Gaza (VII)
Hegelen esanetan, munduak eta jende orok eragiten zion mespretxua zuen Abrahamek bere ideal jainkozkoaren sustrai eta elikagai. Bere burua mundu eta jende errealarengandik etengabe bereizteak eman zion Abrahami bere gogoak sortutako Jainkoa sendotzeko bazka eta Jainko horren mendean bizitzeko bultzada, fede-molde ikaragarri hauxe piztu eta garatu arte: nirea da zinezko Jainko bakarra, eta nire herria da benetako Jainko bakar horrek aukeratutako bakarra. Etsaiak dira gainerako herriak, gezurrean nahasirik bizi dira.
Berea baino indartsuagoak ziren herrietan —hala nola Egipto edo Gerar— erregeek konfiantzaz tratatu zutelarik, orduan Abrahamek, fidagaitz, trikimailuak eta itxurakeria erabili zituen, abantailak lortzeko. Koldarki jokatu zuten juduek Egipton. Egiptoarren aurkako borroka zuzenari ekin beharrean, Jainkoari bidalarazi zizkioten plagak eta izurriak. Aurrez aurrekorik ez, beti zeharka eta bitartekarien atzean ezkutaturik. Penagarri jokatu zuten Egiptotik alde egitearen bezperan ere: mailegua eskatu zieten egiptoarrei, jakinik ez zietela sekula itzuliko. Era miserablean erantzun zioten eskuzabaltasunari.
Ostera, boteretsu sentitu ziren aldietan, errukirik gabe gobernatu zuten juduek, indarkeria gordina baliaturik, tiraniarik gogor, amorratu eta suntsitzaileena erabiliz bizitza ororen aurka, heriotzaren gainean baizik ezin baitziren batasun gisa eratu. Esaterako, abominazio sataniko batez mendekatu zuten Jakoben semeek arrebaren aurkako laidoa, sikemdarrek ontasun eredugarriz erreparatu nahi izan zuten arren.
Zailtasunik sortzen ez zioten herriekin harreman juridikoetara mugatzen zen Abraham, zuhurtzia kalkulatzailez, defentsako jarreran. Behar zuena erosten zuen; ez zuen inola ere onartu Efronek eskuzabaltasunez oparitu zion Sararen hilobirako lurra. Horrela saihestu zuen berdin bati esker ona adierazi behar izatea. Gisa berean, ez zion semeari Kanaango maitearekin ezkontzen utzi; aitzitik, emaztea bere ahaideen artean bilarazi zion, urruti bizi ziren arren.
Abrahamek ezin zuen ezer maitatu, eta ez zuen maitatu nahi. Urduri jartzen zuen maitasunak, guztitik nahi baitzuen aldendu. Zama eta eragozpen bihurtzen zitzaion berehala edozein izaki errealenganako maitasuna. Seme Isaac zen maita zezakeen bakarra —oinordetza ziurta ziezaiokeen heinean—, eta ezinegon handia eragin zion Abrahami maitasun horrek. Halatan, maitasun hori ere suntsitu nahi izatera heldu zen, semeari bere eskuez lepoa ebakitzeko prest egotera. Semea hiltzeko gai ez izateraino ez zela iritsi egiaztatzeak baretu zuen azkenik Abraham, semearenganako maitasunetik ere libre gelditu baitzen horrela.