Barandiaranek, 125 urte
Aurrez aurre ezagutu, 1972an ezagutu nuen nik Jose Migel Barandiaran, Bergarako Lanbide-Eskolan eman zuen hitzaldiaren inguruan. Geroztik, sarri samar izan nuen elkar ikusteko abagunerik, naizen hau kazetari gisa eta bera, artean, sasoiko (laurogeitak), han-hemenka ekinean.
Elkarrizketa luzea egiteko aukera ere izan nuen, 1979an. Jakintsua izateaz gainera, gizon atsegina, apala, lasaia eta barea zen. Baita, aldi berean, azkarra, bizkorra eta lasterra ere. Gazte-jendearekin ikaragarri ondo konpontzen zen, nahiz bere ohiko salaketatxoa beti ezpainetan izan: “Oraingo gazteek zaharrok baino gehiago omen dakite… Beharko jakin, gure bizkar gainean altxata baitaude eta, ondorioz, ikuspegi hobea dute-eta”.
Inor gutxik dakien arren, egungo euskal enpresa-komunikazioaz prestigiorik gehien duen kazetaria, Virginia Knörr Barandiaran, Don Jose Migel zenaren “bir-iloba” (anaiaren biloba) da. Barandiaranek, Gasteizen bizi izan zen hogeitaka urte luzetan, Luis Knörr (KAS) eta Maritere Barandiaran senar-emazteen familiaren baitan igaro izan zuen Gabon-gaua, baita afalostean gauerdiko meza Jose Migelek berak urtero eman ere.
Virginiak berak inoiz emozio handiz adierazi izan didanez, “aitona” Jose Migel (ez baitu benetako aitonarik ezagutu) zeharo erakargarria zen, etengabeko ipuinak, istorioak eta gertaerak kontatzen zizkien, zein baino zein magikoagoak eta liluragarriagoak, eta denak aho zabalik egoten omen ziren osaba-aitajaunak zer esango.
Anekdota gisa, Gasteizko eskola-neskamutilak joan omen ziren behin Santimamiñeko leizezuloa bisitatzera eta gidariak, behin eta berriz, Jose Migel Barandiaran gora eta Jose Migel Barandiaran behera aipatu baino ez zuenez egiten, Virginia ausartu omen zen esatera: “Nire osaba da”. Eta gidariak, berriz, uzkur samar, “nola izango da ba zure osaba, zuek ez zarete ba gasteiztarrak… Barandiaran ataundarra da, beraz, ezin da zure osaba izan”. Eta gure neskatoa, isil-isilik, makur-makur, lotsa-lotsa eginda… etxera, amari kontatzera.
Virginia Knörr eta Jose Migel Barandiaran, 1970an.
Bergarako Lanbide-Eskolan, 1972an. Orduan egin zizkidan aurrenengo adierazpenak.
Jesus Altuna, Barandiaranen eskutik jasotzen "Zilarrezko Lauburua" (Bilbo, 1975).
Bere etxe aurrean (Ataun, 1979), 90 urte kunplitu baino hilabete lehenago. Hamabi urte geroago hil zen.