Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Barandiaranek, 125 urte

Barandiaranek, 125 urte

Amatiño 2014/12/31 18:10
Bai, 125 urte Jose Migel Barandiaran (1889-1991) Ataunen jaio zela, abenduaren 31an. Gazte-jendeari aspaldiko historia irudituko zaio baina gure aitonak 49 urte zituen Barandiaran jaio orduko eta Aranberrineko nire osaba-izebarik gehienak haren belaunaldikoak (edo zaharragoak) ziren. Oraindik orain, Sabino Arana ia-ia bart gauekoa da.
Barandiaranek, 125 urte

Donostia, 1934

Aurrez aurre ezagutu, 1972an ezagutu nuen nik Jose Migel Barandiaran, Bergarako Lanbide-Eskolan eman zuen hitzaldiaren inguruan. Geroztik, sarri samar izan nuen elkar ikusteko abagunerik, naizen hau kazetari gisa eta bera, artean, sasoiko (laurogeitak), han-hemenka ekinean.

Elkarrizketa luzea egiteko aukera ere izan nuen, 1979an. Jakintsua izateaz gainera, gizon atsegina, apala, lasaia eta barea zen. Baita, aldi berean, azkarra, bizkorra eta lasterra ere. Gazte-jendearekin ikaragarri ondo konpontzen zen, nahiz bere ohiko salaketatxoa beti ezpainetan izan: “Oraingo gazteek zaharrok baino gehiago omen dakite… Beharko jakin, gure bizkar gainean altxata baitaude eta, ondorioz, ikuspegi hobea dute-eta”.

Inor gutxik dakien arren, egungo euskal enpresa-komunikazioaz prestigiorik gehien duen kazetaria, Virginia Knörr Barandiaran, Don Jose Migel zenaren “bir-iloba” (anaiaren biloba) da. Barandiaranek, Gasteizen bizi izan zen hogeitaka urte luzetan, Luis Knörr (KAS) eta Maritere Barandiaran senar-emazteen familiaren baitan igaro izan zuen Gabon-gaua, baita afalostean gauerdiko meza Jose Migelek berak urtero eman ere.

Virginiak berak inoiz emozio handiz adierazi izan didanez, “aitona” Jose Migel (ez baitu benetako aitonarik ezagutu) zeharo erakargarria zen, etengabeko ipuinak, istorioak eta gertaerak kontatzen zizkien, zein baino zein magikoagoak eta liluragarriagoak, eta denak aho zabalik egoten omen ziren osaba-aitajaunak zer esango.

Anekdota gisa, Gasteizko eskola-neskamutilak joan omen ziren behin Santimamiñeko leizezuloa bisitatzera eta gidariak, behin eta berriz, Jose Migel Barandiaran gora eta Jose Migel Barandiaran behera aipatu baino ez zuenez egiten, Virginia ausartu omen zen esatera: “Nire osaba da”. Eta gidariak, berriz, uzkur samar, “nola izango da ba zure osaba, zuek ez zarete ba gasteiztarrak… Barandiaran ataundarra da, beraz, ezin da zure osaba izan”. Eta gure neskatoa, isil-isilik, makur-makur, lotsa-lotsa eginda… etxera, amari kontatzera.

Virginia

Virginia Knörr eta Jose Migel Barandiaran, 1970an.

Jose M. Barandiaran. Bergaran, 1972

Bergarako Lanbide-Eskolan, 1972an. Orduan egin zizkidan aurrenengo adierazpenak.

Jesus Altuna, JM. Barandiaran. Bilbo, 1975

Jesus Altuna, Barandiaranen eskutik jasotzen "Zilarrezko Lauburua" (Bilbo, 1975).

Amatiñorekin Ataunen

Bere etxe aurrean (Ataun, 1979), 90 urte kunplitu baino hilabete lehenago. Hamabi urte geroago hil zen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: