“Ameslariak” kanta-taldeak 50 urte
Orain ulergaitz samar iruditu arren, batez ere igande-goizetan kantatu izaten zuten. Goizeko hamaiketako meza ostean Karmeldarren elizaren atarian bildu, Agiñazpinetik hasi eta, tabernarik taberna, goialderantz abiatu izaten ziren kanta-kantari. Iganderoko plana. Hamabostean behin Ipuruaraino heltzen ziren. Ez gehiago eta ez gutxiago.
Zenbait ospakizunetan kantatzeko ere deitu izaten zituzten. Esaterako, 1966ko apirilaren 24an, Arraten, “Goi Argi” emakume-elkarteak Indalecio Ojangureni (“Kajoitxu”) eskaini zion omenaldian.
Iñaki Sarasua (Eibar, 1946), Antonio Sarasuaren semea eta Ramon Sarasuaren iloba. Denak ere, "Organistanekuak". Juan Bautista Gisasola izan zen Iñakiren amamaren anaia. Gaur egun, berriz, Iñaki bera da Antxon Sarasuaren aita eta "gure" Asier Sarasuaren osaba.
Arrateko arkupe-sarreran, 1966ko apirilaren 24an. Atzea ematen, zuzendari-lanetan, Iñaki Sarasua. Aurrez aurre, berriz, garai hartako edozenbat aurpegi, zein baino zein ezagunagoak (Plazaola argazkia).
Ezkerretik eskuinera, Aitor Errazti, Juan Antonio Iñarrairaegi "Oxido", Mikel Larrañaga (13 urte geroago alkate izango zena) eta Patxi Zabaleta (1988an ETAk erail zuena).