Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Pentsatzeko denbora

mzap 2004/11/13 23:00

Bada zenbait liburu klasiko gai nagusi baina apur bat gordearen inguruan diharduena, Filosofiaren Historiak eta pedagogiak sarritan gutxietsia: Nikomakorentzako Etika eta adiskidetasuna; Gauzen izaeraz eta mugimendua; Etika eta maitasuna; Arrazoimen hutsaren kritika eta denbora.

Kantek Parmenidesi eta Spinozari leporatu zien unibertsoa gizakiaren kaskotik aterarazi izana, magoak untxia nola. Kanten ustez, aldiz, gizakiak, adimen aktiboa badu ere, mundua ezagutzekotan, datuak jaso egin behar ditu, edukiak (anitza beti ere) emana (gegeben) behar du, beste nonbaitetik etorria. Ez da aski gizakiak pentsatzea, egiazko ezagutza izan dadin; beharrezkoa da orobat gizakiak gogoan harturiko objektuak berezko existentzia izan dezan, gogoan hartze horretatik berex. Giza kontzientziak bi osagai baititu: Begriff edo adigaia eta Anschauung edo intuizioa, eta azken honi dagokio gizakiari emaniko edukia (beti ere ugaria), gizakiak edo gizakiarengan sortua ez dena. Ugaritasun hori, gainera, espazioan eta denboran ageri zaigu ezinbestean

Horrenbestez, ezin dugu pentsatu, ez bazaigu anitza ematen eta ez badugu ugaria jasotzen. Ordea, dagoena ezin da ugaria izan, ezin da bere baitan bereizi, espazio ez bada edo espazioan ez bada: bi puntu geometriko berdin, ez daitezke elkarren artean bereiz, ez bada espazioan duten kokagune desberdinagatik; eta espazioa ez da beren baitan guztiz berdinak diren eta hala ere elkarren artean berex diren puntuen multzo mugagabea baizik. Haatik, ezagutu ahal izateko, aniztasuna bildu edo identifikatu egin behar da: Kantek dio ezagutza ekintza oro sintesia dela, ugaritasuna batzen baitu. "Zaldi" kontzeptuak, berbarako, zaldi enpiriko guztiak biltzen ditu. Eta, gizakiontzat, anitza ezin da berdindu edo identifikatu ez bada denboran.

Honelaxe argitzen du Kojèvek arazoa: A puntua eta B puntua identifikatzea, puntua A-tik B-ra igaroaraztea da; oro har, gauza desberdin bi identifikatzea, gauza bat eta bera aldatu dela adieraztea da. Halatan, denbora litzateke anitzaren berdintze ororen, edo aldaketa ororen, zeinahi ere diren, multzo infinitua.

Beraz, ezagutu, aniztasuna atzeman eta bildu, soilik denboran egin dezakegu, ugariaren atzematea bera baita, besteak beste, denbora. Sarritan onartu du filosofiak giza egia mintzozkoa denboraren une orotan ageri ahal dela; eta gizakiak denbora behar duela pentsatu ahal izateko. Baina Kant lehenbizikoa izan da gizakiak hau guztia akzidentala barik funtsezko duela azpimarratzen.

Gutxi fio Europaz

mzap 2004/11/11 22:55

Gaurko "Berria"k Jon Suduperen artikulu bat dakar, Bai Europari. Europako Konstituzioaren aldeko botoa eskatzen du, "arrazoi filosofikoak, politikoak, ekonomikoak eta kulturazkoak" kontuan hartuta.

Ordea, europazaleek jendaurrean ezin badituzte Suduperen arrazoiak baino aldarrikatu, heldu da susmoaren ordua, hain dira eskasak.

Sudupek gorroto etnikoak, txobinismo nazionalistak eta neurrigabeko erregionalismoak gaitzesten ditu, Europa goresten. Ematen du gure maitasunaren norabidea alda dezagun proposatzen digula, hurbil dugunetik handirantz, Europarantz. Hala ere, Suduperen maitatzeko maneran nabari da Lukrezioz geroztik amodioari leporatu izan zaion ezaugarri delirante bat: ezintasuna maitea ikusteko ez erabateko objektibotasunez, ezinezkoa baita, baina ezta zentzun orekatu batez ere. Maiteminduarentzat maite kankailua "maiestatetsu" edo anorexiko mutua "apal" edo berbalapiko traidorea "nortasun handiko" den bezala, Sudupek ere "La casa de la pradera" estiloko Europa bat margotu digu.

Europak jakintza sortu omen zuen; gainera, arrazoian, zientzian eta filosofian oinarritzen delako da Europa munduan gailen. Askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna aldarrikatu ditu eta ondorioz beste kulturak (Txina, India) baino garaiagoa izango ei da.

(Besteak baino gehiago izan nahi maniatiko hori bai, oso europarra da, baina egiaztatzen oso zaila. Ederragoak dira zinez gure bizialdiak beste kulturetako kideenak baino? Nola neur?)

Europan sarritan nagusi izan diren Husserl edo Habermas bezalako alemanek halakoak idaztea idealismorik negargarri eta arriskutsuenari egotzi behar zaio. Euskaldun baten ahotan, ostera, zeharo enigmatiko gertatzen dira.

Europak berezitasun zoragarri ugari du, jakina. Baina ez da komeni Historia ukatzea. XX. mendera mugatuz Gernika dugu, italiarren laguntza Francori (Francok berak izendatu Estatuburuaren menpe gaude aspaldi handian), De Gaullek hitza jan, Mitterrandek hitza jan (giza eskubideak aldarrikatu zituzten frantziarren artean, zazpitik bat depresioak jota dago), ingelesek hitza jan, AEBk hitza jan, Jose Antonio Agirreren etsipena europarren eta amerikarren traizioagatik demokraziari...

Orain dela gutxi egin dizkigute horiek, edo egiten ari zaizkigu. Europarenganako euskal sentimendurik ulergarriena, gaur egun, mesfidantza da, xuabe esatearren. Suduperen txepelkeria baino normalagoa behintzat bai. Gure konfidantza berreskuratu nahiko balu, Europari legokioke, harreman prozesu arrunten arabera, ganorazko zerbait egitea gure alde. Edo, aintzat hartuz guri dagozkigunetan zelakoak izaten diren europarren iniziatibak, patxada xede, zerbait EZ egitea: esate baterako, gure erabakiak ez oztopatzea.

Bestalde, aurreiritzi dialogistarik gabe Europa zer izan den ulertzen ahalegindu direnak (Rémi Brague, Peter Sloterdijk) bat datoz: Europa funtsean inperiogintza izan da. Eta da: Bush, Europaren ikasle beti lehen hori, giza eskubidea ganora handiz ari zaio Iraki aplikatzen. Gure Guardia Zibila ere, Europako faro hori, fuerte dabil. Ertzaintzak berriz arrazoi oso-oso garrantzitsuak ditu bere kalabozoetan kamerak ez jartzeko. Hain filosofikoak direnez arrazoiok, hain lotuak giza eskubideen sustatzeari, agintariek herritarroi ezkutatzen baitizkigute: ez genituzke ulertuko.

Sloterdijkek berriki Europari dagokion maila handiko egitasmo bat proposatu du, orain arteko inperiogintza bezain pizgarria: inperioak geldiaraztea. Baina ez soilik Irakeko sarraskia, hain europarra, baizik Europako Estatuen barrualdean antidemokratikoki ezartzen diren inperio arras anakronikoak. Estatuek apur bat lasaitu behar dute, eta herritarrek nahi dutena eragozteko indar eta diru gehiago alferrik ez galdu.

Mendebaldea, munduko beste edozein eremutik begiratuta, arrazoia eta askatasuna baino gehiago gurutzada odoltsua da. AEBak ditugu Europa zaharraren oinordeko eraso militarrak antolatzeko orduan. Gure kontinentea, berriz, eman ta zabal zazu egitasmo orokorraren barruan, munduari kolesterol altua duten pedofiloak esportatzen berezitzen ari da.

Serendularen minigonna

mzap 2004/11/09 20:36

Serendularen pilula izan zen mate. Ilkitxoak eta girigintxoak potorriren puntusemian kerritu arren, Serendulak, ekin eta ekin, muxiren gomindioak aise zituen bereganatu. Kunkulu ateri blaugrana pote handi bana bete sagu goizalban zihoazen. Baina txindata artista bat da jolasorduaren kaiolan. Utikan Serendula, askuzo alungoiti. Nipoia ulema, altuegigi jarrirri dutete trakaka. Horrelaxe potikildu ziren ingilitimaren mintzak, lastiminigonna.

Koko gose

mzap 2004/11/08 21:45

Izar ospetsu bilakatu zaigu Koko gorila, mila bat hitz ikasi baititu AMESLANez (American Sign Language, AEBetako gormutuen zeinu hizkera).

Berriki, Gorilen Fundazioak jarri dion apartamentuan, zaindariei adierazi die oinazea zuela ahoan. Ez zen hagineko mina baino; hala ere, sendabideak anestesia eskatuko zuela eta, Fundazioak aprobetxatu eta Kokori azterketa mediko osoa egitea erabaki zuen. Izar batekin lan egiteko lilurak bultzaturik, bolondres aritu ziren sendagile berezilariak.

(Giza izarren eta izar primateen arteko aldeaz, Stanford Ospitaleko Liang doktoreak ziurtatu du Koko apalagoa dela anitz OPI baino, kapritxo gutxiagokoa.)

Azterketaren ondoren, Koko bere sendagile/miresleekin elkartu zen, inpresioak trukatzeko. Sendagile emakume bati keinu egin zion, berarengana hurbil zedin. Emakumea, primatearen adimen bizkorrak harriturik, jolasteko asmoz, bere enpresaren txartela eman zion, zeina Kokok ziplo jan baitzuen.

Hitz elkarketaren ahala

mzap 2004/11/07 21:45

Azkuek zenbait egunkari frantsesek argitaratu albiste bat dakar "Morfología vasca"n (bigarren liburukia, 413. or.)

Frantsesen arabera, Suitza alemaneko egunkari batek substantibo bakar hau erabili zuen albiste baten berri emateko:

Vierdeciliterabgabeagitationskommissionsdelegiertenversammlungspetition.

(Hirurogeita hamaika letra ditu zehazki)

Itzulpena, inoiz baino gutxi gorabeherakoa, itzulpenaren itzulpenaren itzulpena baita:

"Bernako tabernariek, garagardoa garestitzearren, lau dezilitroko kaina kendu eta txikiagoaz ordeztea erabaki dute, salneurri berean, 15 zentimo. Kontsumitzaile batzuek, batzartuta, erabaki horren aurka egingo duen komisio bat izendatu dute. Ordezkariek eskakizun bat idatzi dute dagoeneko."

Brontze ernaltzailea, debeku

mzap 2004/11/06 11:02

Gure Luis Luzienek bazuen anaia bat, Pierre Bonaparte printze sutsua.

Napoleon III.aren lehengusuak ziren biak.

Pierre Bonapartek 1870ean Victor Noir kazetaria hil zuen.

Noir bisitan joan zitzaion printzeari, beronen eta "La Marseillaise" aldizkariko erredakzio buruaren arteko duelu bat hitzartzera. Baina Bonapartek Noir bertan akabatu zuen. Biharamunean zen kazetaria ezkontzekoa. Ez zuen hogeita bi urte baizik.

Noir errerepublikazalearen hilketaren ondoriozko balizko istiluak saihestearren, agintariek Paristik kanpo egin zituzten hileta elizkizunak. Baina 1891n gorpuzkinak Père-Lachaise hilerri ospetsura eraman zituzten.

Brontzezko estatua bat egin zuten kazetariaren omenez. Hilarrian kokatu zuten, etzanda, zerura begira. Ahozabalik ageri da Noir, besoak axolagabeki zintzilik, arropa erdi erantzirik eta hankarteari oparotasuna dariola.

Hain zuzen, kozkor eder horixe dago estatua kultuzko gauzaki fetitxista bilakatu duen legendaren jatorrian, duela berrogei bat urtez geroztik: estatuak ugalkortasuna sustatzen ei du. Haurdun gelditu nahi zuten emakume zenbait hilobira inguratu eta alualdeaz brontzezko zakila igurtzitzen eta marruskatzen zuten, are sartu. Orobat estatuaren boten puntak, ezkerrekoa bezala eskuinekoa. Estatuaren alboan loreak izaten ziren, baita ume jantzitxo eta zapatatxoak ere, esker ona adierazteko bertan utziak...

Baina orain, alkatearen aginduz, estatua hesiz bakartu dute, brontze-pusketa emankortasun bila zetozenen jazarpenetik babestearren.

Errotulu bat ezarri dute bertan: zigorgarri da estatua iraintzea, grafitiz, zirriz edo bestela.

Dirudienez, hilerriko bisitari batzuk kexatu eta ondorioz herriak ez du aurrerantzean Noirren estatua eskura izango.

Txapeldun handi baten omenez

mzap 2004/11/05 18:39

Asier Alegriak hamasei urte ditu eta 110 bat asto lasterketa irabazi ditu honez gero. Hamaika, hamabi eta hamahiru urte zituela Espainiako txapelketak irabazi zituen Trizion, Titin pilotariaren sorlekuan.

Ez da erraza astoa ganoraz gobernatzea. Behin batean, Gernikan, asteme batek zeraman Alegria, ohi bezala, baina supituki atzetik zetorren arra sexualki eszitatu eta Asierren emearen gainean jartzen ahalegindu zen behin eta berriro, biolentzia handiz. Azkenean hala ere Asierrek irabazi.

