Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Alabak erdaraz egiten dit. Zer egin behar dut?

Alabak erdaraz egiten dit. Zer egin behar dut?

Asier Sarasua 2008/12/15 22:20
Maddi oraintxe hasi da gaztelaniaz hitz egiten. Orain arte bizpahiru berba bakarrik ezagutzen zituen, baina orain egun erdia pasatzen dut gaztelaniaz berba egiten. Baita niri ere, eta ez dakit zer egin.

Maddik bost urte bete zituen udan. Ordura arte zeozertxo aitzen zuen erdaraz, eta hitzen batzuk ere esaten zituen, baina ezer gutxi. Lotsatia izanik, gainera, ixil-ixilik geratzen zen erdaldunen aurrean. Baina irailetik hona hasi da lehenengo hitzak eta esaldiak esaten. Egia esan, hain denbora gutxian izateko, polito ikasi du gaztelania. Azentu barregarriarekin, baina ondo moldatzen da.

Hizkuntza berria da beretzat, egoera berriak sortu zaizkio eta poz-pozik dago bere aukera berri horiekin. Grazia ere egiten dio, gainera. Askotan, gaztelaniaz hitz egitera ere jolasten dute lagunen artean.

Lagunen artean ez ezik, etxean ere erdaraz hitz egiten hasi da. Eta ez dakit zer egin. Oraindik ere euskaraz egiten du gehienbat (askogatik), baina gaztelaniak erabat txundituta dauka.

Badakit pasako zaiola, baina bitartean, zer egin behar dut?

  • Ezer ez esan eta haria jarraitu? (gehienetan egiten dudana)
  • Euskaraz egiteko esan? (batzuetan, aguantatu ezin, eta botatzen diot, bai, purrustadaren bat)
  • Kontzientziazio kanpaina. Kantuak dioen moduan, "gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak". Lan hori egin beharra dago? Nik ez dut gogoratzen horrelakorik etxean. Beharbada aitxitxa bien aldetik, baina ez gurasoen aldetik. Beharrezkoa da? Zer eta nola?

Badakit horren inguruko hainbat ikerketa eta hitzaldi antolatuko zirela. Eta txostenak ere ehundaka, seguru. Ni neu jakin ezta zer egin nago; edo, hobeto esanda, zain. Zain nago, ea datozen asteotan zer gertatzen den. Egoera interesgarria da. Soziolinguistika domestikoa.

 

 

etiketak:
Josu
Josu dio:
2008/12/16 13:37

Ez dakit zein adinetan hasi nintzen gurasoekin gazteleraz egiten. Txikitan euskaraz egiten zidaten, baina konturatu nintzen ez zela eurei berez ateratzen zitzaien hizkuntza, eta hurbilagoa ikusten nuen harremana gazteleraz. Anaiarekin, baina, beti egin dut euskaraz. Adin horretatik, batzuetan erdarara jotzen du. Batzuetan erdaraz jarraitzen diot baina gehienetan euskarara itzultzen naiz, gure arteko harremana euskarazkoa baita niretzat. Eta berak haria jarraitzen dit, gero. Nik ez nuke alaba eskaraz egitera behartuko, beste barik saiatuko nintzateke (esanaz baino, eginaz) zuen arteko harreman naturala euskaraz dela. Eta insistitzen badu... ba ez dakit, galdetu ea zergaitik egiten duen... Baina seme-alabarik ez dut izan eta nik ez dut esperto-txostenik egin...

Patxi
Patxi dio:
2008/12/16 02:26

Pasako zaio noski. Nobedadea, jakinmina... Oso gauza naturala, eta osasungarria. Guk parre asko egiten degu, alkarren erdera kaxkarraren kontura. Askoz bildurgarriagoa da nerabezaroa. Neri laister tokatzen zait eta, kontatuko dizut nere esperientzia. Bide batez, Asier, ze argazki ederrak Cantabriakoak!

Inaxio Usarralde
Inaxio Usarralde dio:
2008/12/16 13:47

Asier, ez naiz ni inor inori leziorik emateko baina ez dut uste oso larritzekoa denik. Neu ere guraso naiz eta haurrek edozer gauzekin jolas egiten dute. Baita hizkuntzekin ere! Bera jolasean ibiliko da jostailu berriarekin, deskubritu berri duen gaztelaniarekin. Nik uste, garbi eduki beharrekoa, geuk seme-alabei ematen diegun eredua dela. Ezaguna egingo zaizu haurrei zuzendutakoan euskaraz baina gurasoek euren artean gaztelaniaz berba egiten dutenen kasua... Hori bada kezkatzekoa, nire ustez. Bien bitartean, saiatu hizkuntza gauza dibertigarriekin lotzen eta etorriko da bera ostera. Bestela, errieta eginez gero pentsa zerekin lotzen hasiko den euskara eta hori ez da komeni inondik inora. Zerbaiterako balio badu...

Olaia
Olaia dio:
2008/12/16 12:12

Ni ez nintzateke askorik arduratuko. Alabeak deskubridu egin dau beste hizkuntza bat berba egiteko gai dala, eta irakaspen horrezaz gurasoak harro egotea gura dauala uste dot nik. Ingelesez edo frantsesez berba batzuk esateko gai danean be, beharbada bardin egingo dau...Azkenean etxean egiten dana euskerea bada, hori izango da beretzat oinarria. Azken finean, beste hizkuntza bat da, ez?

Mikel L
Mikel L dio:
2008/12/16 02:03

Akaso azkenaldixan telebistan gazteleraz gehixao ikusten dau? Euskara erakargarria izan behar da. Nik ez nioke errietarik egingo, bestela ez dau euskara gauza positiboekin lotuko. Gehixao joko nuke euskara gauza dibertigarri eta erakargarrixekin lotzera. Berari gehixen gustatzen jakozen gauzak euskaraz eittia. Ta tartian be ipuin edarrak euskaraz kontatzia, ez dakit. Baina errietarik ez.

oier
oier dio:
2008/12/16 11:57

Izarrek lau urte bete berri ditu eta halaxe dabil asteotan ere bai. Hori bai, gazteleraz apenas daki ezer, baina dakizkien lau-bost esaldiak etengabe botatzen ditu. "¡No quiere!" ("quiero" esan nahi du"), "¡Tu no!", "Es mio", "No, No", "Si, Si". Hasieran niri ere barregura ematen zidan, baina momentu batean kezkatzekoa ote den pentsatzen hasi naiz. Argi dut ikastolan ikasten duela gazteleraz. Handik ekartzen ditu hitz berriak. Gelan hainbat ikaskide ditu euskara eskolan bakarrik entzuten dutenak eta haiek gaztelerarako joera dute. Nire beldurra hauxe da. 4 urterekin ohartuko al zen euskara andereñoaren eta gurasoen hizkuntza formala dela eta gaztelera berriz ikaskideen hizkuntza bizi eta espresiboa? Gaztelerazko esaldi apur horiek indar handiz botatzen ditu eta bere ere izugarri gustora geratzen da. Euskaraz ondo egiten du, baina euskaraz ez du indar hori lortzen. Hau pasadizo bat izango balitz barre egingo nuke, baina beldur naiz hasiera baino ez dela...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blogeko gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz