Gaza (VIII)
Akuilu ugari ditu Gazako sarraskiak. Hona hemen pare bat: Netanyahuk espetxea saihestu du; eta aurrerapauso ikusgarria eman du Biblian aipatutako Israel Handia edo Agindutako Lurraldea berrezartze aldera. Orain dela 3000 urteko David Erregearen erresumaren mugen baitako Israel palestinarrez hustu, juduz birpopulatu, eta estatu judua finkatzea da Netanyahuren helburu teologiko-politikoa. Ekonomiak baino askoz ere munta handiagoa du aurreiritzi erlijiosoak Gazako holokaustoaren bultzatzaile gisa.
Hegelen esanetan, Abrahamen Jainkoa erro-errotik zen beste Jainkoak ez bezalakoa. Egia da bere Jainko nazionala gurtzen duen edozein herri bakartzen duela fedeak: Batasuna zatitzen baitu, eta beste guztiak baztertu egiten ditu berari dagokion zatitik. Hala ere, judaismoak ez bezala, grekoek edo erromatarrek onartu egiten zuten beste zatien existentzia; ez zuten esklusibotasunik aldarrikatzen fede kontuetan, ez zituzten besteak oro egozten zinezko sinesmena omen zenetik. Aitzitik, eskubide berdinak aitortzen zizkieten, eta Jainkotzat onartzen zituzten besteen Jainkoak ere. Aldiz, Abrahamen eta bere ondorengoen Jainko jeloskorrak deiadar ezin zatarrago hauxe errepikatu zuen: bera dela benetako Jainko bakarra, eta bere nazioa dela egiazko Jainko bakarrean sinesten duen herri bakarra.
Paragrafo ikaragarri batez amaitu zuen Hegelek “Judaismoaren izpiritua eta haren patua”: herri juduaren tragedia ez da tragedia grekoa, ezin du ez beldurrik ez errukirik sortu, beldurra eta errukia gizaki zintzo baten nahitaezko erorikoak eragiten baititu, zoriak aginduriko hanka-sartzeak; aitzitik, herri juduaren tragediak ezin du eragin higuin izutua eta mespretxua baizik (Hegel: “Abseuch”; Joxe Mari Ripalda: “horror”; Olivier Depré: “dégoût”). Hegelen iritziz, Macbethena da herri juduaren patua: bere jainkoek abandonatu egin zuten, eta bere fedean bertan izan zen Macbeth puskatua eta birrindua.
Auschwitz baino 250 urte lehenago idatzi zuen Hegelek hori. Milioika fededuni zaio erlijioa kontsolamendu, baina ez dago zertan ifrentzua disimulatzen ibili beharrik. Ateoa da Luc Ferry, baina fededunekin ondo konpontzeko nahiak testuen zentzua desitxuratzera darama batzuetan. Horrela, berdintzen ditu Jesu Kristoren “maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala”, edozein gizakiri zuzendua, eta mila urte lehenago idatzitako Lebitarrena liburuko “maita ezazue lagun hurkoa zeuen burua bezala”; eta ezkutatu egiten du azken honek ez duela balio juduentzako baino, herkideentzako. Halaxe nabarmentzen du Jainkoak berak aurreko esaldian. Gauzak behar bezala ulertzeko, alta, zenbat eta karta gehiago mahai gainean agerian, hobeto: errazago ikusiko dugu horrela Pentateukoko hamaika esaldi erabil ditzakeela Netanyahuk masakrearen alde, baina beste horrenbeste direla bere jokabide kriminala zigortuko luketen esaldiak, edozer eta kontrakoa aldarrikatu baitute gure inguruko monoteismoetako liburu sakratuek.