Hannah Arendt eta kontsumo gizartea
Hannah Arendt izan da kontsumo gizartearen kritika hitzez hitzezkoa egin duen lehenbizikoa. Ez du, ohi bezala, behar aizunak eta faltsuak artifizialki sortzen dituen heinean kritikatu, baizik “kontsumo” gizarte den heinean.
Arendtek lana, fabrikazioa eta ekintza bereizten ditu.
“Lanak” bizitzako prozesuak barnebiltzen ditu. Lanak ez du hasierarik ez amaierarik, kontsumo-gaiak ekoizten baititu, eta kontsumo-gaiak hain zuzen kontsumituak izatera daude destinatuak, alegia suntsituak, eta kontsumituak ez badira denborak akabatzen ditu. Halatan, lanean amaierarik ez ezik helbururik ere ez dago, bizitzaren helburu bakarra kontsumoa baita. Bizitzarenak errepikatzen diren prozesuak dira, eta ziklikoak: etengabe ekoitzi behar dira behin eta berriro kontsumo-gaiak. Bizitzeko kontsumitzen dugu baina hein handi batean baita kontsumitzeko bizi ere. Zentzu honetan betiereko itzulera dugu, ekoitzi eta kontsumitu, prozesu aseezin bat, gizakia errepikatze azkengabe horretan irenstearekin mehatxatzen duena.
Kontsumo-gaia, bestalde, ez zaigu bere horretan ageri, ezin dugu benetan ikusi, ez baitzaigu bulka baten korrelatu baino, berehala geureganatu beharrekoa.
Oso bestelakoa da “fabrikazioa”: batetik, badu hasiera, baita helbururen bat ere. Fabrikazioak eredu bat aurreikusten du, proiektatzen du, eta behin obra eginikoan bukatu egiten da. Horrela, lanean ez bezala giza denbora sortuko da fabrikazioan, etorkizuneko proiektuari lotua.
Bestetik, bizitzako prozesuetatik bereizte bat ere badago, askatze bat, fabrikazioak obra bera ikustea ahalbidetzen baitigu: izan ere, kontsumo-gaia ez bezala, fabrikaturiko obra ez da pultsio eta behar baten korrelatu huts; aitzitik, jarrera naturala kako artean zintzilik gelditu eta zabaltze bat gertatzen zaigu obraren aurrean, irekitze bat. Bertan obra bera ageri zaigu. Heideggerren berbetan, erleak ez du lorea lore den heinean ikusten; kitzikapen bati, kolore bati erantzuten dio. Gizakiak aitzitik zenbaitetan bai. Eta obrari bere horretan begiratu ahal izateak zure burua beharraren prozesu naturaletik askatu duzula adierazten du, obraren aurrean pentsatu egin bailiteke, ez soilik erreakzionatu.
Arendtentzat hori mirari antzeko bat da. Konrad Lorenz bizitzaren mirariaz mintzo zen: adaptazioa zen Lorenzentzat miraria. Arendten miraria berriz prozesu naturalaren etetea da, edo bestela esanda giza ekimena, hasiera. Hasiera horrek zabaltzen digu aurrean duguna.
Hala ere, fabrikazioa itzul daiteke erabiltze hutserako gauzen ekoizpen izatera; horrela, fabrikazioaren esparruan berriro ager liteke gizakiek erantzun eta erreakzionatu baino egin ez dezaketen kontsumo-gai bilakaturiko gauza mordoa. Kasuotan gauzak berriro opaku bilakatzen dira, ez zaizkigu beren horretan ageri, baizik bitartekoen eta helburuen kateamendu naturalean harrapatuak.
Azkenik, “ekintzak” pluraltasuna babesten du. Ekintzak ahalbidetuko liguke jasorikotik eta ekonomiatik bereiztea eta askatzea. Baina gure garaiak aukera hori gero eta nabarmenago ukatzen digu. Balirudike ekintza desagertu dela, lanaren eta kontsumoaren txandakatze monotonoaren mesedetan. Egia da aukerak sortu ditugula lan gutxiago eginez gehiago kontsumitu ahal izateko, baina bizitzaren zikloan harrapatuak jarraitzen dugu haatik. Zentzu horretan deritzo Arendtek gureari “kontsumo gizarte”. Arendtek kontsumoan naturaren mendekua ikusten du, kontsumo gizartean bizitza, biologia, gainerako giza esparruez nagusitu bailitzan.
Totalitarismoaren ezaugarri baldin bada politika eza, edo ororen politizazioa, Arendtentzat gure gizarteetan kontsumoa bizitza aktiboaz jabetu da. Gizakien arteko harreman politikoa beharrean agertoki publiko batean, kontsumoa kitzikatzeko publizitatea dugu, eta politika bera publizitatearen menpe.
Paradoxaz, zenbat eta teknikak bereganatuagoa gizartea, hainbat eta nabarmenago itzultzen da gizakia “animal laborans” huts izatera, dinamismo bizi eta bortitz batera, bizi prozesuaren etengabeko zikloan preso, beti lanaren eta kontsumoaren beharraren menpe. Halatan, gaur egun ekintza guztiak kontsumoaren arabera mamitzeko joera genuke, “kontsumo” hitzaren zentzu biologikoan.
Hori bai gizartearen portreta bortitz eta gordina. Zelan apurtu, ordea? Orain arteko aukerek kontsumitzeko beste mozorro batzuk baino ez dituzte proposatu..