Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enpresari, herrigile

Enpresari, herrigile

Amatiño 2014/01/12 23:05
Hona non lanpostuak sortu beharra bihurtu zaigun behineneko aldarri eta helburu. Azken bospasei hamarkadotan industria joririk izan duten hainbat eskualdetan eten gabe ari dira enpresak ixten eta lanpostuak murrizten. Segurutik krisialdia amaituko da inoiz, eta datu makroekonomikoak itxuratuko dira halakoren batean. Baina honek ez du esangura sektore, enpresa eta lanpostu berriak sortuko direnik. Eta, gainera, sortzekotan… nork sortuko?

Mundu guztiak aho batez aldarrikatzen du lanpostu berriak eragin beharra, baina inork ez du esaten nork eragin beharko dituen. Galdera honi lotsarik, espanturik eta eufemismorik gabe erantzuten ez diogun artean ez gara, zulotik ateratzeko, lehen harria jartzen ere hasiko.

Edozein gizarte lehiakorretan lanpostuak sortarazten dituzten bakarrak enpresak dira, eta enpresak indarrean jarri ditzaketen bakarrak enpresariak. Gainerako guztiak ipuinak dira, arrandiak, esne- berbak, euli-kakak, tutuluko estratak…

Baina enpresariak ez dira berez jaiotzen, ez bat-batean ernaltzen, ez besterik gabe eskolan hezten, ez herriko plazan ustekabean loratzen. Enpresariak gizarteak ongarritutako gatzagitan mamitzen dira. Eta euskal gizarteak 1970eko hamarkadatik aurrera erabaki zuen enpresari-ereitea ez zegoela bere lehentasunen artean.

Geroztik, Herri honetan, Herriaren izenean, enpresariak torturatu dira, oldartu eta erail. Enpresariak zirelako, hain zuzen ere. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Herri honetan, aberriaren izenean, “herrigintza” deitu izan zaio gau-eskoletan aritzeari, poemak idazteari, kale-borrokari edo, onerako zein txarrerako, beste edozenbat jarduerari. Baina ez dut sekula entzun edo irakurri, enpresak abian jartzea eta lanpostuak sortzea herrigintza izan daitekeenik.

Herri honetan, langileriaren izenean, porrot egin duen enpresaria inozo ergeltzat jo izan dugu eta arrakastatsua, berriz –sarri, sarriegi--, ustiatzaile maltzurtzat.

Herri honetan, ingurumenaren izenean, enpresariei exijitu izan zaizkie Europako legerik zorrotzenek ere eskatzen ez dituzten baldintzak eta betekizunak.

Herri honetan, gure zilborraren izenean, uste izan dugu munduan onenak garela eta, beranduegi konturatu, guk baino hobeto eta merkeago egiten duenik makinatxo bat dela hor zehar.

Bai, lanpostu berriak sortzeko, enpresa berriak sortu beharko dira, eta enpresa berriak sortzeko enpresari berriak eragin. Nago, ordea, ekonomia errealetik horren hurrun dagoen unibertsitateaz, zorrozkeriak jota dauden sindikatuez, hainbat katramilatan txirikordaturik diharduten politikoez eta, oro har, lehiakortasuna “besteei” dagokiela uste duen gizarteaz, nekez lortu ahal izango dugula aurrera ateratzeko behar izango dugun enpresari-belaunaldi berria.

jaime
jaime dio:
2014/01/13 16:01
Nire iritzi apalaz, ezin daiteke topa erradiografia zorrotz eta zehatzagorik azken hogeita hamar urteotan euskal enpresak nozitutako endekapen prozesua azaltzeko. Beste horrenbeste esan genezake, aipatutako prozesuan, garai haietako “Aberri salbatzaileen” prozedura tamalgarriek izan zuten zorigaiztoko eraginari buruzko aipuaz.
Zutabe ausart eta zuhurra; bere burua abertzaletzat duen askok, politika arloan zein herri mailan, irakur eta hausnar dezan. Espero dezagun beranduegi ez izatea!
Bejondeizula Amatiño jauna!
iñaki barandiaran
iñaki barandiaran dio:
2014/01/14 14:11
Bai horixe.poetaz eta euskaldunez mukuru dira kaleak!!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: