Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezin, gero, bizi ez dena ikasi

Ezin, gero, bizi ez dena ikasi

Amatiño 2011/12/07 22:00
Joxe Migel Barandiaranek esana: “Ez duzu sekula ikasiko, zerorrek bizi ez baduzu”. Behar bada hori da egungo ajerik larrienetakoa. Bertatik bertara bizi izateke nahi dugula dena ziztu bizian ikasi.

Jesus Altuna Iratxe Murga500

Jesus Altuna KM aretoan hizlari, Barandiaran Fundazioko Iratxe Murgaren laguntzaz

Egunotan, Aranzadi Zientzia Elkartearen erakusketa zein Barandiaran Fundazioak eratutako hitzaldiak tarteko, berriro ere aukera izan dugu 1889an Ataun San Gregorion jaio eta orain hogei urte bertan hil zen gizon txiki handi hura gogorarazteko.

Elkarrizketaren baten inguruan edo, Joxe Migel Barandiaranek berak kontatu zidan, mutikotan eskolan ari zela ezer gutxi zekiela erdaraz, nahiz Peñas Arriba (José María Pereda, 1895) nobelaren testu osoak buruz ikasi beharrik izan, zer zioen ere batere ulertu gabe. Eta ez pentsa anekdota kontatzearekin lasaitu zenik, ez, bat-batean  errezitatu ere egin zizkidan laurogei urte inguru aurretik eskolan buruz ikasitako esaldi luzeok. Bai buruz ikasi eta buruan irarri gero!

Mutikotan gaztelaniaz ez zekien Barandiaran gazteak 24 urte baino ez zituen, ordea, herrien psikologiaz ikastera Leipzig-a joan zenean. Alemanian nola konpondu ote zen galdetu eta, zera erantzun zidan, gauzarik normalena bailitzan: “Ez zitzaidan zailegi gertatu, hitz teknikoak hizkuntza guztietan antzekoak baitira”.

Joxe Migel Barandiaranek berezko argitasuna zuenik ezin uka. Julio Caro Baroja eruditoak ere nabarmen asko azaldu zuen, Ataungo maisuari edozein leize-zulotan entzundakoa Madrilgo unibertsitateetan ikasi zitekeen baino baliagarriagoa zela.

Lehen aurkikuntzarik erakabigarrienetakoa 1916an egin zuen, 27 urte zituela. Aralarren gertatu zen, ezustean harrespil gainean atseden hartzeko eseri eta, inguratu zitzaion hamahiru-hamalu urteko mutikoak jentilen hilobi gainean zegoela arrunt asko esan zionean.  Adin horretako gaztetxoek hainbat euskarri digitaletan dihardute egun. Orain ehun urtekoak, ostera, jentilen azken lekukoak ziren. Ordukoak zein oraingoak naturaltasun berberaz.

Barandiaranek esana da: “Ez duzu sekula ikasiko, zerorrek bizi ez baduzu”. Behar bada hori da egungo ajerik larrienetakoa. Bertatik bertara bizi izateke nahi dugula dena ziztu bizian ikasi.  

 

 

  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: