Gaza (V)
Hegelentzat, Abraham da judaismoaren benetako patriarka. Ez zen Israelen jaio, baizik eta Kaldean, Persiar golkotik hurbil. Gazterik utzi zuen sorterria, familia alboan zeramala. Mesopotamiako lautadetan bizi ondoren baino ez zuen Kanaanera hartu, gaur egungo Israel ingurura, bakar-bakarrik. Orduan bereizi baitzen bere familiatik, bortizki eta behin betiko. Gizon erabat autonomo eta independente bilakatu zen, buruzagi izan ahal izateko. Gainera, ez zuen bidegabekeriarik pairatu, egotzia edo iraindua izan gabe bereizi zen, aldez aurreko oinazerik gabe; Hegelek sakontasun handiz dioenez, oinazearen bitartez adierazten baita, injustizia edo krudelkeria baten ostean, maitasun-behar iraunkorra. Bidegabekeriak egotzirik erbesteratu denak, berriro maitatzeko itxaropenak bultzatuta bilatzen du aberri berria. Maitasunak, zauritua gelditu arren —ez galdua hala ere—, berriro nahi baitu loratu eta gozatu.
Hortaz, bereiztea izan zen Abraham nazio juduaren aita bihurtu zuen lehenbiziko eta oinarrizko ekintza, elkarbizitzaren eta maitasunaren loturen urratzea, gizakiekiko eta naturarekiko harreman guztiak haustea, zeinetan ordu arte bizi baitzen. Horrela, gaztaroko harreman eder horiek arbuiatu zituen. Flavio Josefori hartu zion Hegelek ideia hori. Kontua da Jainko arrotzaren menpeko duzula juduen patriarka; arrotzak zaizkio halaber bere senideak, zer esanik ez beste herriak.
Hegelek oroitarazten du ezen Kadmo, Danao eta gainerako grekoek ere aberri edo sorterriak utzi zituztela; baina azpimarratzen du borroka betean abandonatu behar izan zituztela: libre izateko eta maitatu ahal izateko abiatu ziren lur berri baten bila. Abrahamek, alderantziz, ez zuen maitatu nahi, eta horregatik bilatzen zuen askatasuna. Harreman garbi eta ederretan bizi ahal izateko alde egin zuten grekoek —hori ez zitzaien-eta sorterrian onartzen—; eta beraiekin batera eraman zituzten beren jainkoak. Abrahamek, berriz, harreman horietatik ere libre bizi nahi zuen. Hegelen pintura politaren arabera, zihoazen lekuetako natiboak erakarri egiten zituzten grekoek, beren artearekin eta ohitura leunagoekin, eta haiekin nahasten ziren eta elkartzen ziren, harreman eta herri-molde lagunkoi eta alaiak sortzeko.
Aldiz, Abraham bere senideengandik urrutiratu zuen izpiritu berak gidatu zuen bizialdi osoan nazio arrotzekin izan zituen topaketetan ere: hots, autokontserbazio garratz eta itsuaren grina, izaki oro aurkaritzat jotzen duena. Aurreko batean esan bezala, Noeren bidetik igo zuen Abrahamek bere adimenak sorturiko izaki gorena batasun dominatzaile izatera, zinezko Jainko bakar; natura infinituaren gainera igo zuen, natura eta gizateria etsaiaren gainera, zeren etsaiarekin ezin baitzara erlazionatu hura azpiraturik baizik.
Juduak Jainkoa ezin du ez ikusi ez barruan sentitu: lurra eta jendea bezain bestelako eta arrotz zaio, beti dago beste nonbait. Debeku dira judaismoan Jainkoaren irudiak, Bildverbot. Egiptotik irten eta Agindutako Lurrera bidean, Jainkoa agertu zitzaien Sinain juduei, baina hain zituen agerpen horrek aztoratu, ezen Moisesi eskatu baitzioten aurrerantzean bera bakarrik mintza zedila Jainkoarekin aurrez aurre, eta transmiti ziezaiela ondoren Haren aginduak. Bestelako nahi dute beti juduek Jainkoa. Horregatik ulertzen dute erlijioa agindu gisa, eta ez, Jesu Kristok bezala, maitasun gisa. Hegel kristauaren ikuspuntua da hau, jakina.