Beste kuku batek joko liguke
Erandioko Tamoin enpresak jaso zuen atzo, Somorrostroko Lanbide Eskolan, aurtengo Marcelo Gangoiti saria. 1956an sortua, ingeniaritza-enpresa honek 1.700 langile ditu eta, besteak beste, know-howa saltzen du Espainian, Portugalen, Alemanian, Erresuma Batuan, Irlandan, Polonian, Estatu Batuetan, Mexikon, Perun, Kolonbian, Bangladeshen eta Filipinetan, euskal hiritarrik gehienok horrelako altxorrik daukagunik ere ez jakin arren.
Antonio Barrenetxea zuzendari nagusiak Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiaren eskutik saria jaso ahala aditzera eman zuenez: “zenbaitek galdetu ohi digu zertan ari ote garen gaur egun honenbeste beharginekin, baina guk ondo dihardugu eta ondo konpontzen gara”. Segurutik ez da zuzendaritzaren meritua soilik izango.
Ekitaldia Iñigo Urkullu lehendakariak itxi bazuen eren, ETBko Ana Azpiri kazetariak Iñaki Perurena harrijasotzaile, aktore eta enpresaria elkarrizketatu zuen ohorezko gonbidatu gisa. Plaza-gizona da gero gure Iñaki, bazterrak limurtzen dakitenetakoa. Herri honek, oro har, leitzarraren besteko zentzurik, jakinduriarik eta jarrerarik balu, beste kuku batek egingo liguke kuku.
Ana Azpiri eta Iñaki Perurena