Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Antxon Sarasua, “Organistanekua”

Antxon Sarasua, “Organistanekua”

Amatiño 2013/12/31 21:40
Antxon Sarasua musikagilea Arrateko Ama Birjinaren altzokoa da, Arrateko eliza-barruko itsasontzian mundura jaioa. “Organistanekua”, Juan Bautista Gisasola (1886-1948) ereslariaren ilobaren biloba.
Antxon Sarasua, “Organistanekua”

Antxon Sarasua

Kantaldi polita, txukuna eta goxoa “Emeki Kantuz” ikuskizuna osatzen duen emakume-taldeak atzo eskaini ziguna, Donostiako Victoria Eugenia aretoan. Gustura atera zen jendea, 1960ko hamarkada baino lehenago jaiotako ikusentzuleak gehienbat eta, esan gabe doa, emakumeak nagusi.

Denetariko abestiak, hainbat estilo, molde, joera eta garaitakoak, beti ere emakumeen ezpainetan. Ikuskizun atsegina, emetasunaren aldarri eta azpimarragarri.

Pianoan, berriz, Antxon Sarasua musikagilea, aspaldi honetan eten gabe gorantza datorrena, konponitzen nahiz zuzentzen. Mundu guztiak zarauztartzat jotzen du Antxon baina, nik dakidanez behintzat, eibartarra da, Arrateko Ama Birjinaren altzopean jaioa. Eta ez naiz txokokerietan ari, Eibarko senitarterik musikazaleenetakoaren oinordekoa dela gogoratu gurarik baino.

Antxonen aitxitxa, Antonio Sarasua, Eibarko Orfeoiaren zuzendaria izan zen, Asier Sarasuaren lehengusua, beraz. Eta Asierren zein Antxonen birramana, berriz, nik neuk ezagutu nuen Gregoria Gisasola, “Organistanekua”*. Beronen anaia, Juan Bautista Gisasola (1885-1948), sekula Eibarrek eman duen konpositorerik onena eta, Escudero maisuari jaramonik egin badiogu, euskal ereslaririk bikainenetakoa.

Gogoratu dezagun Eibarko Musika Eskolari "Juan Bautista Gisasola" zaiola izena eta Ramon Sarasua dela La música en Eibar. Eibarko musikoak (Ego Ibarra, 1991) liburuaren egilea.

Antxon

"Emeki Kantuz". Ezkerretik eskuinera: Margarita Altolagirre, Maite Itoiz, Maddi eta Xelin Oihenart, Arantza Francesena, Miren Fernandez, Ines Osinaga, Amaia Zubiria, Miren Amuriza eta Maixa Lizarribar. Piano-jotzailea, Antxon Sarasua


* Gregoriaren eta Juan Bautistaren aita, Laureano Gisasola, Eibarko San Andres parrokiako organo-jotzailea izan zen. Horra, zergatik, "organistanekua" familiaren gaitzizena. Beste modu batez esanda, Antxonen aitxitxaren (Antonio) aitxitxa (Laureano) ere "teklalaria" izan zen.

miren
miren dio:
2014/01/02 08:10
Miren Fernandez da,ez Maite Fernandez
Ama berriz Arantza Francesena
Amatiño
Amatiño dio:
2014/01/03 00:13
Konponduta. Maiterena, nire lapsusa izan da. Amaren izenik ez nekien.

Barkatu eta eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: