Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Pasaia blues

mzap 2005/07/11 13:09

Lehen ametsa Olatzek egingo du. Horra (57-58 orr.):

"Zuria eta beltza. Jada ez diete kartzelaratzen direnei marra zuri-beltz paraleloz egindako traje barregarri hori ematen. Marrazki bizidunetako kontuak dira horiek. Nolabait linboan zaudela adierazteko balio bide zien jantzi hark presoei. Beltza eta zuriaren arteko aukera egiteko zeudela zelda hartan. Zuririk existituko balitz bezala. Ez dago halako trajerik egun. Baina barroteen itzala ohe zuriaren gainean mantentzen da gaur ere.

Gela Zebratua deitzen diozue. Pertsonaia bat gehiago da. Ziega bat pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Argiak eta itzalek zebratua, ohe horrek ezin du luzaro hutsik egon. Zain dago. Norbait behar du eta zu izango zara. Ez galdetu zergatik. Ez dago zergatirik. Gogoratzen olatuekin jolasean ibili eta mareak gora egiten zueneko hura? Busti gabe ihes egitea ezinezkoa dela konturatzen denaren susto sentipen hori. Zure hondartza zerrautsezkoa edo ogirinezkoa da. Argizaritan harrapaturiko erleak bezalaxe. Horrela zaude, harrapatuta.

Espazioko zulo beltzak inguruan duen guztia zurrupatzen duenean han, zuloaren erdian bazeunde legez.

Zinema areto batean zaudenean bezala, ustez sekula aurrez ikusi ez duzun film bat ikusten. Zinemako pantailan zelda huts bat ageri denean bezala, Gela Zebratua maiuskulaz, pertsonaia bat gehiago delako. Zelda hutsik dago baina kamerak besarkatzen duen angelutik kanpo bada norbait, iturri bat irekita baitago. Entzun genezake iturriaren jarioa, ikusi ezin dugun arren. Minutuak eta minutuak igarotzen dira eta kamera geldirik dago plano berean, ur korrientearen soinua, joanean, ezer ez da aldatzen.

Urduri, zure aulkia utzi eta zinema aretotik ateratzen zara, jasanezina zaizulako Gela Zebratu hori ikustea pantailan ikusiagatik zeldan nor dagoen ez jakitea. Betiko beldur hori. Zinema aretotik irtetear zaude baina okerreko atetik sartu zara, suteetarako atetik. Dena ilun dago, itogina dago, ate itxiak daude. Azkenean itsumustuka ireki duzu ate bat, baina ez zaude kalean, baizik eta zelda barruan. Gela Zebratuan zaude, pantailako zeldan. Itogina jotzen zenuena filmeko pantailan ageri ez arren entzuten zen iturria zen. Eta pantailaren barrutik dakusazun zeure zinema aretoko eserleku izana hutsik dago orain, eta barre egiten du, Aulkia ere pertsonaia bat gehiago delako. Aulki bat pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Eta ez galdetu zergatik. Ez dago zergatirik. Gauzak gertatu egiten dira. Lokatzetan harrapatutako erlea bezala. Halaxe zaude.

Aulkia, pertsonaia bat gehiago. Pertsonaia beldurgarria. Batez ere Marta dagoelako bertatik zuri begira, barrez, zuk hutsik utzi duzun eserlekuan.

—Hemendik sei hilabetera pasatuko zain, lasai!

Hortzik gabeko demonioarena da haren irribarrea. Ipuin kontalariak egunsentira arte itxaron balu, ohartuko zen Troiako zaldia ez zela zaldi. Zebra zela."

Euskal orgasmoa

mzap 2005/07/07 10:18

Heriotzaz ari garela, arazo inportante bat planteatuko du Saizarbitoriak frantsesek heriotza txiki deritzotenaz, orgasmoaz: "Hizkuntza batean edo bestean hiztun izateak aldatu egiten al zuen gizonaren portaera sexuala? Bat-batean, guztien aurpegiak berarengana bueltatu ziren. Zer esaten zuten euskaldunek hazia isurtzerakoan?" (182-183 orr.)

Indoeuroparrak, orgasmo bidean, mugitu egiten dira, lekutzen dira, emigratzen dute: batzuk badatoz (frantsesak, "Je viens", ingelesak, "I`m coming"), beste batzuk badoaz (espainolak, "me voy").

Arima kolonizaturik ez duen euskalduna, berriz, bertan goxo gelditu eta desagertu egiten da. Gure herriko batek kalean jotzen du kanpaia, aski maiz, gaztea izaki, eta ikusleak eta animatzaileak inguratzen gatzaizkio. Gailurra jotzerakoan "badatost! badatost!" oihu egiten du. Euskara batuaz "badatorkit!".

Hots, subjektua, pertsona, desagerrarazten du euskarak orgasmoan: euskaraz ez da garrantzitsua ba ote noan ala banatorren; aitzitik, zera enigmatiko batek hartzen du lehentasuna, eta bigarren mailan gelditzen da niri, hain zuzen, datorkidala. Hau nabarmenagoa da "badator!" garrasian, zenbait azpieuskalkitan bizi-bizirik dirauena.

Bestalde, gure herriak hainbeste maite duen onanistari begira, bere mugimenduak eta keinuak arretaz aztertuz, zilegi da ondorioztatzea, sinets iezadazue, aipaturiko zera ezezagun hori bere kasuan hazia dela. Baliteke, esamoldeak ahalbidetzen duenez gero, beste batzuek gozamena edo Ortzi gogoan izan dezaten "badatost!" aldarrikatzean. Gure kanpai-joleak ez, materialista da.

Materialismo inpertsonal bat, horra euskarak barne-muinetan gordetzen duen jarrera filosofikoa, sexu plazera aipatzeko bere modua aintzat hartuz desestalia.

Are gehiago (oinarri eskasagoz atera du hainbatek ondorio harrigarriagorik): ia ziurtzat jo genezake, Barandiaranek ongi ikusi bezala, Pirinioetan eta Akitanian, ziminoa gizaki bilakatu zelarik, berba egiteari euskaraz ekin ziola. Indoeuroparrek, berriz, banoa eta banator horietan, beren migrazio gogorrak barnebildu eta adierazi dituzte.

Edonola ere, "badatost" eta "badator" politak diren arren, ez dira kutsatu gabeko ahotan erabilienak.

"Badatoz!" izan da nire bizialdian entzunena eta bedeinkatuena. Nondik etorri den, edo etorri behar izan ote duen, batek daki. Bestalde, plurala ez dut uste espermatozoideen ugaritasunari loturik denik, oso berria baita espermatozoideen eta hauen kopuruaren gaineko kontzientzia. Aldiz, baliteke plural hori hurbilago izatea nolabaiteko politeismotik eta multzoak oso serio hartzetik.

Badira ordea taliban batzuk defendatzen dutenak egiazko euskaldunak orgasmoa bezalako trantzeetan ez duela hitzik egiten, eta antzina, Santimamiñen eta, irrintzi egiten zuela. Orobat, izan zen film porno euskaldun bat egiteko asmoa, abortatua noski, eta gidoiak zekarren orgasmo guztiek irrintzia behar zutela. Protagonistetako batek Iñaki Zabalegi zuen izena eta ohekideak poxpolin zihoazen, biluztu aurretik. Hain zuzen, "Poxpolinaren irrintzi beroa" zuen izenburu. Tamalez, Jaurlaritzak ez du estrategikotzat zinema-industria baten azpiegituraren jorratze eta sustatzea eta Barbara Goenagak alde egin digu.

"Badatoz!", beraz. Euskaldunaren egitura psikikoa ez da berez paranoikoa: indoeuroparrak (zeltak, erromatarrak, bisigodoak, frankoak, espainolak, ingelesak, alemanak, italiarrak...) txitean-pitean oldartu zaizkigu, su eta ke eraso digute, oldetan, multzotan; hala ere, euskaldunak, "badatoz!" dioelarik, gozamena du adierazten, ez izua, eta funtsezko bizipoz horri esker bizi gara oraindik.

Abaituaren ametsaz

mzap 2005/07/07 10:03

1-Amets honen indarra neurtzeko, kontuan har bedi Juan Luis Zabalaren "Agur, Euzkadi"ko Julen Lamarain kutsatu eta berdina eginaraziko diola (148 or.). Lamarainen bizitzaren hainbat alde garrantzitsuren kausa izango da bestalde Saizarbitoriaren obra osoa, ez soilik amets hori: esate baterako, Gorbeiapeko sagasti batean Margak "titiak ikusi nahi dizkidazu?" galdetuko dio behin eta berriro, baita gerora ere makina bat aldiz, nahiz Lamarainek azkenik sekulan ikusi ez.

2-Bestalde, oinetako beltz muturluzeek Abaituaren eta Zabalegiren bat egitea erakusten digute. Abaitua "Hamaika Pauso" idazten ari da Zabalegiren heriotzaz eta Saizarbitoriaren "Hamaika Pauso"ren irakurlea Abaitua eta Zabalegi azken batean zein berdinak diren ohartuko da. Abaitua, idatzi ahala, Zabalegirekin identifikatuko baita.

Abaituaren Zabalegik, heriotzaren orduan, magnolia dotore bat izango du azken begiradaren sostengu: Abaituak Juliaren magnolia grandiflorari eginiko omenaldia. Hain zuzen, magnolia horixe besarkatuko du Abaituak hilko den egunean. Eta aurretik, ametsean hiltzeko orduan, Zabalegiren zapatak jantziko ditu.

Abaituaren eta Otaegiren artean konfluentzia bat dago gizajotasunean; aldiz, "Pasaia blues"eko Marta eta Olatz bata bestea bilakatuko dira, are elkar zeharkatu eta bestelako erresumetan berpiztu.

3-Abaituaren nortasuna eta ibilbidea aztertuta, ematen du ametseko ama ama ez ezik emetasun orokor baten ikur dela, edo biziaren beraren ikur: andreekin bereziki berekoi eta negargarri jokatu duen Abaituaren aurkako epaia litzateke ametsa, printzipio femeninoaren heriotza zigorra. Bestalde, amarengana proiektatzea zu hil nahia azkenaurreko urratsa da: ondoren zu zatoz, zerorrek barneratuko duzu suizidatu beharra, eta bide batez izorratzaile gaizto bat ere eramanez gero zurekin batera, finago.

Hil hadi behingoz, seme

mzap 2005/07/07 09:24

"Hamaika pauso"n Saizarbitoriak gizaki baten miserien berri emango digu zehaztasun handiz, berez koldarra eta pasiboa den Iñaki Abaituaren gorabeherak maitatzeko ahalmenak ihes egiten diolarik, eta gero bizitzeko gogoak. Kemenaren alde egite horrek, indar galtze horrek deitzen du Saizarbitoriaren arreta, bizia ahitzen ari dela erakusten duten sentsazioak eta egoerak. Ikuskizun goibel horrek Saizarbitoria harrapatu egingo du. Maitatu ezina: bikotekideak eragin betekada eta asperra, isiltasun nahasia, bizitzarekiko lotura haustearen hasiera. Hustearen xehetasun psikosomatikoen berri zehatza emango digu "Hamaika Pauso"-n.

Iñaki Abaituaren amets solemnea eta jelosiazko eldarnioak bere heriotzaren iragarle izango dira, eta aldi berean heriotzaren etorrera erraztuko dute.

Ametsa hiztegigileak Juliari biharamunean kontatu bezala ezagutuko dugu.

Amak hiltzeko aginduko dio, zerraldoa prest duela aldarrikatuko, ez dadila koldarra izan.

Hona hemen (84-86 orr.):

"-Ohean nengoen –esan zuen-. Amak hil nendila eskatzen zidan, dena prest zegoela eta mugitzeko mesedez.

Ama oheburuan kokatua. Eskolarako deitzen zionean bezala, leunki hasieran, "tira, gosaria prest daukazu" baina gero eta ozenago, eta haserre bizian azkenerako, tapakiak kentzen zizkion arte.

-Amatxorekin egiten duzu amets, beraz.

Baina ez zen ironiaz konturatu, edo ez zuen konturatu nahi izan. Baietz erantzun zion, zehaztasun gehiago eskatzen zuela uste izan balu bezala. Ama oheburuan zegoela, eskuak gerrian, behin eta berriz zentzurik gabeko agindu hura errepikatuz. "Dena prest dago" esaten zion, "zerraldoa erosia, apaiza deitua, eskela jarria, eta orain hil egin behar duzu derrigorrez". Leihotik itzuli zen kasu egiten ote zion egiaztatzeko.

Konturatzen al zen? Berak gazteegia zela eta ez zuela hil nahi erantzuten zionean, amak berekoitzat tratatzen zuela, bere buruaz besterik ez arduratzea aurpegiratzen ziola zitalki.

"Ziztrin ez bestelakoa" esan ohi zuen. "Ziztrin ez bestelakoa, ze inporta zaizu zuri nire nahigabea, ahaztu al zaizu zaren guztia niri, nire sofrimenduari zor diozula?". Eta zapi zuria eskuartean bihurritu ondoren, jertse beltzaren manga barnean gordetzeko zeinu hura.

Nola kexa zitekeen esaten zion, zapia esku artean bihurrituz, berriz ere gaztea zela eta ez zuela hil nahi erantzuten ausartu zenean. Jende asko ikusirik zegoela bera, oinazez oihuka, Jainkoari eraman zezala erregutzen, eta ea zertaz kexatzen zen hark borondate mugagabez oinazerik gabeko heriotza eskaintzen bazion. Azkenean etsi egin behar izan zuen, dena prest baitzegoen, zerraldo aberatsa ere bai –oso ondo zituen gogoan haren zehaztasunak, kaobaren distira, urrezko hornidurak, erabat arrotzak egiten zitzaizkion inizialak, I.A..-, eta eskela, loreak eta hilobia –marmolezkoa, amak esaten zuenez-, eta eskatu zion oinetako beltz muturluzeak janzten uzteko behintzat, eta jantzi ondoren, narda ikaragarria gaindituz, zerraldoan sartu zen.

-Eta hiltzeko prestatu nintzen, esaten zidan bezala, eskuak bular gainean gurutzatuz, baina ez nekien nola hil.

Isildu zenean, haizearen kexa entzuten zen urrutira, eta gertuago uhin ahituek Kofradiako eskaileretan ematen zuten zaflada geldoaren hots biguna sumatu zuen.

-Ez da egia –esan zion Juliak- asmatzen ari zara- eta bularrean gorpu batek bezala gurutzaturiko eskuak bereganatu zituen-. Ez da egia."

Hamaika Pauso

mzap 2005/07/07 09:13

Hitzaldi bat eman behar dut bihar Miarritzen eta oztopo franko izan dut prestatzeko orduan, izenburutik beretik hasita: uste bainuen "Etakideen nahigabeko irudikapenak (haluzinazioak, ametsak...)" aski neutroa zela, banekiela zer esan nahi zuen. Ametsak eta haluzinazioak, oro har, eta definizioz, borondatetik kanpokotzat jotzen ditugu, gertatu egiten zaizkigu.

Haatik, ikusi dugu etakideen amets batzuk, emakumezkoenak bereziki, bilatuak izaten direla, kontrolatu samarrak, zuzenduak, nola "Zeru horiek"eko Irenerenak hala "Koaderno gorria"ko Laura Garaterenak (nobelan kontatzen ez bazaizkigu ere).

Era berean, Iñaki Abaituak eldarnioak "konposatu" egingo ditu, eraiki, sortu: bere burua zigortu egingo du Julia eta Zigor Ortiz de Zarate elkarrekin larrutan irudikatuz, Zigor hiltzera dandarrez eroan baino lehentxeago.

Enigma horrek zer ezkutatzen duen asmatu nahi nuen, baina ezin. Ametsei eskatu nien laguntza, baina desegokiak izan nituen, desatseginak, txarrak: Saizarbitoriarekin solastatzen nintzen esate baterako Alderdi Ederreko banku batean, tamarindo artean. Zergatik ihes egiten ote dioten Abaituaren eldarnioek eldarnioaren definizioari galdetu nion, zer esan nahi duen Abaituak bere haluzinazioak berariaz bideratzea, eta erantzun gisa masaileko bat jo zidan: sandaliak bustita neuzkan eta kresalak larrua hondatzen du. Ezin aitzinatu. Saizarbitoriaren liburuak berriro irakurri nituen.

"Ehun metro"n ere bagenituen jadanik hamaika pauso, protagonistaren bizitzako pausorik luzeenak: erakundetik egotzitako lagunari bizkarrean jo eta bere kontra deus ez zuela esatea ahalbidetuko ziotenak, ulergarri zitzaiola bere jokabidea, mundu guztiak duela bere lekua.

Baina ez zituen egin.

Bizia galtzeko falta zaizkion hogei pausoekin alderatuko ditu, bere bizitzako biderik luzeenarekin.

Joxe Zuazalagoitiak hogei pauso horiek bai, egingo ditu.

"Koaderno gorria". Kritika ez oso motza

mzap 2005/07/06 13:30

"How can one stalk one's weaknesses, Gorda?"

"What exactly are we going to do tonight, Gorda?"

Carlos Castaneda, The second ring of power, Penguin, New York, 1977 (200 eta 214 orr.)

IZKRIBUAREN AHALA

Zentzumenen artean, usaimenak garrantzi berezia du "Koaderno Gorria"n, frangipani lorearen usain zoragarriak berbarako, baina baita besazpiko izerdiarenak ere.

Laura Garateren keinurik deigarriena besazpia behin eta berriro usaintzearena baita. Joxe Zuazalagoitiaren elementua odola den bezala, izerdia izango da Laura Garaterena. Zazpi atal ditu "Koaderno gorria"k, eta atal orotan, bigarrenean, laugarrenean eta bosgarrenean izan ezik, Laura besapeak usaindu eta gero dutxatu egingo da. Baina ez da egia besapeak usaindu eta gero inoiz ez diola dutxatzeari utziko. Kasurako, hirugarren atalean, 25. orrialdean, besapeak usaindu eta dutxatzeko elastikoa burutik erantziko du baina gero ohean etzan eta Amaren koaderno gorria irakurtzeari ekingo dio. Bestalde, behin baino gehiagotan dutxatuko da aurretik besapeak usaindu gabe: mexikarrarekin lehenbiziko aldiz egon ondoren (44 or.); baita gerora ere: bosgarren atalean bi bider (59 eta 68 orr.), baita seigarrenean ere (88 eta 102), eta zazpigarrenean (123 eta 124).

Edonola ere, azken dutxa besapeak usaindu ostean hartuko du (129).

Ba ote du esanahi berezirik besazpia usaintzeak?

Lauraren dutxek Mirenen eta Beñaten memorien frexkatzea aurreratzen digute: besazpi usaintsuak dutxak nola, halaxe garbituko ditu umeen oroitzapenak, aitak kirastuak, Amaren koaderno gorriak.

Barka, lagunak.

Aipatu Ama hori, seme-alabentzako koaderno gorria idatzi duena, borrokilla zetorren eta aitak onartzen zuen. Ordea, haurrak izan ondoren, Ama ETArentzako lanak direla eta bolada baterako kanpoan den bitartean, aitak besterik gabe seme-alabak hartu, eraman eta ezkutatu egingo dizkio Amari. Zazpi urtez ez du haien berri izango. Venezuelatik Gabon karta bat igorriko diote aitaren amari, umeen argazkiekin, eta honek Amaren eskuetan jarriko ditu.

Orduan Amak Laura Garate abokatua, lagun min eta miresle duena, seme-alaben bila bidaliko du koaderno gorriarekin. Bertan kontatuko dizkie Mireni eta Beñati bere oroitzapenak eta gertaturikoaz bere bertsioa, euskaraz.

Laurak hogeita hamar bat urte ditu, Amak berrogeita bost, Mirenek hamahiru eta Beñatek hamar.

Amaren amets zehatzik jakinarazten ez zaigun arren, Amak bere koaderno gorrian Beñat semea ekarriko zuen bere bigarren haurdunaldiko amets goibelen berri emango die seme-alabei, Laura Garateri eta guri: "negar batean joan ziren hurrengo egunak. Ametsetan ere malkoak isurtzen nituen, uholdeka, eta hain zen bizia malko isurketa, esnatzerakoan ezin sinetsi nuela maindireak lehor zeudenik. Esna nengoenean esan dezaket ez nuela segundo batez haurdunaldia ahazten, momentuero sentitzen nuela barruan zegoenak nire gorputza eta odola behar zituela bizirik jarraituko bazuen. Eta ametsetan zer esanik ez." (55 or.)

Miren alaba da amaren ispilu, nobela honetan emakumeak dira gailen. Beñatek elkartasun apur bat merezi du gizajoak arron aldetik, txoil zokoraturik geldituko da. Egia esan, ez zuen besterik merezi, hain baita aita ume-ohoinaren antzeko.

Laura Garate mezulariak egingo ditu eleberriko hiru amets zehatzak. Egia da etakideen nahigabeko irudikapenez ari garela eta eleberrian ez zaigula esaten Laura Garate etakidea denentz. Fundamentuzko irizpidea erabili behar hemen ordea, Espainiako Justiziarena zehazki: Laura bada etakidea, zalantzarik gabe: etakide baten eta bere seme-alaben artean zubigintzan... gehiegiegi.

1-Lehenbiziko ametsa hogeita bederatzigarren orrialdean aipatzen da: "Biharamunean ez da eroso esnatzen, begiak zabaldu aurretik non eta zertan ari den bururatzen bazaio ere. Gogoratzen ez duen amesgaiztoren baten eragina ez da egun hartako plana berrikusiz desagertzen."

Ametsa ez oroitze horrek (bigarrenaz ere ez da oroituko) eta egun txarra eragite horrek kontraste bizia egingo dute Laura Garateren hirugarren eta azken ametsarekin, zati bat behintzat ederki gogoratuko baitu eta goxotasuna eragingo.

2-Bigarren ametsari dagokionez, argitu behar lan honetan nahigabeko irudikapenak aztertu behar genituela eta oroitzapenen eta ametsen artean, nahigabekoenak ametsak direla lehen begiratuan. Ordea, gogora dezagun, "Zeru horiek"eko Irenek ametsak zuzentzen zituen. Aldiz, "Koaderno gorria" honetako Laura Garate bere bigarren ametsean oharmena sartzen ahaleginduko da Ipar Ameriketako eta Mexikoko yaki indioek darabilten teknika baten bidez, Carlos Castanedak "The second ring of power"en erakutsia: loak hartzeko unera arte eskuei tinko begiratu ondoren, jada ametsean eskuak begi bistan dituzula sartuko omen zara eta horrek zure adimen ohartia ere ametsean barneratu duzula erakutsiko dizu. Ordutik aurrera, ametsa zure esku. Horretan saiatuko da Laura Garate, beste zenbaitetan arrakastatsu gertatu baitzaio. Baina oraingoan ez. Oraingoan, eskuei begiratu arren loak hartu arte, azken unean eskuen ordez Ama izango du gogoan eta biharamunean ez du ametsik oroituko.

Honela kontatu du Arantxa Urretabizkaiak (115 or.):

"Handik hamar minutura lotan dago, koadernoa eta eranskina burukoaren azpian, berak erabiltzen ez duen ohe zatian. Lo hartu aurretik noizean behin erabiltzen dituen trikimailuak jarri ditu martxan, nahi diren ametsak eragiteko ikasitakoak. Gehienetan ez dute funtzionatzen, agian behar adina saiatzen ez delako, baina Ipar Ameriketako indiarrek erabiltzen omen zuten sistemak behin baino gehiagotan funtzionatu dio. Nork bere eskuak gogoan dituela hartu behar du lo eta gero, ametsak hasterakoan, eskuak mugiarazi behar ditu. Horrekin zabaltzen omen zuten ametsen zirrikitua indiarrek, eta horretan saiatu da, Amarekin harremanetan jarri nahi lukeelako, Amari gertatutakoa kontatu nahi liokeelako. Eskuetan kontzentratzen da, baina, azkenean, Ama du gogoan justu lo hartu aurretik, ez bere eskuak.

Oso goiz esnatzen da biharamunean eta lehenengo segundotik barrura begiratu badu ere, ez du ametsik gogoratu ahal izan."

3-Hirugarren eta azken ametsa (124 or.): "Gau horretan bai, ametsak menderatzeko ezer egin ez badu ere, Ama datorkio, umeen bila. L-k esaten dio ez direla umeak, neska aspalditik dela gaztetxoa eta mutila dagoeneko ere bai, besoak jaso egin beharko dituela, ez jaitsi, zangoak luzatu, ez belaunak tolestu. Zelai berde eta zabal batean daude bi lagunak, ikusten ez den etxe baten atzealdean. Dauden lekutik ez da ez biderik ez bidexkarik ikusten, baina biok dituzte begiak aurreko zelaiaren zerumugan. Harantz egiten du eguzkiak bere bidea, eta ezkutatzeko zorian dagoenean esaten du Amak zain dagoen bitartean kuluska bat egingo duela, eta hantxe hartzen du lo, zelai gainean, kuzkurturik, amapola odoldu bat gari berdearen artean.

Honaino bakarrik gogoratzen du ametsa esnatutakoan, aurrera egin duela jakinda ere. Gutxienez bost minutu gelditzen da ohean esnatzerakoan zuen jarrera berean, ezer mugitu gabe. Alferrik, ametsaren jarraipena galdua da ordenagailuaren barruan, eta segur aski ez du sekula berraurkituko edo ustegabean azaleratuko zaio."

Laura Garate hainbeste miresten duen Amarengana hurbildu nahian dabil beti eta hirugarren amets honetan erdietsiko du. Hauxe da Freuden ikuspuntuaren mamitze nabariena euskal eleberrietako etakideen ametsen artean: ametsa gurari baten gauzatzea da. Irakurleak badaki Laura Garatek Amarekiko harremana nahi duela eta ametsa irakurri orduko ohartzen da konpentsaziozko betekizun horretaz. Gainera, Laura bera geratzen da Amaren loaren babesle eta umeen erantzule, nolabait Ama bilakatua.

Izan ere, Laura Garatek larregi idealizatu du Ama eta nobelak aurrera egin ahala, idoloa arrakalatuko zaio. Zehazki, Amaren koadernoa irakurriz jausiko zaio mitoa. Laura Garatek ETAko buruzagi gogorra miresten zuen, familiarik ez zuena, behar ere ez, berak ez bezala. Baina koadernoa irakurri ahala Ama batez ere Ama dela ohartuko da eta autoerrukia leporatuko dio. Laura biziki haserretuko da Amaren idazkeran biktimarena egiten ari dela sumatzen duelarik, txori babesgabearena, aginpide zabaleko emakumetzat baitzuen. Aldi berean hurbilduko zaie Ama desidealizatzeari, Mireni eta bere burua ezagutzeari, Amaren koaderno gorriaren bidez.

Laurak koaderno gorria eman behar dio Mireni eta setiatze, inguratze, hurbiltze eta emate prozesu baten amaieran helburua erdietsiko du. Eleberria egituratuta dago pixkanaka kulminazio batera iristen den ibilbide gisa, gola sartu, gailurra zapaldu, orgasmoa. Lauraren eta Mirenen arteko besarkadak eta euskal koadernoaren helarazteak burutuko dute eleberria.

Izugarria baita izkribuaren ahala: bizitzak alda, honda, salba, berreros, apain ditzake. Amaren koadernoa zubia da, elikadura da, altxorra, bizia: horregatik nahi du Mirenek jatorrizkoa, Amak idatzirikoa, euskarazkoa. Mirenek euskara ahaztua duenez, Laurak gazteleratuko du, Laura bitartekaria baita, mezularia, itzultzailea, baina alferrik, Mirenek Amarena berarena nahi baitu, Amaren ahotsa bere horretan ulertu: euskaraz ikasiko omen du eta hemezortzi urte bete orduko amaren bila joango da.

XX. mendeko nobela peto-petoa, ez dago telefono mugikorrik.

Ireneren ametsen segidaren zentzua

mzap 2005/07/05 10:42

"Zeru horiek"eko ametsen segidak badu zentzu bat, Irene ametsa uztera eta dagoenarekin nahastera daraman norabidea. Iraganetik bereiziko da aurrena eta etorkizunetik gero, azkenik orainaldian pausatzeko.

Lehen ametsa, iraganaren zama Ireneren gainean: astunagoa baita, kaltegarriagoa buru osasunarentzat, iraganaren kateen pean bizitzea, etorkizunari uztarturik baino. Esaterako, iraganaren korapiloek ito zuten Carlos.

Horrela, bigarren ametsean, etorkizun utopiko bat pintatuko digu Irenek, baina urruti kokatua, Argentinako Pampan. Bitxia da gero, ezein etakidek ez du Euskal Herri libre atsegin batekin amets egingo, eta jendarte polit bat ageri delarik Pampan bezain urruti izan behar.

Hirugarren ametseko etorkizunak galdu du kutsu utopikoa, eskuragarriagoa da, errealitatetik hurbilagoa: Bilbo ondoko etxe batean hiesdunak zaintzea, erizain.

Dena den, autobusetik jaitsi orduko erizaintzaren aukera baztertu eta errealitate gordinari aurre egitea erabakiko du: frustraziozko familia harremanei, damutu traidore statusari lagun ohien artean, kale ilunetako gernu latsei, Bilbo euritsuko bakardadeari.

Ireneren ametsek hiru urrats erakusten dizkigute, ametsen lilurarik gabe, benetan badenaren zirimolan, bizitzea erabakitzeko bidean.

Ezustekoa

mzap 2005/07/05 10:32

Lehen amets honen amaiera da txundigarriena oihartzunen aberastasunari, literatur teknikari eta irakurlearenean sorturiko zirrarari dagokienez.

Lehen irakurraldian, Ireneren aurkako polizien hitzek errealak dirudite, oso kezkagarriak dira, larregi daki poliziak Irenez. Gero, ametsari dagozkiola irakurri eta lasaitu ederra hartuko dugu.

Ordea, "Gizona bere bakardadean" irakurria baduzu, baldin badakizu ametsean ingurutik datozen entzumenezko zein ukimenezko sentsazioak txertatzeko Atxagaren joeraren berri, berbaro mehatxagarri hori erreala izan ote den susmoa hartuko duzu, Irenek ez bezala, espetxe barruan ez zioten eta "Gizona bere bakardadean" irakurtzen utziko.

Gerora poliziek Irenerekin erabiliko duten jokabidea bat dator hipotesi horrekin.

Ireneren lehenbiziko ametsa

mzap 2005/07/03 11:41

"Antzerti obra bailitzan, andrearen ametsak zazpi atal izan zituen, bakoitza bere eszenatoki eta pertsonaiekin; zenbaitetan, autobusaren mugimendu baldarren batek esnatzeko zorian jarritakoan eta, atal horiek pentsamendu izpiak edo oroitzapenak erantsi zitzaizkien, hala nola oinez dabilenaren zapatei lurra eta belarrak eransten zaizkien, eta une haietan antzerti obrak galdu egiten zuen bere naturaleza erabateko eta bakarra, eta zerbait nahasi bihurtzen zen, ez soilik amets, baita kontzientziaren mende sortutako irudien erakusle ere.

Ametsaren lehenengo atalaren eszenak lorategi zabal batean jokatzen ziren, hamar bat urte lehenago, berak hogeita zazpi zituenean.

-Ikustezue? Laster loretan jarriko dira –esan zuen eszenatoki hartan azalduz aristokrata itxurako gizon edadetu batek. Bere zilar euskarriko makila gereziondo zerrenda bati buruz zuzendua zeukan. Gereziondoen adarrak kimuz beteta zeuden.

-Goizegi, ez? Elurra egin dezake oraindik –erantzun zion berak burdin landuko baranda batetik. Baranda hura, harrizko etxe eder baten loggia-ri zegokion.

-Kostalde honetan ez dut uste. Lehengoan irakurri nuenez, Biarritzen ez du elurrik egin martxoan 1921etik -esan zuen hirugarren batek tartean sartuz. Oso itxura delikatuko mutil bat zen, hogeita hiru edo hogeita lau urtekoa, eta oso apalki ematen zen aditzera. Gezurra zirudien bera izatea aristokrataren etxean bildutako talderik erradikalenaren teorikoa.

Talderik erradikalenaren teorikoa, errepikatu zuen andreak lo eta esna egoeren mugetaraino joanez, eta bapatean eszena osoa argitu zitzaion. Beraiek, bera eta beste 15 bat pertsona -borroka armatuarekin lotutako 4 talde desberdinen partaideak, denak ere-, Biarritz inguruko aristokrata batek eskura jarritako palazioan bilduta zeuden, estrategia bateratu bat lortzeko modurik bat ote zenentz aztertzeko. Bilera hasi eta hiru egun geroago, akordioa orokorra zen salbu eta puntu batean: mota guztietako bankuak erasotu behar al ziren? Ala, alde batera utzi behar ziren Euskal Herrian eta Euskal Herriko diruarekin altxatutakoak? Desberdintasun hura zela eta, itxura delikatuko mutila eta bere taldea alde batean gelditzen ziren, eta gainerako guztiak bestean. Hain zuzen ere, gereziondoen inguruan aristokratak piztutako hizketaldi tribialak enfrentamenduak sortu egonezina arintzea zuen helburu.

-Jaitsiko al gara lorategira? -esan zion aristokratak loggian bildutako jende taldeari-. Eser gintezke magnolioaren azpiko mahai borobilean eta aperitif bat hartu. Ordubete baino gehiago falta da afarirako.

Taldeak baiezkoa eman zion zurrumurrutsu. Mutil delikatua beragana zuzendu zen.

-Zu izatera, jertse bat hartuko nuke. Egonean hotz dago.

Harritu egiten zuen mutil hark, kosta egiten zitzaion bere bi aldeak batzea. Pertsona berbera izan al zitekeen bileretan hain gogor hitzegiten zuena -banku guzti-guztiak izan behar dute talde iraultzaile baten helburu- eta jertsea jartzeko kontseilatzen ziona? Baina ez zegoen dudarik. Pertsona berbera zen. Bilera hartan, Larrea deitzen zioten.

Autobusak bozina jo zion norbaiti, eta andreak altxatu egin zuen golkorantz erorita zeukan burua. Erabat esnatu aurretik, ordea, ametsean murgildu zen berriro eta bigarren eszena bat ikusi zuen, aurrenekoaren segida. Bertan, bileran parte hartutako gehienak magnoliaren azpiko mahaiaren inguruan eserita zeuden; ilunbetan, zeren eta zuhaitzaren itzalak jan egiten baitzuen arratsaldeari gelditzen zitzaion argi urria.

Bera ere mahai hartan zegoen, ideia bat buruan zuela, edo zehatzago, ideia batek burua hartzen ziola. Bai, bilera bukatzeko egun bakar bat falta zen, eta handik aurrera, talde desberdinetakoak zirenez, Larrea eta biek ez zuten elkar ikusiko.

Apurka, mahaikideen elkarrizketa arina erdizka bakarrik jarraituz -gainera, aristokratak hitzegiten zuen gehiena, eta gizon hura aspergarria egiten zitzaion-, ideia hark ideia biki bat sortu zuen bere gogoan, alegia ezin zuela bereizketa hura ametitu, nola edo hala luzatu egin behar ziola eskua Larrea esaten zioten mutil hari, eta luzatu, zergatik ez, orduantxe bertan eta zentzu hertsian, egiazki. Bere alboan Yeti esaten zioten bere taldekidea zegoen, eta haren hurrena, Larrea. Bai, heldu egingo zion eskutik.

Aristokratak pasadizo bat kontatu berria zuen, eta mahaiko denek barre egiten zuten; berak ez, ordea, bera aztoratua baitzegoen une hartan buruan zerabiltzan pentsamenduak zirela eta. Bapatean, zentzua hartzen zien bileretan gertatutako hainbat fenomenori. Esate baterako, ez zitzaiola sekula burutik pasa mutil haren argudioei aurre egitea, edo areago, molestatu egiten zela norbaitek, baita bere taldekoren batek ere, zakarki hitzegiten bazion. Eta atseden tarteetan, afari eta bazkarietan bezala, harengandik hurbil kokatzen ahalegintzen zela.

Bermut pixka bat edan eta edariarekin batera etorritako azeituna jan zuen. Onartu behar ote zuen? Esan behar ote zuen hitza? Urtebete baino gehiago zeraman dibortziaturik. Maiteminduta ote zegoen?

Aristokratak kontu kontari jarraitu zuen, arratsalde hartako bileraren tentsioa arintzearren orduan ere, eta bere bermutaren ontzi lodia, eskuan zeukana, alde batera zein bestera mugitzen zuen.

Ontzi hartan zegoen azeitunari begira gelditu zen bera.

-Azeituna ahora eramaten duenean, eskutik helduko diot Larreari -pentsatu zuen. Ez zirudien operazio erraza, zeren eta Yetiren bizkar atzetik pasa beharko baitzuen besoa, sekretuki, inork ikusi gabe. Zer gertatuko zen bere taldekoren batek ikusten bazuen? Eta zer gertatuko zen Larreak bere eskua arbuiatzen bazuen? Pentsamendu haiek taupadaka jarri zioten bihotza. Egia magnoliaren azpi hura gero eta ilunago zegoela, baina arriskua ere -lotsagarri gelditzekoa, edo mutil hura betirako galtzekoa -gero eta handiagoa iruditzen zitzaion.

Seinalearen zain jarri eta handik gutxira, aristokrata ontziari begira gelditu zen, zerbaiten bila bezala, eta jarraian -berari eternalak egin zitzaizkion une haiek-, txotxari ezin helduz ibili zen. Lortu zuen azkenean, eta azeituna bere ahoan ezkutatu zen.

Aristokratak mahai gainean utzi zuen txotxa, eta berak atzeraka bota zuen gorputza. Jarraian, postura hartan bospasei segundu mantendu eta gero, ezkerreko besoa Yetiren atzekaldetik pasatzen hasi zen.

-Noiz afaldu behar dugu? Gosetuta nago -esan zuen mahaikide batek. Bere besoa kolpetik gelditu zen.

-Aurrena buka ditzagun gure bermutak -esan zuen aristokratak.

Larrea eta Yetiren artean berak uste baino tarte handiagoa zegoen, eta bere besoaren bi halako beharko zituzkeela konturatu zen. Zailtasun hari, gainera, bigarren bat gehitu zitzaion, zeren eta gorputza okertu eta besoa areago eramaten saiatu zenean, Yetik, bere posturaren zioa gaizki ulertuz edo, besarkatu eta beragana erakarri baitzuen.

-Hotz pittin bat egiten du, ez? -esan zuen aristokrataren ondoan eserita zegoen batek, eta bizpahiru baiezko gaineratu zitzaizkion iritziari. Une batetik bestera, jendea mahaitik altxatzen hasiko zen.

Hitzik gabe, bere taldekidearen besarkadatik libratu eta azken saio bat egin zuen Larreagana. Ahalik eta gehiena luzatu zituen bere beso, esku eta behatzak, bereziki indizea.

Probabilitate guztien aurka, zerbait inefablea gertatu zen orduan. Bere behatz indizeak beste norbaiten behatz indizea ukitu zuen bete-betean, bera izutuz noski, zeren eta ustegabea izugarria izaten baita estraineko unean. Ordea segituan, nahiz eta ilun egon, Larrearen besoa ikusi zuen begi zirrikituarekin. Beragana luzatuta zegoen.

Ametsaren irudiak zirela eta, andreak berritu egin zuen kontakto sotil hark sortu zirrara, eta kuxkurtu egin zen autobusaren salatxoko eserlekuan. Hurrengo unean, ordea, autobusa -benetan hegaka zihoan, 160an edo- bidearen sakon batean kulunkatu zen berari zorabio moduko bat eragin eta begiak irekiaraziz. Une batez, leihoz bestaldean, pinudi artean kokaturiko herrixka bat ikusi zuen, eta haren gaineko zeru urdina. Ondo zegoela pentsatu zuen, ondo zegoela urdintasun hura. Jarraian, begiak berriro itxi eta lorategiko eszena berreskuratzen ahalegindu zen.

Alferrik, ordea. Ametsak beste norabide bat hartua zuen, eta eszena berri bat azaldu zitzaion gogoan. Bertan, bera eta Yeti izeneko taldekidea akuario batean zeuden. Balea baten hezurdura erraldoia osorik gordetzen zuen solairuan, hain zuzen ere.

-Zein jostaketatan zabiltza? -galdetu zion Yetik.

-Ez dizut ulertzen -erantzun zion berak balearen isats hezurrerantz urrunduz. Ziztada bat sentitu zuen buruan.

-Egon zaitez geldirik, mesedez. Esan behar dizudana oso serioa da -esan zion Yetik. Bere tamaina zela eta, ez zitzaion mugitzea gustatzen.

-Hezur horiei begiratu bat emanez hitzegitea naturalagoa dela iruditzen zait. Susmoak sor ditzakegu bestela.

Egun hartan akuarioa bisitatzen ari ziren eskola umeak azaldu zitzaizkion bapatean. Koloretako arrainen kaiola-ontzien inguruan biltzen ziren gehienak, eta olagarroenean beste batzuk. Lanprea beltzen ondoan berriz neska koxkor bakar bat zegoen. Bera ote zen? Bera ote zen umetan? Baina ametsak ekarritako galdera horiek sortu orduko desegin ziren, eta Yetiren aurpegia ikusi zuen berriro.

-Oso ondo ulertzen didazu. Mutil horrekin zabiltza, Larrearekin. Elkar ikusten duzue. Badakigu. Inolako dudarik gabe, gainera. Inolako dudarik gabe.

Bere itxuraz bestera, ez zen gizon zakarra. Hasperen egin zuen, eta balearen saihets hezur batetik pasa zuen eskua.

-Nork esan du? Seguritateko jendeak?

-Oso arriskutsua da organizazioarentzat. Oso arriskutsua. Yetik bi aldiz esaten zituen gauzak. Iltzea oholean bezalaxe, ideia ondo sartua gera zedila.

-Zergatik da arriskutsua?

Hitzak ahotik ateratzen zitzaizkion, baina bere baitan inolako oihartzunik sortu gabe. Itxuraz absurdoak ziren gaiak etortzen zitzaizkion burura. Hezur haien jabe izandako baleak zer neurri ote zituen, esate baterako.

-Bera eta bere taldexka horretako guztiak poliziaren kontrolpean daude.

-Hori ez da egia.

Itsasoan bizi zela, zein ote bale haren abiada igeri egiterakoan? Eta noraino murgiltzen ote? Ehun metroetaraino bai? Galderak bere kabuz bezala etortzen zitzaizkion burura.

-Egia da. Poliziak panpinak bezala mugitzen ditu. Seguru asko, zu ere detektatua egongo zara honez gero.

-Badakit beraiek beste estrategia bat daramatela, baina poliziaren kontrolpean daudela esatea sektario baten iritzia iruditzen zait.

-Zuen harreman horiek ezinezkoak dira. Banatu egin behar duzue. Lehenbailehen. Ez naiz brometan ari. Organizazioaren agindua da.

-Pentsatuko dut.

-Ez da pentsatzeko kontua edo ez pentsatzekoa! Arren! Kontura zaitez! Agindu bat da! Ulertzen? Agindu bat da! Yetik kolpetik utzi zion garrasi egiteari.

-Agindu bat da. Agindu bat –berresan zion gero, besoa bizkar gainetik pasa eta goxoki hitz egiten ziola. Negarrez hasi zen bera. Azkenean, mezua joana zitzaion kontzientziaren barrura. Bai, ulertzen zuen. Larrea ez zuen gehiago ikusiko. Edo bai, beste aldi batez ikusiko zuen, just to say godd bye.

Une batez, erdizka esnatu eta itsututa gelditu zen eguzkiaren argiarekin. Begiak irekitzeko gauza izan zenean, desertu itxurako lur bat zeharkatzen ari zirela konturatu zen. Handik gutxira, autobusak beste kilometro bat egin zuenean, argindarraren zuntoi metaliko batzuk ikusi zituen, eta hamarren bat bele zuntoi haietako baten inguruan hegaka.

-Lo nago -pentsatu zuen burua bestaldera jiratu eta beste irudi batzuen bila. Izan berri zuen ametsari heldu nahi zion ostera.

Tarte luze samar bat egin zen begiak itxita eta autobusaren behe partean sentitzen zituen elkarrizketak jarraituz. Azkenean, ahotsak urrundu egiten zirela iruditu zitzaion, eta lore bat ikusi zuen. More koloreko geranio bat bainugela baten leiho pinportadunaren atzealdean.

-Eta zuk, zer nahi duzu? Uztea? -esan zuen Larreak eszenan azalduz. Dutxa bat hartzen ari zen, eta ur beroak gorridurak sortzen zizkion sorbalda eta beso txurietan.

-Badakizu ezetz -erantzun zion berak bainugelako aulki batetik. Gorputza toaja haundi batean bildua zeukan, eta zigarro bat erretzen ari zen.

-Zenbat aukera dauzkagu? -esan zuen Larreak dutxaren ura moztuz-. Ez asko, nire ustez. Nik ezin dizut eskatu nire organizazioan sar zaitezen, eta zuk berdin, ezin didazu zure jendearekin joan nadin eskatu. Ez litzateke serioa. Gainera, egia osoa esateko, zure jendeak ez ninduke onartuko.

Larreak baineran egiten zituen mugimenduen arabera, kristalaren atzealdeko geranioa azaldu eta ezkutatu egiten zitzaion bistatik.

-Beraz, bi aukera. Edo jarraitzen dugu orain arte bezala, talde diziplinari uko eginez, edo despeditu egiten gara gaur.

Aristokrataren etxean ezagutu eta aurreneko aldiz tentsioa zegoen beraien artean.

-Ez dugu gure kasua Romeo eta Julietarenarekin nahastu behar. Gu ez gara hain gazteak –esan zuen Larreak toaja hartu eta lehortzen hasiz. Irribarre egiten zuen, baina bere golkorako bezala.

-Zenbat urte zituzten Romeo eta Julietak? -galdetu zion berak. Hartzear zeuden erabakiaren hurbiltasunak eztarria marrantatzen zion, eta erlats sortzen zitzaizkion hitzak.

-Romeok ez dakit, baina Julietak hamabost edo hamasei.

-Egia, orduan. Gu baino askozaz ere gazteagoak ziren. -Hasperen egin zuen-. Oso ondo, jaztera noa.

-Zer pentsatzen duzu? Ez didala inporta? -esan zion Larreak atzetik etorri eta gelan sartuz.

Ametsean ez zitzaion galdera haren hurrengorik azaldu. Horren ordez egun hartako azken eszena ikusi zuen, biak egondako etxearen atarian. Larreak, autoaren motorra piztu eta gero, leihatila jaisteari ekin zion handik eskua atera eta, abiatzearekin batera, pasaeran, bere eskua ukitzeko. Ordea egun hartan, aristokrataren etxeko lorategian ez bezala, despedidaren urduritasunagatik agian, huts egin zuten, eta beraien eskuak ez ziren airean egokitu.

Itxura batera Larreak duda egin zuen, frenatu eta jestu hura ondo osatu ala aurrera jarraitu, zeren eta autoaren motorrak geldiketa hots bat egin baitzuen, baina azkenean bigarren aukerari heldu zion. Kalean aurrera urruntzen ikusi zuen berak. Betiko, zeren Larrea hondartza batean hilda azalduko baitzen 15 egun geroago. Poliziak jarritako enbuskada batean, egunkariek ekarri zutenez.

BatPatean, Yetiren aurpegia azaldu zen eszenan.

-Andreek dena nahasten duzue! Dena nahasten duzue! -oihutu zion-. Nola esan dezakezu guk saldu genuela? Guk eliminatu nahi izan bagenu guk geuk emango genion tiroa! Guk geuk! Ulertzen? Ez gara poliziari txibatazoak ematen ibiltzen, bazenekiela uste nuen. Begira, gauza bat egingo dugu. Oso urduri zaude. Joan zaitez Parisera hamar egun pasatzera eta lasai zaitez.

-Ez dut Parisera joan nahi. Nahiago dut ekintza batean parte hartzea.

-Dena nahasten duzue! Dena! -Yetik tira egiten zion bizarrari, eta imintzioak egiten zituen- Bada ez! Ez duzu inongo ekintzatan parte hartuko! Parisera joango zara! Edo areago oraindik, hiru hilabete egongo zara organizaziotik apartatuta!

Ahots berri bat sartu zen eszena hartan.

-Oso jende arriskutsua da, dudarik gabe zioen ahotsak. Gizonezkoarena zen.- Urte asko pasatzen dituzten diziplina gogor baten menpean eta basatikeriak egiten, eta gero ezin dira eguneroko bizitzara egokitu. Vietnamgo gerran ibilitako soldaduak bezala.

-Lehengo egunean, horren inguruko film bat jarri genuen bideoan. Vietnamgo beterano batek supermerkatu bateko jendea bahitzen zuen marmelada pote baten gorabeheragatik. Gizonari erantzuten ziona autobuseko azafata zen, dudarik gabe. Berataz ari ote ziren? Berehala, gizonezkoak arrazoi eman zion bere beldurrari.

-Begiraiozu, orain lo dago eta emakume arrunt bat ematen du. Baina egun bat darama gartzelaz kanpo eta dagoeneko egin du bere azioa. Gizon bat zehar markatuta utzi du gaur goizean. Sekulako zauriak egin dizkio labana batekin. Labana batekin edo beste zerbaitekin, zeren ebakiak ez baitira garbiak. Ez dakit beharbada hortzekiko labana horietako batekin egin dio eraso. Horregatik nago autobus honetan, berriro gartzelara eramateko. Auskalo zer egingo duen bestela.

Andreak antza hartu zion ahots hari. Ez al zen Bartzelonako geltokian pospolo batekin azaldutakoa? Ez al zen korbata gorriko hura? Galdera hari erantzun aurretik, belaunean jo zion zerbaitek, eta bera garrasika hasi zen.

Eserlekuan zutitu eta begiak zabaldu zituen. Apur bat harrituta, ordurarteko guztia, garrasia barne, ametsaren alderdian gertatutako zerbait zela konturatu zen, eta bere inguruko guztia soseguz zegoela. (54-66 orr.)

Zeru horiek

mzap 2005/07/03 11:33

Paradoxaz, euskal literaturan garbi iragartzen den lehenbiziko ametsa, "Zeru horiek"eko lehena, AMETSA izenburupean kokatua, ametsik luzeena, horixe da amets idatzien artean amets erreal baten antz gutxien duena. Zatikaturiko oroitzapen bat da gehiago. Gomuta historiko bat, borondateak zuzendua. Euskal eleberrietako emakume etakideen borondateak askoz ere kementsuagoak dira gizonezkoenak baino amets egiteko orduan. Nola Irene hala "Koaderno gorria"ko Laura Garate, borondatea ametsean ere txertatzen ahaleginduko dira, ametsaren norakoa bideratzen, baita zenbaitetan lortu ere, esate baterako Ireneren lehen eta hirugarren ametsetan.

(Bestelakoa da "Pasaia blues"eko Olatzen eta Martaren indarra, txatarrari eta zulo beltzei uztartuagoa.)

Ez dut uste egia osoa denik garai batean bederen ETAren etsaien artean berehala egingo zen irakurketa ("andrazko militanteari halako erakunde militar matxista batean soilik begiak itxi ostean zabaltzen zaio borondatea erabiltzeko aukera".)

Orduan?

Ireneren lehen ametsa oroitzapen batek beteko du, narrazio koherente eta kronologikoki antolatu batek. Narratzaileak benetan gertaturikotzat har dezagun nahi du. Zentzu horretan, informaziozko ametsa da, Ireneren sentimenduetan eta jarreretan barneratzen laguntzen diguna.

Ireneren eta Larrearen hatzen eta bizitzen biltzea eta bereiztea kontatzen zaigu.

Irene irten berria da espetxetik eta bertan Margarita argentinarra izan du lagunik onena. Margaritak, Irenek espetxea uzterakoan, Migel Angelen margolan bat oparitu dio: irudian, Jainkoaren eta Adanen hatz elkarri luzatuak ez dira elkar ukitzera helduko. Irene maiz gelditzen zitzaion luzaro begira. Margarita ziur zen bilbotarraren bizitzako pasarte sekretu erabakigarri bat irudikatzen duela.

Lehen ametsak kontatuko digu.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.