Saharar baten fandangoa
Ikasgelan gerta daitekeen berrikuntzarik zoragarrienetako bat etorkin komunikatibo atsegin baten agerpena da. Isilen eta lotsatien xarma bestelakoa da, eta badira bestalde batere xarmarik gabeko franko, autoktonoen artean bezalaxe.
14-18 urteko ikasleen obsesio bat izen ona izaten da, populartasuna laguntaldean eta ikastaldean. Eta ikasle taldeak betearazten dituen arauak talde klandestinoenak eta sekta apokaliptikoenak baino zorrotzagoak izaten dira, besteak beste zaletasunei, mintzamoldeari eta janzkerari dagokienez. Arrastotik apur bat bereiziz gero, akabo eta fini: iseka, baztertzea eta abar. Taldeari goitik behera egokitzen zaio nerabea, ikaskideen onarpena behar du, gatazkarik ez.
Eta hara hor etorkin zoriontsua, beste arraza batekoa, bestelako ohiturak eta balioak dituena, umore bertokoontzat arraro eta sarritan ulergaitza batere lotsarik gabe erakutsiz, sorterriko gorabeherak sekulako graziaz kontari, ikastaldeko jauntxoek eta harroxkoek abiarazten dituzten irainak eta trufak nahi gabe bezala ebakiz. Inozentzia saindu batek mugitzen ote du, edo azerikeria goxo batek, edo biak nahasirik?
Gali Muhamedek berehala deuseztatu ditu taldearen uztarri lodiak. Apurtu dira kateak. Biba Berango.
Ze ariketa polita, Gali imajinatzea.
Nik bere hobebeharrez, nahi nuke azerikeria izatea gehiago mutilak. Azerikeria ez da galtzen denborarekin. Alderantziz, sendotu egiten da, indartu.
Inuzentzia aldiz, gaztetako edertasuna bezelaxe, galduz galduz juten da, denboraren poderioan.
Nahiz tarteka, ni bezelako salbuespenak aurki daitezkeen: beti inuxente, eta beti eder.