Jaiegun berriak
1-Bai Hispanitatearen egunean eta bai Konstituzioarenean beti ireki izan dugu lantokia. Zaila baitzaigu Guardia Zibilaren eguna ospatzea, nahiz Pilarikarena ere izan. Gestaporena ospatu beharra ere gogorra egingo litzaiguke, edota Kadirov-ena eta Anna Politkovskaia akabatu zuten Putinen lekaio edo esbirroen eguna.
Pilarreko Ama Birxinak mesede handiak egin dizkigu gizakioi, batez ere euskaldunoi. Nafarroako Blanka hiltzat jo zuten eta Pilarrek berpiztu zuen. 1637an eskale bati zangoa anputatu zioten eta hiru urte barru Ama Birxinak mirariz eta tanpez berregin zion. Pedro Apaolaza artzapezpikuak aldarrikatu zuen gertakizunaren mirari izaera. Beti ibili gara Pilarikarekin harremanetan. Begirunea zor diogu.
Badut lagun bat (izena nahiago du gordean), Fernando Arrabalen dizipulu eta ateo gogorra, Jainkoagan ez baina Pilarikagan aitzitik fede sutsua duena. Mirarien inguruko ironiarik ez haren aurrean. Pilarikak asko lagundu ei dio bere lanean, ordutegi onak lortzen, lantoki egokiak.
Aspaldion Pilarikari eskatzen ari zaio Diputazioak zentzuna eskuratu eta “Hitza”k diruz lagun ditzan.
2-Horrenbestez, Pilarikaren jaia ez da Egutegitik kendu behar. Ezta pentsatu ere. Gehienez ere ordeztu. (Joan den mendeko pentsalari politikorik garrantzitsuena izan dugun Hannah Arendt-en jaiotza ospatuz esaterako urriaren hamalauan.)
Bistan da lan gehiegi egiten dugula eta jai egun gehiago behar ditugula. Daudenei eutsi eta berriak asmatu. Arabiar eta txinatar etorkin ugari dauzkagu, eta abegi on egiteko era dotore bat litzateke esaterako Ramadanaren hasiera eta amaiera ospatzea, edota Bruce Leeren eta Txin Furen jaiotza. Beti ere hobe jaiotzak ospatzea heriotzak baino. Kezkagarria baita bataila galduak ospatzeko dugun joera: Noain, Amaiur, karlistadak, Gerra Zibila. Beti galtzen dugunez badugu non aukeratu.
Gainera, Irun eta Hondarribiko Alardeetan, dirudienez, irabazi zigun etsaiaren soinekoak janzten ditugu. Fredi Paiak “Berria”n idatzi zuen horrela jarraituz gero aurki Gasteizko Katedralean 1975an Fragak eta Martin Villak akabatu zituzten bost langileen hilketa ospatu egingo dugula pikoletoz jantzita.
Geure egutegia egin behar dugula bai, baina geure jaiak izanik gehiago izan daitezen! Kalkulatu behar dira beti zubi izateko. Santuak eta birjinak ez badira, Durrutiren jaioteguna (ez dakit noiz den) edo gizakiok zuhaitzetik jaitsi ginenekoa (ez dakit ospatzekoa den, ikusitakoa ikusita, baina tira). Aldatu, baina bista apur batekin, beti martitzen edo eguen izateko... Gero denbora gehiago izateko tabernetan kalaka ibiltzeko, hain gertu eta ze gutxi ikusten dugun elkar! (nik zu bai, ikusten zaitut, baina pantailari keinuak egin arren ez didazu inoiz agurra itzultzen, agian plato batean ez delako egokia...) ;-)