Artxiboa Abendua 2008
Serafinen omenaldiko argazkixak
Juan zan asteburuan omenaldi berua eskeini zetsan Eibarko herrixak Serafini. Ekitaldi txikixa baiña politta. Uste dot danak ondo urten zebala. Omenaldixan ataratako argazkixak sareratu doguz.
Aurreko astietan iragarri genduan moduan, abenduaren 20an omenaldixa egin gentsan Serafin Basauriri. Eibarko Arrate Hotelian alkartu giñan 110 lagundik gora, Serafini eskerrak emoteko eta besarkada bana emoteko.
Leirek aittatu dittu ekitaldixan inguruko kontuak, eta Ibanek aittatu zeban lehenago Serafin zenbat maitte dogun guztiok. Wikipedian be gehittu dogu Serafinen biografixa laburra (ia guztion artian borobiltzen dogun). Euskal Herriko Ahotsak proiekturako be egin gentsazen elkarrizketa batzuk (hor be, ia laster ipintzen doguzen entzutzeko moduan).
Nere aldetik, berba gitxi, ekitaldixan moduan. Erretrato batzuk, hori bai. Hamentxe bat, eta beste guztiak Flickerren (zeinek lagunduko desta izen-abizenak ipintzen? :-) ).
Alabak erdaraz egiten dit. Zer egin behar dut?
Maddi oraintxe hasi da gaztelaniaz hitz egiten. Orain arte bizpahiru berba bakarrik ezagutzen zituen, baina orain egun erdia pasatzen dut gaztelaniaz berba egiten. Baita niri ere, eta ez dakit zer egin.
Maddik bost urte bete zituen udan. Ordura arte zeozertxo aitzen zuen erdaraz, eta hitzen batzuk ere esaten zituen, baina ezer gutxi. Lotsatia izanik, gainera, ixil-ixilik geratzen zen erdaldunen aurrean. Baina irailetik hona hasi da lehenengo hitzak eta esaldiak esaten. Egia esan, hain denbora gutxian izateko, polito ikasi du gaztelania. Azentu barregarriarekin, baina ondo moldatzen da.
Hizkuntza berria da beretzat, egoera berriak sortu zaizkio eta poz-pozik dago bere aukera berri horiekin. Grazia ere egiten dio, gainera. Askotan, gaztelaniaz hitz egitera ere jolasten dute lagunen artean.
Lagunen artean ez ezik, etxean ere erdaraz hitz egiten hasi da. Eta ez dakit zer egin. Oraindik ere euskaraz egiten du gehienbat (askogatik), baina gaztelaniak erabat txundituta dauka.
Badakit pasako zaiola, baina bitartean, zer egin behar dut?
- Ezer ez esan eta haria jarraitu? (gehienetan egiten dudana)
- Euskaraz egiteko esan? (batzuetan, aguantatu ezin, eta botatzen diot, bai, purrustadaren bat)
- Kontzientziazio kanpaina. Kantuak dioen moduan, "gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak". Lan hori egin beharra dago? Nik ez dut gogoratzen horrelakorik etxean. Beharbada aitxitxa bien aldetik, baina ez gurasoen aldetik. Beharrezkoa da? Zer eta nola?
Badakit horren inguruko hainbat ikerketa eta hitzaldi antolatuko zirela. Eta txostenak ere ehundaka, seguru. Ni neu jakin ezta zer egin nago; edo, hobeto esanda, zain. Zain nago, ea datozen asteotan zer gertatzen den. Egoera interesgarria da. Soziolinguistika domestikoa.
Egun batzuk Soban (Cantabria)
Joan zen asteburuko zubitxoa aprobetxatuta, bi egun pasa genituen Soban, Cantabrian, lagun batzuen etxean. Leku zoragarria eta konpañia hobea. Cantabriako herririk handienetakoa da Soba, baina 1.500 biztanle eskas bizi dira bere lurretan. Natura nonahi. Merezi du.
