Mikel Laboaren abestiekin kantu-afaria Soraluzen
Azkenaldian omenaldiak besterik ez ditut mintzagai: Serafinena, Fernandona... Oraingo honetan, beste bat, Mikel Laboana, Soraluzen.
Datorren domekan, hilak 7, kantu-afaria (eta tertulia) egingo dute Plaentzian, Laboaren sorkuntza oinarri
hartuta, Mikeli omenaldi xumea egiteko. Orokorrean, bere hitzak,
doinuak, bere bizitza, sorkuntza, azken egunetan entzundako
komentarioen gainean talde gogoeta egingo dute, eta zela ez,
bere kantuak abestuko. Musika tresnak eramango ditugu.
Zaharrenek
bere kontzertuen inguruko kontuak kontatuko dituzte, Ez Dok Hamairuko
bideoren bat, agian. Eta imajinazioari ateak irekiko dizkiogu. Dena
libre. Hegoak hegaka.
Herriko kantuzale guztiei zabaldu diete gonbidapena, baita Soraluzekoa ez den edonorri. Eibartik autobusa antolatzen bada, ni neu ere ahaleginduko naiz joaten. Soraluzen, domekan iluntzeko 8etan San Andres elkartean. Joateko asmoa badaukazu, baina, deitu Pil-pilean Euskara Elkartera 943751304 (edo koordinazioa@pilpilean.com).