Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Por fin en castellano, qué alegría

Por fin en castellano, qué alegría

mzap 2006/11/07 10:36

Qué tranquilidad, poder escribir en una lengua tan rica y flexible como el español, instrumento con el que gracias al arrojo de nuestros ancestros puedo comunicarme incluso con Evo Morales, no como el gallego y el catalán, esos dialectos menores, o el vascuence, menuda almorrana.

Horrelako zerbait esatea Galeuscan, nahiz idazle katalan, galego eta euskaldunak gehien espainoltzen dituen jardunaldia izan, tabu bati hurbiltzea izan liteke. Ordea, berton aldarrikatuz gero Espainia gaiztoa dela ez genuke inongo taburik urratuko: espainolek ziurrenik ez lukete aldarri horren berririk eta agian geure autoestimua sustatzeko balio lezake.

Tabua erabat erlatiboa baita, ageri den taldearen uste nagusien araberakoa beti ere. Aznarrek gehiengo absolutuz irabazi eta bere jarraitzaileek “Pujol, enano, habla en castellano” garrasi egin zutenean, orduan han megafono batez “Visca Catalunya lliure!” oihukatuz gero bertako tabu bat urratuko zatekeen. Blokeko talde frankotan Fraga goraipatzea tabu da, baina beste batzuetan are tabuago Ferrin goraipatzea.

Erabateko esklusibotasunik ere zaila da aurkitzen: txinpantze talde batzuetan intzestua tabu da.

Ez taldeei dagokienez bakarrik, gizabanakoak kontuan hartuta ere tabuak erlatiboak dira, eta aldatzen dira ez soilik lagun batetik bestera, baizik orobat garaiz garai. Uzki sarketa bat urratze gorena izan liteke orain, baina aspergarri geurtz. Urratzearen errepikatzeak tabuaren aura ahultzen du, uzkiaren harridura bezainbeste, eta gizakiok berehala gogaitzen gara, tabu haustea segituan bilakatzen zaigu inertzia edo automatismo.

Orduan ageri da jarduerarik goibelenari ekiteko arriskua, alegia, zein tabu hautsi bilatzeari. Haustea nahimenak eta adimenak zuzentzen baldin badu negargarri gertatzen da, aberaskumea iraultza-olgetan aitatxok paga jaisteaz mehatxatu arte. Profanazioa sinesgarri eta estimagarri grinak egiten du, tabu jakin bat hausteko behar apasionatuak, behar politiko, afektibo, estetiko edo dena delakoak, erremediorik ezak.

etiketak: kalakakoak
Prosefina
Prosefina dio:
2006/11/07 22:17

Kontzientziak ez du bere esperientziatik urrun gelditzen den arrazonamendu logikorik egiteko gaitasun handirik antropologiaren ikuspuntutik. Hegel, bere Fenomenologian saiatu zen jakintza absoluto bat deskribatzen; urrun geratzen da espiritua + naturaren unifikazio hori kontzientzia moral baten ezagutza kausatzeko. Erainkuntza sinboliko garen heinetik, gehiago fidatzear nago ni gure barneko pasioez, baina badaude pasioa tresna legez erabiltzea behar dutenak.

Aspergarriak dira mitin politikoak, beraien barnetik sortarazten diren tabuak estratejikoak bait dira; ez dira benetazkoak.Malinowskiren bidaiak ostera erakargarriagoak dira, sentimendu garbikoak,primitiboagoak. Taburik lisunenak mamitu beharko hauek eskuratzeko eta gu geu ezagutzeko.

asel
asel dio:
2006/11/07 15:52

uste dut azkenean tabu bat edo beste agertu zela Galeuscako jardunaldietan, pena da ipuin irakurketak galdu zenituela... Gure mahaian ere agertu zen baten bat, eta agian tabu direlako, ez zitzaion haien eztabaidari heldu eta oin puntetan pasatu ginen haien gainetik: teoria ezkertiar eta praktika eskuindarraren arteko kontraesana, biktimak euskal literaturan... Eztabaida beste gai batzuei buruz piztu zen, seguruenik gai horiek aspaldi utzi ziotelako benetako tabu izateari. Tabuaren araua bete zen: isiltasuna.

asel
asel dio:
2006/11/11 14:04

Nik euskal literaturaren eta oro har kulturaren autozentsuraz ari naiz, agian. Gaur egun berba egin dezakegu, zuk diozun lez, jabetza pribatuaz suntsitzeaz, gauzatzeari guztiz asaldagarria deritzogun bitartean, baina aldi berean, praktikan jabetza pribatuaren alde sutsu jokatu arren (CEDRO, kanona eta holakoen defentsa, esaterako), ikuspuntu guztiz eskuindar batetik, ez du ematen euskal literaturan eskuindar peto-petoa agertzea oso zuhurra denik. Hipokrisia horretaz nabil. Euskal kulturan, saltzeko, ezkertiar agertu behar duzu, gero garajean BMWa izan arren. Hori gure ingurukoei leporatzea bai, izan daiteke tabu gure kultura esparru mugatu eta kontrolatu honetan. Horretaz berba egin gura nuen hango eztabaidan, eta uste dut horri ihes egin zitzaiola azkenean. Errazegi dugu onartuta kontraesana eta eroso bizi bide gara hortan. Zertarako agerian utzi, beraz... Gizarte bakoitzak bere kontrol mekanismoak ditu, eta kultura bakoitzak estu kontrolatzen du markatutako ildoa errespetatzen dela. Gurean ez gara desberdin, baina kontrol hori ezkerretik egiten da (ezkerraren beraren kaltetan, nire ustez).

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/11/08 10:27

egia duzu, asel, baina zuk aipatu bi gai horiek ez dakit zein neurritan ote diren tabu

ematen du, eta tabu politikoari dagokionez behintzat, bereizi beharko genituzkeela mintzatzea eta mamitzea.

esaterako, ez da tabu jabetza pribatua suntsitzeaz mintzatzea, baina eskandalagarri litzateke eta urratzaile, suntsitze hori benetan gauzatzeko urratsak egitea.

era berean independentzia politikoa, oraingoz behinik behin

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.