Cantabriako hirugarren herririk handiena da Soba. 214,7 km² ditu (Eibarrek adina 10) eta 1.450 biztanle, 27 auzo txikitan banatuta. Auzoak eta etxetxoak han-hemen, eta gainontzeko guztia mendi, baso eta erreka. Ezaguna da bertan dauden pagadi eta harizti zabalengatik eta, batez ere, Asón eta Gándara erreken sorleku delako. Lehenengoa kareaitzetik salto eginez bistaratzen da; bigarrenak ere urjauzi ederra sortzen du Quintana auzo ondoan.
Jon Anderrek eta Blancak orain dela 3 urte ezagutu zuten ingurua. Gustatu, eta etxetxo bat erosi zuten Bustancillés auzoan, 20 biztanle dituen auzoan. Etxe ederra dute eta gustura joaten gara asteburupasa. Zoragarri zaintzen gaituzte beti. Eta umeak ere pozik.
Domekan Quintana eta Asón inguruan ibili ginen eta Gandarako urjauziak ikustera ere joan ginen. Azken asteetako eurien ondorioz, ikusgarri zeuden.
Astelehenean La Sía mendatera igo genuen, elur bila, eta baita aurkitu ere. Hantxe ibili ginen, Ikeako plastiko baten gainean txirrist egiten, maldan behera. Inuit bat ere aurkitu genuen.
Geloren baserrira ere joan ginen, behiak ikustera. Gelok eta emazteak kontatu ziguten nola aldatu den bailarako bizimodua azken 50 urteetan, nola bizi ziren umetan mendian behi eta ardiak zaintzen, nola ezagutu dituzten otsoak euren lurretan, nola ikusi duten herria husten eta bizimodua aldatzen, nola saltzen duten esnea orain dela 20 urteko prezio berean, nola ez ziren sekula santan beste inora joango bizi izatera... Pentsatu nuen leku aproposa dela Ahotsak proiekturako grabazioak egiteko. Leku birjina, oraindik; ez luzerako.
Laredotik 40 minutu eskasera dago, Cantabriak, Bizkaiak eta Burgosek bat egiten duten hirutxurrean. Mendizale bazara, merezi du osteratxo bat ematea.
Idazten be hasi gara
Gure Maddi Rotermeyer papel eta boligrafo artian dabil egun guztian. Andereñotara jolasian, irakortzen, idazten... oingoz hizki haundiz, baiña txikixekin be hasi gara.
Mikel Laboaren abestiekin kantu-afaria Soraluzen
Pil-pilean elkarteko lagunek antolatuta, kantu-afaria izango da datorren igandean Soraluzen, San Andres auzoko elkartean. Mikel Laboaren abestiek girotuko dute gaua.
Azkenaldian omenaldiak besterik ez ditut mintzagai: Serafinena, Fernandona... Oraingo honetan, beste bat, Mikel Laboana, Soraluzen.
Datorren domekan, hilak 7, kantu-afaria (eta tertulia) egingo dute Plaentzian, Laboaren sorkuntza oinarri
hartuta, Mikeli omenaldi xumea egiteko. Orokorrean, bere hitzak,
doinuak, bere bizitza, sorkuntza, azken egunetan entzundako
komentarioen gainean talde gogoeta egingo dute, eta zela ez,
bere kantuak abestuko. Musika tresnak eramango ditugu.
Zaharrenek
bere kontzertuen inguruko kontuak kontatuko dituzte, Ez Dok Hamairuko
bideoren bat, agian. Eta imajinazioari ateak irekiko dizkiogu. Dena
libre. Hegoak hegaka.
Herriko kantuzale guztiei zabaldu diete gonbidapena, baita Soraluzekoa ez den edonorri. Eibartik autobusa antolatzen bada, ni neu ere ahaleginduko naiz joaten. Soraluzen, domekan iluntzeko 8etan San Andres elkartean. Joateko asmoa badaukazu, baina, deitu Pil-pilean Euskara Elkartera 943751304 (edo koordinazioa@pilpilean.com).
Asturies
Abuztuan 12 egun igaro ditugu Asturias aldean, kanpinean. Hauxe izan da umeekin kanpinean egin dugun lehenengo irteera; oso ondo moldatu gara. Alde horretatik, oso pozik. Eta Asturiasen ikusi eta gozatu dugunagatik, zer esanik ez. Itzuliko gara.
