Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Artaldeak babesturik burua galdu

Artaldeak babesturik burua galdu

mzap 2006/10/11 11:00

Kale zurruta, Asier Agirre ederki inspiratuak “botila festa” bataiatu duena (Bermeon "litruek" da, "litruek egin"), gure gazteek sozializatzeko erabiltzen duten bide nagusia da, politika erakundeekin eta kirolarekin batera. Guztia esatearren, oraindik badira gurean talde erlijiosoak eta boy scoutak igandeetan mendian gitarra lagun “Dominique-nique-nique” abesten dutenak. Helburua, beti ere, flipatzea da, kalimotxoaren bidez, gorputzaren ahalmena muturrera eramanez edota forma sakratua irentsiz. Artaldeak babesturik burua galtzea.

Ez dirudi hala ere artaldeak zeharo nagusitu direnik, utikan etsipen ezkor hori. Gazteen artean izango dira oraingoz ezkutatzea eta bakardadea nahiago dutenak, noizbait arranoaren edertasun arraroarekin hegaldatuko direnak. Horiek ongi dakite edateak edo ez edateak ez duela batere axola. Axola duena dena den adierazezina da, sekretua. Aska dezadan hortaz bolaluma.

BURUZAGIEK MATXINADA SUSTATU!?

Kale zurruta ez da helduen aurkako errebeldia adierazpen bat. Aitzitik, alde batetik helduen ohitura baten imitazio libre antzeko bat da: kuadrillan mozkortzea. Bestetik gazteak ez dira oso matxinoak gaur egun. Berez errebeldeak izan zitezkeenak noraezean dabiltza, desmobilizaturik. Ez baita harritzekoa: orain dela zenbait urte “Le Monde” egunkariak, normaltasunari arras uztartua, idazlan bat proposatu zien gazteei. Gaia, honelako zerbait: “Matxina zaitez. Gauzak ez dabiltza ondo. Erakutsi zure haserrea eta errebeldia.” Goitik agintzen badizute matxinatzeko, kolapsatu egiten zara. Buruzagiek matxinadak asmarazten dizkietelarik, gazte askok baezpada ere eta zalantzaren balantzaren zorabioak jota nahiago izan dute zaharrak imitatu eta botila festari ekin. Arrakastatsu gertatu da gazteak desaktibatzeko establishment-aren taktika hori.

KALE ZURRUTEROEN FILMA: EROA ETA ASTOA

Kale zurruta ez da beti berdin garatzen. Bizitzan bezala, ezustekoak erabakigarri gerta daitezke. Orain dela urte batzuk Bermeoko lagun talde batek industrialde batean egiten zituen botila festak. Beherago bada erreka bat, eta bertan asto bat egoten zen loturik. Astoaren arrantzek lasaitu eta humanizatu egiten zituzten gazteen moxkorraldiak.

Behin batean, ilbetea zen, gauez, zazpi gizaseme garbituak zituen gizon batek eroetxeko horma auskalo nola eskalatu eta ihes egin zuen. Aurrera jo eta aurkitu zuen lehenbiziko biziduna gure astoa izan zen. Makila hartu, egundoko amorruz jipoi itzela eman eta bertan hilik utzi zuen asto koitadua. Kale edo industrialde zurruteroek txunditurik ikusi zuten hilketa eta erabat moztu zitzaien jaia. Mugikorraz ertzainei deitu eta eroa atxilotu zuten.

etiketak: kalakakoak
asel
asel dio:
2006/10/17 13:12

Hori da larriena, bai. Mozkortu, gazte zein "heldu", denok egiten dugu, modu batean edo bestean. Arazoa da gazteek hor topatu dutela esparru bakarra: litroetan. Edota piluletan, beste garai batekoek zaldian topatu zuten legez. Sistemak ondo daki bere gurpilari jiraka zelan eutsi, inork ihes egin barik. Gero helduen eskandalu bakarra da gazte horiek biltzen diren lekuak ziki geratzen direla. Jakina, zerk kezkatu behar ditu bestela?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.