Immanentzia. Familia eta unibertsoa.
"Pasaia Blues"en bere baitara dago guztia bildua, immanentzia du jokaleku. Espainia haraindian geldituko da. Blogeko atal honetan azterturiko beste eleberrietan ez bezala, polizia espainolaren agerpenak esate baterako munta eskasagokoak dira Ertzaintzarenak baino. "Pasaia Blues"eko polizia Ertzaintza da. Roberto Boaza ertzain komisarioak hilko du torturaz Koldo, Olatzen neba. Guztia ageri da barrurantz tolesturik. Transzendentziaren Maisurik Handiena, Platon, zakur bilakatuko du Canok, eta hil egingo du, eta, "Sokrates" zakurrarekin batera, kobazulo baten barruan ezkutatuko du. Ametsak ere, lokamutsak, itxitoki itogarrietan gertatuko dira: zinean eta espetxean lehenbizikoa, sukalde traidorean bigarrena, Hildako Ekibokatuarenean hirugarrena. Izerdia dugu, erredura, errautsa.
Bestalde, Saizarbitoriaren etakideen ametsek eta eldarnioek ama, aita, bikotekidea, maitasuna, jelosia eta antzekoak dituzte gai nagusi, hau da, neurotikoei dagozkienak; Canorenak berriz eskizofrenikoagoak dira: zulo beltzak, Baltimoreko belea, betiereko itzulera, deabruaren irribarrea, unibertso handi harrigarria eta xomorro txiker harrigarria... Dena den, zulo beltzarena da ziur aski "Pasaia Blues"en metafora kosmologikorik erabiliena. Amaieran erakundea utziko duen Marta bereziki erakarriko dute zulo beltzetik azkeneko unean ihes egitea lortzen duten gamma izpiek.
Marta Olatz, Olatz Marta
“Pasaia Blues”en bada Olatz Marta bilakatzea eta Marta Olatz. Klaustrofobia larritzeaz gain, badute hiru ametsek bigarren eginkizun bat: hirurek erakutsiko dizkigute bilakaera horren sintomak eta aurrerapausoak.
Lehenbizikoan , Olatzena, ikusi bezala, honen aulkia supituki Martak beteko du eta Olatz, ordu arte aulkian ikusle pasibo izana, zinema aretoan, pantailan sartu eta protagonismoa hartuko du. Nobelan ere, Olatzek ahulagoa eta goxoagoa dirudi hasieran, baina bukaeran bera geldituko da erakundean, pipa gero eta aiseago hartuko du, Martak adina zigarreta erreko du. Bestalde, Patakirekin esna Olatzek joko duen arren larrua, bigarren ametsean ostera Martak egingo du, Marta artean gogor samar batek, amaieran Olatzengandik ikasiriko keinu lotsatia bereganatuko duena: sorbalda etengabe altxatu, barkamena eskatzen ariko balitz bezala.
Edozein gisaz, hirugarren ametsak erabakiko du Marta zakarraren bilakaera, Hildako Ekibokatuaren ametsak. Donostiako Egia auzoko etxean gizajo bati tiro egin beharko dio Martak.
Baina badute beren rola
Lehen begiratuan beraz Canorenek dirudite ametsik ametsenak, narrazioaren beharrari muzin garbiena egiten diotenak, kaotikoenak eta libreenak.
Arretaz aztertuz gero ordea nabari da badutela beren zentzua, amesgilearen egoeraren eta bilakaeraren zantzuak ematen dizkigutela, badutela eginbehar bat kontakizunean.
Aurrenik, tentsioa areagotzen dute. Marta eta Olatz etakideak Pasaiako etxebizitza batean daude, Olatzena. Ekintzara irten eta ezkutatu gero, bertatik bertara egiten dute. Badaramatzate zenbait hilabete itxitura horretan. Halako batean, beste etakide bat agertuko zaie, Pataki, zuzendaritzaren gutun bat dakarkiena. Gutunean, kontuz ibiltzeko gaztigua, sator bat baitabil. Aurrerantzean, Olatz, Marta ala Pataki, satorra nor ote den, horrek piztuko dio irakurleari jakinmina eta ezinegona, lehenbiziko irakurraldian bederen. Eta ametsek hain zuzen susmoak pertsonaia batengana edo bestearengana zuzenduko dizkigute, giro klaustrofobikoa larrituz.
Pasaia Blues
“Pasaia Blues”eko ametsen aldean, beste eleberrietakoek gehiago ematen dute amets interpretatuak amets gordinak baino. Ohiko ametsen antz handiena dutenak Canorenak dira. Bestalde, Irenek eta Laura Garatek ez bezala, “Pasaia Blues”eko Martak eta Olatzek ez dituzte beren ametsak gidatuko; bestelakoa da beren indarra, txatarrari eta zulo beltzei uztartua.
Ametsik babesgabeenak, iragazkirik gabekoenak, Atxagaren pertsonaiek egiten dituzte, Carlosek eta Irenek zehazki, hauek dira kanpotiko sentsazioen eragina ametseko irudietan gehien nabaritzen dutenak. Pertsonaiarik itxuraz autistenak, beren baitan bilduenak, sonanbuluenak dira paradoxaz mundutik datozen sentsazioei irekienak ametsetan.
Atxagak sentsazioetan jartzen badu arreta, loaldi bereko hautemateen eragina baldin bada erabakigarri, orainak eragiten baditu ametsaren irudiak (neurri batean, noski, eta beste idazleen ametsekin alderatuz: ikusi dugunez, gomutek eta igarpenek ere garrantzi handia dute Atxagaren ametsetan), Canok aldiz iraganari emango dio garrantzi gehiago, eta ez horrenbeste sentsazioei baizik ipuinei, gogoetei, irudikapenei. Canoren ametsetan Olatzek, Patakik eta Martak aurreko egunetan gogoan erabilitako irudiak poesia biolento batez elkarlotuko dira. Canorentzat iragana ez dugu atzean uzten, baizik alboan eta gainean daramagu gurekin batera.
Martak, Olatzek eta Patakik, egunez esna-esna dabiltzanez, Carlos ez bezala, kontzentratuagoak eta ametsagoak izango dituzte gero gauez ametsak, kontrolagaitzagoak, inoiz ez dira ohartuko amets barruan ametsetan dabiltzala, burutik ez zaie pasako beraz ametsa zuzentzea, luzatzea edo desegitea.
Olegario Makarrovski, atzemana. Ehiztariaren poza.
Bloga, bloga, marinela! idazten du.
Berehala hartu nion susmoa, Olegario Makarrovski-k ez zirudien bataio izena, baina, ziurtatu zigutenez geroztik, jakingurak jota, Barakaldoko izenaren bila, hainbat miraia eta amu jarri dizkiogu eta azkenik, ez oso berant, jin da pilota punperat: 2005 abuztuaren 24an, tapizaturiko gela ilun batean, harrapatu egin dugu.
Korapilatsua izan da erakartze lana, dietak gure sakelak ordaindu behar izan ditu, baina merezi izan du: badakigu nor den eta batez ere zer egiten duen.
Goioren ametsak
Baliteke literatura psikoanalisia baliatuz interpretatzea honez gero zaharkitua izatea, errazkeria bat, baina eske euskal idazleek egundoko probokazioak egiten dizkigute etengabe iruzkingileoi: Saizarbitoriaren aita maite gogor gogaikarria eta ama larderiatsu jasangaitza, Atxagaren aita ausentea (Carlos) edo urrun, hotz eta ulergaitza (Irene), edo faxista (David) eta ama goxo zentzuduna (Davidena bederen), Urretabizkaiaren aita ohoin (Amaren senarra) edo ergelak (Laurarena) eta Ama miretsi baina azken buruan Amegia...
Goiok hiru amets egingo ditu.
1-Bigarrenean, Goiok Tarjeri ebakuntza egin berri dio, balea batek ezkerreko eskuan hiru hatz ebaki baitizkio. Gauez Edna eta Goio Tarjeren alboan lo egiten ahaleginduko dira, baina Tarje ezin da geldirik egon, mina du. Azkenean Goio loak hartu eta ametsetan Ednak deitu diolakoan lasterka joango da harengana.
Baina esnaturikoan bertan aurkituko ditu Edna eta Tarje, seko lo.
Egunez eta esna Edna amorostuari kalabazak ematen ohi dizkio Goiok, baina bigarren amets honetan Ednaren deiari erantzun egingo dio. (267 or.)
Lehenbizikoa eta hirugarrena loturik daude.
2-Lehenbizikoan (100-101 orr.), Goiok, Murelaga berdean aittittez eta auzokoez inguraturik gerran txintxera izaniko zanga batean lokartu eta amets egingo du zaku batzuk ekarri dizkiotela. Baina ez da zakuak zabaltzen ausartuko, beldurrez, giza edo abere zatiak gordeko ote dituzten. Gainera, zakuak irekiz gero piztiaren batek eramateko arriskua ere bada.
Ametsean bertan Goiok gerra zibilaren oroitzapenen trumoia entzun gura ez badu ere, badaezpada gomuten zakua ireki nahi ez duen arren, bestela giza eta haragi zatiek ihes egingo baitute ziur aski anabasaz, hala ere lehen amets honek esnatu ondoren hainbat nahigabeko irudikapen piztuko dizkio, gerra zibilari lotuak.
Izagirrek, Atxagak, Saizarbitoriak eta Sarrionandiak gerra zibilaren eragina nabarituko dute ETAren izatean. Lehen amets honen ostean, Murelagako baserri inguruan egon baitzen frontea, Goio gazteari barru begiak behi bat erakutsiko dio, hilik, baserri hutsaren atartean, haragi zatiak falta dituela (103).
Gero, barru begiak amamaren astoa esne saltzetik bakar-bakarrik itzuli dela baserrira erakutsiko dio, "eta baserri hutsaren aurrean astoa arrantzaka, karroa eta uhalak soinetik inork askatzen ez zizkiola." (104)
3- Hirugarren ametsak (362-365 orr.) "Lagun izoztua" osoaren ardatza labur eta herri ipuinen hizkuntzaz jarriko digu. Liburuaren muinetako bat da Aitzpea Azkorbebeitiaren ustez. Lehenbizikoa ez bezala bakardadean egingo du Goiok, elurrez inguraturik, eta, hasiera batean zaila zirudien arren, batere arazorik gabe lortuko du, Murelagako zakua ez bezala, Lapur Handiaren zakua ireki eta barruko altxorra askatzea. Aita askatuko du besteak beste.
Goio "Gorria"ri deitura ez dio aita biologikoak eman, Dylan Thomasen lehengusu bat baitu aita biologiko; eta deitura eman zionaren hilobiari begira hasiko du Goio umeak nobela.
Gero ez du amaren laguna, Andres arrantzalea, onartuko; poste batera igota larrutan ikusiko ditu eta ikaratuta eroriko da. Edozein gisaz, iraganeko zatia Goio Swamseara aitaren bila doala amaituko da. Baina "Lagun izoztua" iceberg bat duzu, gordea zabalagoa du ageria baino. Ezkutuan, besteak beste, Goioren jarduera ETAn eta Goioren eta aitaren arteko topaketa.
Hirugarren ametsa eleberri osoak jorratuko duen ataka zailak biziko du.
Batetik izoztea: Goiori gorputza zatikatu zaio eta zatiak garai eta toki desberdinetan sakabanatuko zaizkio.
Bestetik Goiok aita galdu du, etxera itzuli nahi du, iglura, amarenera, baina ez daki non dagoen, galdurik da, Gauza Galduen Herrialdean harrapatuta.
Ametsean, Lapur Handiaren sarean katramilaturik aurkituko du aita. Harrigarriro, ez zaio batere zaila egingo aita askatu eta bien artean sarea itsasotik lehorrera atoian eta gero ama zain duten igluraino dandarrez eroatea. Bertan askatuko dituzte Lapur Handiak grina handirik gabe hertsirik zeuzkan otso zuriak, hontzak, amama inuit bat.
Amets eldarniotik erdi esnatuta, Murelagako amama agertuko zaio, esne saltzetik baserrira astoarekin batera itzultzerik izan ez zuena.
Ametsak aita aurkituz eta entzerraturikoa askatuz erdietsiko duen antzeko zerbait konponduko du "Lagun izoztua"k denboraren hariak sasian dabilen batek behar duen modu berezian josiz.
Martarena
Ametsa ote den, auskalo. Hala ere, hona hemen:
"Piztu argia eta ireki begiak. Baina ez eskuarki irekitzen dituzun bezala, ireki begiak gehiago. Gehiago. Ireki begiak betileak desagertu arte. Orain sentitzen dituzu begiak, pisutsu eta borobil, masailen gainean egundokoak dira, billarreko bi bola izugarri handi eta begirale. Zelatari, norantza eta norabide anitzeko. Adi egonez gero, begi horiekin edozer ikus dezakezu. Angelu zabaleko argazki kamera batek bezala, arrain-begiko lentea duen kamera batek bezala. Edozer ikus dezakezu eta erradiografiatu. Baita hormaz bestaldean dagoena ere.
Ikus dezakezu bala bat buru batean sartzen arrangura eta erresuminik gabe eta ikus dezakezu argi eta garbi, komikietakoa dirudien ekintzen sekuentzia geldoan, hil berri den horren heriotza ekibokazio bat izan dela, oraindik zergatik ez jakin arren. Ikus dezakezu gorpua nola erretiratzen duten eta ikus dezakezu odolaren gainean zerrautsa edo ogirina botatzen dutela, ikus ditzakezu katuari sakatzearen ondorioz pertsona, izaki, giza-emazteki, organismo bizidun haien guztien baitan gaitzak eta birusak zelulekin pokerrera ari ziren bitartean, zerbaiti, mekanismo fatal bati eragin diozula. Ia erabat patuaren mende zeuden hainbat bizitza eztanda egitear egon zitezkeen telefono dei baten ondoren, eta haiek ez zekiten ezer, ezta arrastorik ere. Usaindu ere ezin zuten egin. Odola. Zerrautsa. Ogirina.
Zerraldo datza Hildako Ekibokatua. Eta ikusten duzu norbait egunkariko txatalak ebakitzen hurrengo egunean, Hilketa Bat, Bakarrik edo Hirugarrenen Laguntzarekin, zehaztu gabe, eta ikusten duzu eskelako eta eztei eguneko Hildako Ekibokatua irribarretsu eta Hildako Ekibokatua fruta saltzen soldata hala-moduzko baten truke, eta Hildako Ekibokatua behin batez Camaronen kasetea autoko irratian jarrita zeramala eta zuri ere gustatzen zaizu Camaron eta zeini ez eta orduan definitiboki dakizu Hildako Ekibokatua dela hura.
Camaron gustatzen zitzaiolako. Gauzak hain sinpleak izan daitezke, batzuetan.
Odol putzuaren itzal laburra, zerrautsa, ogirina, kale hutsak. Guztiari begiratzen dion belea. Bele asko. Gehiago.
Bele guztiek alde egiten dute eta bakarra geratzen da orain. Beleak irekita ditu begiak. Hildakoaren aurpegia hartu du beleak. Zerrautsez eta ogirinez estalita dagoen hildakoaren aurpegiari jotzen dio haizeak eta haizeak agerian uzten duenean zurea da hildakoaren aurpegia. Nahiago zenuen bele izan, zeure burua justifikatzeko. Baina oraingoz hildakoa zara. Hurrengo batean izanen zara bele agian.
Zu, orain hildakoa zaren hori, altxa egin zara. Eta beleari so egin diozu. Beleak Camaronen aurpegia bereganatu du bat-batean eta never more Hildako Ekibokatuarena. Never more, never more. Ez zaizue buruan sartzen. Terrorista bat naiz eta Camaron gustatzen zait. Hain zaila da ulertzen?
Zerbait egin diozue norbaiten bihotzari. Eta ematen du putzu ilun batean hondoratutako igande arratsalde goibel bat dela.
Belea hartu duzu esku artean eta errai apurtu bat dela ohartu zara. Zure bularraren erdian hegoak zabaldu ditu barruan bizi zaizun bele beltzak.
Ez, belea ez da azukrezkoa." (113-115 orr.)
Patakirena
"Olatz joana zen eta Pataki sukaldean zegoen. Marta, isilik sartu zen sukaldera. Leihoko errezelari eutsiz zeharka kalera begira zegoen Pataki: leiho hark Louvren zintzilikatutako Mona Lisak baino arreta gehiago jasotzen zuen egunean zehar, hori ez zegoen dudan jartzerik. Zintzilikatu baino areago pasilloetan urkatzen diren argazki horietako baten barruan biziko balira bezala zen: leiho hura zen argazkia estaltzen zuen kristala. Martak ustekabean harrapatu zuen Pataki eskua sorbaldan jarri zionean. Pataki, harrituta, biratu egin zen. Neskak lepotik oratu eta muxu eman zion ezpainetan. Patakik gerritik heldu eta beragana bultzatu zuen norbaitek heldua izateko zirudien gerri hura. Neskak, elkarren galtza estuen pean tupustean harrotu eta zutitzen zen anabasaren zirrara sentitu zuen bere hankartearen kontra. Sukaldeko plakaren ertzean eseri zen Marta, jada alkandorarik gabe, bular tente eta mamitsuak agerian. Nahiago dut zu azpian jartzea. Pataki zegoen orain sukaldeko suen gainean erdi eserita, eta ez zen pentsa zitekeen bezain deserosoa ere. Olatz etor daiteke, isilik. Eskumutur biak heldu zizkion samurki Martak Patakiri, oheburuan izara hautsi batekin eskulotzera balihoa bezala. Baina ez zeuden ohean. Olatz etor daiteke, kontuz. Martak agintzen zuen. Azken batean, bera zegoen kargura. Izterren erdialderaino beheratu zizkion galtzak. Zakil tentea hatz puntaz bilatu zuen Martak, begiak ireki beharrik izan gabe ondo oratuz, harik eta hatzez nahikoa gogortua zegoela baieztatu ondoren aluan barneratu zuen arte. Mutilaren eskumuturrak, pultsua hartzen ari balitz bezala, hatz finez laztantzen hasi eta fermuki helduko zizkion gero, gerria akonpasatuki dantzatzen jarraitzen zuen bitartean, mutilaren besoak erabat mugiezin eta Martaren menera. Martak ez zuen lurra oinekin ukitzen, Patakiren hanketan gora, huntza bezala, kateatuta baitzituen bereak. Oin biluzietako behatzetan ere bazegoen plazerra azal eta hatz-oskol leunen kontaktutik hasita. Mutilaren esku biak sukaldeko bi suen baitara bildu zituen Martak, titietan gehiago nahi ez zuela adieraziz. Artean, sukaldeko plakako bi suak estutzen zituen mutilak bere hatzez. Bi suak estutzen zituen gerri dantza zoroan Martak sua piztu zuenean. Eskumuturretatik sendoki helduta mantendu zituen Martak mutilaren esku biak sukaldeko plakako su-txikietan erretzen, hau oihuka hasi zen arren. Marta plazerraren menera zegoen erabat eta ezin zuen askatu mutilaren eskumuturrik, ezin zuen saihestu, gas sutuaren sugar urdinari atxikiak, erretzen ari ziren mutilaren hatz mamien bilakaera mingarria. Esku bat esku bat da, azken buruan.
Pataki negarrez geratu zen, harraskako ur hotzetan hatz punta erreak jarrita, biluzik eta babesik gabe, sukaldearen erdian. Sentitzen dut Pataki, hobe da horrela, aztarnarik ez uzteko aurrerantzean, egin beharra neukan, ikusezina izanen zara aurrerantzean. Neskak arropak jantzi zituen eta lepo atzea laztandu zion negarrez ari zen mutil biluziari, emaro, ama krudel batek bezala." (99-100 orr.)
Pasaia blues
Lehen ametsa Olatzek egingo du. Horra (57-58 orr.):
"Zuria eta beltza. Jada ez diete kartzelaratzen direnei marra zuri-beltz paraleloz egindako traje barregarri hori ematen. Marrazki bizidunetako kontuak dira horiek. Nolabait linboan zaudela adierazteko balio bide zien jantzi hark presoei. Beltza eta zuriaren arteko aukera egiteko zeudela zelda hartan. Zuririk existituko balitz bezala. Ez dago halako trajerik egun. Baina barroteen itzala ohe zuriaren gainean mantentzen da gaur ere.
Gela Zebratua deitzen diozue. Pertsonaia bat gehiago da. Ziega bat pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Argiak eta itzalek zebratua, ohe horrek ezin du luzaro hutsik egon. Zain dago. Norbait behar du eta zu izango zara. Ez galdetu zergatik. Ez dago zergatirik. Gogoratzen olatuekin jolasean ibili eta mareak gora egiten zueneko hura? Busti gabe ihes egitea ezinezkoa dela konturatzen denaren susto sentipen hori. Zure hondartza zerrautsezkoa edo ogirinezkoa da. Argizaritan harrapaturiko erleak bezalaxe. Horrela zaude, harrapatuta.
Espazioko zulo beltzak inguruan duen guztia zurrupatzen duenean han, zuloaren erdian bazeunde legez.
Zinema areto batean zaudenean bezala, ustez sekula aurrez ikusi ez duzun film bat ikusten. Zinemako pantailan zelda huts bat ageri denean bezala, Gela Zebratua maiuskulaz, pertsonaia bat gehiago delako. Zelda hutsik dago baina kamerak besarkatzen duen angelutik kanpo bada norbait, iturri bat irekita baitago. Entzun genezake iturriaren jarioa, ikusi ezin dugun arren. Minutuak eta minutuak igarotzen dira eta kamera geldirik dago plano berean, ur korrientearen soinua, joanean, ezer ez da aldatzen.
Urduri, zure aulkia utzi eta zinema aretotik ateratzen zara, jasanezina zaizulako Gela Zebratu hori ikustea pantailan ikusiagatik zeldan nor dagoen ez jakitea. Betiko beldur hori. Zinema aretotik irtetear zaude baina okerreko atetik sartu zara, suteetarako atetik. Dena ilun dago, itogina dago, ate itxiak daude. Azkenean itsumustuka ireki duzu ate bat, baina ez zaude kalean, baizik eta zelda barruan. Gela Zebratuan zaude, pantailako zeldan. Itogina jotzen zenuena filmeko pantailan ageri ez arren entzuten zen iturria zen. Eta pantailaren barrutik dakusazun zeure zinema aretoko eserleku izana hutsik dago orain, eta barre egiten du, Aulkia ere pertsonaia bat gehiago delako. Aulki bat pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Eta ez galdetu zergatik. Ez dago zergatirik. Gauzak gertatu egiten dira. Lokatzetan harrapatutako erlea bezala. Halaxe zaude.
Aulkia, pertsonaia bat gehiago. Pertsonaia beldurgarria. Batez ere Marta dagoelako bertatik zuri begira, barrez, zuk hutsik utzi duzun eserlekuan.
—Hemendik sei hilabetera pasatuko zain, lasai!
Hortzik gabeko demonioarena da haren irribarrea. Ipuin kontalariak egunsentira arte itxaron balu, ohartuko zen Troiako zaldia ez zela zaldi. Zebra zela."
Euskal orgasmoa
Heriotzaz ari garela, arazo inportante bat planteatuko du Saizarbitoriak frantsesek heriotza txiki deritzotenaz, orgasmoaz: "Hizkuntza batean edo bestean hiztun izateak aldatu egiten al zuen gizonaren portaera sexuala? Bat-batean, guztien aurpegiak berarengana bueltatu ziren. Zer esaten zuten euskaldunek hazia isurtzerakoan?" (182-183 orr.)
Indoeuroparrak, orgasmo bidean, mugitu egiten dira, lekutzen dira, emigratzen dute: batzuk badatoz (frantsesak, "Je viens", ingelesak, "I`m coming"), beste batzuk badoaz (espainolak, "me voy").
Arima kolonizaturik ez duen euskalduna, berriz, bertan goxo gelditu eta desagertu egiten da. Gure herriko batek kalean jotzen du kanpaia, aski maiz, gaztea izaki, eta ikusleak eta animatzaileak inguratzen gatzaizkio. Gailurra jotzerakoan "badatost! badatost!" oihu egiten du. Euskara batuaz "badatorkit!".
Hots, subjektua, pertsona, desagerrarazten du euskarak orgasmoan: euskaraz ez da garrantzitsua ba ote noan ala banatorren; aitzitik, zera enigmatiko batek hartzen du lehentasuna, eta bigarren mailan gelditzen da niri, hain zuzen, datorkidala. Hau nabarmenagoa da "badator!" garrasian, zenbait azpieuskalkitan bizi-bizirik dirauena.
Bestalde, gure herriak hainbeste maite duen onanistari begira, bere mugimenduak eta keinuak arretaz aztertuz, zilegi da ondorioztatzea, sinets iezadazue, aipaturiko zera ezezagun hori bere kasuan hazia dela. Baliteke, esamoldeak ahalbidetzen duenez gero, beste batzuek gozamena edo Ortzi gogoan izan dezaten "badatost!" aldarrikatzean. Gure kanpai-joleak ez, materialista da.
Materialismo inpertsonal bat, horra euskarak barne-muinetan gordetzen duen jarrera filosofikoa, sexu plazera aipatzeko bere modua aintzat hartuz desestalia.
Are gehiago (oinarri eskasagoz atera du hainbatek ondorio harrigarriagorik): ia ziurtzat jo genezake, Barandiaranek ongi ikusi bezala, Pirinioetan eta Akitanian, ziminoa gizaki bilakatu zelarik, berba egiteari euskaraz ekin ziola. Indoeuroparrek, berriz, banoa eta banator horietan, beren migrazio gogorrak barnebildu eta adierazi dituzte.
Edonola ere, "badatost" eta "badator" politak diren arren, ez dira kutsatu gabeko ahotan erabilienak.
"Badatoz!" izan da nire bizialdian entzunena eta bedeinkatuena. Nondik etorri den, edo etorri behar izan ote duen, batek daki. Bestalde, plurala ez dut uste espermatozoideen ugaritasunari loturik denik, oso berria baita espermatozoideen eta hauen kopuruaren gaineko kontzientzia. Aldiz, baliteke plural hori hurbilago izatea nolabaiteko politeismotik eta multzoak oso serio hartzetik.
Badira ordea taliban batzuk defendatzen dutenak egiazko euskaldunak orgasmoa bezalako trantzeetan ez duela hitzik egiten, eta antzina, Santimamiñen eta, irrintzi egiten zuela. Orobat, izan zen film porno euskaldun bat egiteko asmoa, abortatua noski, eta gidoiak zekarren orgasmo guztiek irrintzia behar zutela. Protagonistetako batek Iñaki Zabalegi zuen izena eta ohekideak poxpolin zihoazen, biluztu aurretik. Hain zuzen, "Poxpolinaren irrintzi beroa" zuen izenburu. Tamalez, Jaurlaritzak ez du estrategikotzat zinema-industria baten azpiegituraren jorratze eta sustatzea eta Barbara Goenagak alde egin digu.
"Badatoz!", beraz. Euskaldunaren egitura psikikoa ez da berez paranoikoa: indoeuroparrak (zeltak, erromatarrak, bisigodoak, frankoak, espainolak, ingelesak, alemanak, italiarrak...) txitean-pitean oldartu zaizkigu, su eta ke eraso digute, oldetan, multzotan; hala ere, euskaldunak, "badatoz!" dioelarik, gozamena du adierazten, ez izua, eta funtsezko bizipoz horri esker bizi gara oraindik.