Hainbeste sekretu daki Alegriak astoaren abia mantsotu zein bizkortzeko. Gai da, berbarako, asto gainean eseri barik atzean patinetan astoari helduta zutik joanda ikaragarrizko lastertasuna lortzeko. Ezkerreko belarriari eragin eta segituan jartzen dizu astoa kintan, are sextan.

Gorabehera jakingarriak gertatu izan zaizkio astolaguna altan dela. Egun batean, lasterketa garrantzitsu bat hastera zihoala, astemea ukitze hutsak altatasunaren ohiko adierazpenak eragin zituen ezustean: haginez beteriko aho-zabaltze ikusgarria eta jarrera busti pasiboa, hain zuzen. Horrek noski dema irabaztea eragotzi zion, lasterketa bera hasi baino lehen.

Gutxi izan dira ordea Alegriak galdutako asto probak.

Horrelakoak entzunda, ziplo pizten da galdera: nolatan ez du Alegria bezalako punta-puntako txapeldun batek gizarte ezagutza handiagoa jaso? Zergatik ez da Del Horno edo Somarriba bezain ospetsu, bere kirolari ekarpen garrantzitsuagoak egiteaz gain domina gehiago irabazi baldin baditu?

Oso-oso ederra da asto proba, hunkigarria izatera hel daiteke gidariaren eta aberearen arteko konplizitatea, zerikusirik ez toreatzaileak zezenari eragiten dion torturazko odol-huste makabroarekin.

Asto demetatik bi-biak, piztia zein gizakia, bizirik irteten dira, konfiantza giro ederrean, eta gertuago sentitzen duzu zoofilia.

Gizajoa eragile

mzap 2004/11/03 16:32

"Errautsen distira" izenburuak iradokitzen duenez, bada oraindik aspaldiko gerra zibil hartako suaren txingarrak barrualdea berotzen dionik, are kiskaltzen. Lau dira Xabier Mendigurenen liburua osatzen duten kontakizunak. Narratzailea protagonista bera da lauretan, lehen pertsona erabiltzen du eta gerra bizi izan ez zuen lagun bat da, gure antzekoa. "Antziqako fotografixia"n zein "Zapero, gogoan zaitugu"n, protagonistak zerbait nahi du orain (ligatu, dirua); hori lortzeko aitzakia gisa gerra hartako pasadizoren bati buruzko ikerketa bat (historikoa, kazetaritzazkoa) egin beharra erabiliko du. Baina hasieran aitzakia zen ikerketa horrek, aurrera egin ahala, protagonista liluratu eta erakarri egingo du, halako indarrez, bidean aldatu edo desegingo baititu ligatu nahia eta diru beharra

Gerra garaiko gizaseme mota batek aldaraziko ditu gaur egungo protagonistak: gizajoak hain zuzen. Hildako gizajoak zein gizajotasunari esker bizirik irtendakoak. Gizajo haien itzalek protagonisten eta beren egungo gurarien arteko harremanak eraldatuko dituzte. Orduko koitaduen berri izateak balio moral jakin bat indartuko die: duintasuna. Kolpe moral horrek zerbait EZ egiteko erabakia hartzera bultzatuko ditu: ganora barik ligatu, xoxa eskuratzearren egia ezkutatu, faxisten musikaz maiteminduta gozatu...

Zentzu horretan, azkeneko ipuina, "Biziak ez zuen txoria balio", duzu anbiguoena. Bertan, izan ere, gerra garaiko sekretuaren desestaltzeak bi bider eramango baitu protagonista ukora: aurrena, musikari faxistak protagonistaren aita inozoaren bizia salbatu izanak haren omenezko estatua zartatzea eragotziko dio (protagonistaren jokabide hori ez dator bat gurean "duintasun" hitzak bereganatu duen adierarekin); baina gero, salbatu ez zituenen oroitzapenak haren musika joko duen kontzertuari muzina dio aginduko.

Azkenik, "Aita Morlans itzuli da" ilun antologikoak kontrapuntua egingo die beste hiru ipuinei. Alde batetik, bertan ez da koitadurik ageri, fraideak direlako nagusi beharbada. Bestetik, bertakoa izango da hasieratik egia benetan ezagutu nahi duen protagonista bakarra. Bera izango da ordea egia ezagutzera helduko ez den protagonista bakarra, fraideak direlako nagusi beharbada.

Kaputxinoak dira "Errautsen distira"ko pertsonaiarik arriskutsuenak, eroenak eta biribilenak. Sasoi batean bazen gizatasun handi bat zerion makina bat fraide maltzur, minbizia baino gaiztoagoak. Orain udaltzainak nabari dira gehiago, baina gizajoagoak dira, borra bera ere lotsaz bezala erabiltzen dute.

Gure amama, golpista baten zerbitzari

mzap 2004/11/01 16:52

Atzoko "Berria"n Zeller jenerala aipatu zuten, De Gaulleren aurkako putxista. Algeriaren burujabetza onartzen ez zuelako matxinatu zitzaion André Zeller presidenteari.

Gure amama, Anttoni Peluaga, neskame jarri zuten Zellerrenean, Poitiersen, altxamendu faxista zela eta Irundik ihes egin behar izan ondoren. Oso ongi konpontzen ziren. Amamak batez ere Zellerren seme bat jagoten zuen, Michel, diabetikoa. Bestea, Jacques, bigarren mundu gerran, alemanen aldeko mobilizatze orokorra saihestearren Algerian ezkutatu zen, beste asko bezala. Gero, Indotxinan, lehergailu batek zango biak hautsi eta hil egin zen.

Amama Euskal Herrira 39an itzuli zen, ezkontzera. Baina aurrerantzean ere harremanak zainduko zituzten. Gerra ostean Zeller Parisko gobernadore militar egin zuten eta amamak, ordurako alargundua, pozik hartu zuen Tuillerietan bazkaltzeko gonbitea. Han joan zen, txiro batzuei darien dotorezia duinaz. Behin batean, Zeller, bere emaztea eta Michel diabetikoa Algeriara zihoazela, Irunen gelditu eta amamarekin Jaizkibel inguruan ibili ziren gure lurraz gozatzen.

Chez monsieur Zeller ikasiriko hitz jolas hau erakutsi zigun amamak txikitan:

"Un, deux, trois, nous irons au bois"

"Quatre, cinq, six, cueillir des cerises"

"Sept, huit, neuf, dans mon panier neuf"

Orduz geroztik, "cerise" dut frantsesezko hitzik gogokoenetakoa. Gaztelaniaz, berriz, "titilar", Luis Rosalesek bezala, baina baliteke nire euskaltasunak zerikusirik izatea.

Euskaraz txit ederra duzu "halabeharra"; baita "liluratura" ere, Juan Luis Zabalak asmatua oker ez banago. Italieraz ia hitz guztiak dira atseginak, baina ez ote da txundigarria minigona "minigonna" esatea?

Edozein gisaz, bada hizkuntza guztietan berbaren bat hain karrankaria eta itsusia erakargarri egiten baita, hala nola...

Askaria edo merienda

mzap 2004/10/25 23:41

Umearen ikasgairik garrantzitsuena, berez ikasten duena (hezitzaileen despit baina hezitzaileei esker), gizartean eroso samar bizitzen ahalbidetuko diona, honetan datza: gurasoek, irakasleek eta oro har goikoek jendaurrean aldarrikaturikoak ez duela zertan bat etorri benetan egiten denarekin. Desberdina izan daitekeela plazan darabilzun mintzoa eta etxeko jokamoldea. Hain zuzen, esajeraturen batek "hipokresia" deritzon tarte hori trebeki kudeatzen dakiena gaiago da bizimodu modernoan ongi kokatzeko itxurak gordetzen ez dakien "lotsagabea" edo esana eta egina batzen saiatzen den "zurrun gain-ideologizatua" baino.

Umea berehala ohartzen da egokitu zaizkion guraso ezkertiar, abertzale eta feminista horien eguneroko jokabide apur bat "lausoaz". Bitarte hori, gizatasunaren ezaugarri unibertsala bada ere, aldi-alde bakoitzak era berezian dantzatzen du. Gurean, berbarako, aurreko belaunaldietan sexu kontuetan nabaritzen zen gehiago: agintariek eta gurasoek, egin nahi bai baina oztopo erlijiosoengatik behar bezala ezin egiteak sorturiko desoreka eta amorrua, umea erru sentimenduz puztuz husten zuten.

Gaur egun, sexuari dagokionez egoera irauli egin da, eta esanaren eta eginaren arteko aldeak bestelako bideak hartu ditu.

Iaz lehenean, hamasei urteko ikasle batek kontatu zidan ohean fusila garbitzen ari zela, supituki aita gelan sartu eta bertan ikusi zuela. Orduan aitak "barkatu!" xuxurlatu, atea tentuz itxi eta sukaldera joan zen. Ikaslea ere bai, behin gozoro amaitu ostean. Sukaldean, semeak kontsolatu behar izan zuen aita, hain sumatu zuen deseroso eta urduri: "trankil, zeregin naturala da, ez da batere txarra, zuk ere egingo zenuen inoiz, lasai aita, hala, hartu zerbait merendatzeko eta ez kezkatu."

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.