin baitzituen eta, horretara, biok elkarrekin irabazi.
Partida amaitu ostean, pozarren, Mikelen gelara joan (omen) nintzen izerditan blai eta, harro asko, urbitsetan. Eta ohean gripeak jota zetzan gizajoari bota (omen) nion: “Irabazi ein juagu!”.
Mikel Larrañaga eta biok, Dantxarinean, 1963ko udaberrian
*Omen, diot, ni ez naiz-eta gogoratzen. Mikelek berak, ostera, bart iluntzean gertatu izan balitz bezala du gogoan.
Zer arraio dakite gaurko pilota kazetariek benetako zaletasunaz?