Asturias ez genuen ezagutzen. Urtero joatekotan, baina beti zeozer. Aurten, azkenean, animatu egin gara eta abuztuko 2. eta 3. asteak Asturias aldean igaro ditugu. Gure hasierako asmoa zen alde batetik bestera ibiltzea, baina umeak kontuan izanda, Ribadesellako kanpinean jarri dugu kanpamentua eta ez dugu mugitu. Kanpin egokia, Sebreño auzoan dagoena. Neurri egokia, garbia, umeentzako jarduerak, taberna txukuna eta igerileku ona.
Sebreñotik abiatuta, 40-50 minutura izan dugu Asturias erdia, gutxi gora-behera (Llanesetik hasi eta Gijon ingururako guztia). Abiapuntu egokia pentsatu zaigu. Euri pixkat egin digu (6-7 egunetan, barrena), baina egunero egin ahal izan dugu planen bat. Mendia, kostaldea, hondartzak, hiriburuak, ermitak, erromanikoa, sagardoa, jatekoa... dena gustatu zaigu.
Hementxe laburpen txiki bat.
Egun bat hiriburuan igaro genuen, Oviedon. Hiri polita da, parte zaharra, behintzat. Txikitxoa, baina goxoa eta pasiada bat emateko ederra. Jan ere gustora egin genuen, taberna txiki batean.
Santa Maria del Naranco ere ikusi dugu, nola ez. Jende lartxo, baina ederra. Ingurua ere zaindua.
Mendian ez gara larregi ibili, baina ikusitakoa asko gustatu zaigu. Enol ingurua ezin ederragoa da (nahiz eta jendez gainezka egon). Autobusez igo ginen (abuztuan ezin da kotxez igo), eta izugarri disfrutatu genuen. Umeekin joateko toki aproposa da. Eta Bulnes ere ezagutu genuen. Dirutza ordaindu behar da bertara joateko (funikularrez igotzeko), baina merezi duela uste dut. Garai turistikoenetan goiz ibili behar da funikularrean tokia hartzeko; kontuan izan. Gu berandu samar ibili ginen, baina egunpasa polita igaro genuen, Bulnesen bertan eta inguruko mendietan. Gainera, Sotres-era ere joan ginen. Hori ere herritxo polita.
Kostaldeari dagokionez, batez ere Llanes-Ribadesella bitartekoa ezagutu dugu. Oso ederra, gomendagarria, guztiz. Ikusitako hondartzen artean:
- Caraviako Arenal de Moris eta Playa de Vega. Ederrak, baina itsaso gogorregia, gure gusturako.
- Cuevas del Mar (Cuevasen). Ikusgarria. Inguruko kostaldean ibililaldia ere egin genuen. Zoragarria. Txiringito polita alboan; merke eta ondo bazkaldu genuen.
- Naves auzo ondoan San Antolin dago. Hondartza ederra da, eta gainera, errepide ondo-ondoan dago eta zabala da. Eta alboan, Gulpiyuri hondartza ezaguna dago. 50 metro eskas dituen hondartza, baina ezagutu beharrekoa: ez dago kostaldean, itsasotik 100 metrora baizik, behiz eta traktorez betetako zelai baten erdian. Itsasoa lur azpitik sartzen da eta ipuinetako hondartza sortzen du belartza erdian (argazkian ikusten den "zulo" horretan dago). Joan aurretik, mareak begiratu behar dira, goi-goian dagoenean hondartza ia-ia desagertu egiten delako.
- Mendebalderago, Naves eta Niembro artean, beste 2 hondartza zoragarri daude: Toranda eta Torimbia (nudista) daude. Biak ere polit-politak. Eta hurrengo auzoan ere, Barron bertan, 2-3 hondartza txiki daude.
Berriro ere itzuliko gara. Seguru.
Oharra: mezu hau abenduan argitaratu dut, baina abuztuko fetxa jarrita. Idaztekotan, idaztekoan... eta 3 hilabete igaro zaizkit :-)

