Gaza (I)
Gilgamexen epopeiak —historiako lehenbiziko literatura obra, sumertarrek akadieraz idatzia, Bibliako liburu zaharrenak eta Homeroren eta Hesiodoren liburuak baino mila eta bostehun urte inguru lehenago— kontatzen du uholde ikaragarri batek historia zatitu zuela. Oso antzera eman izan da uholde itzel baten berri grekoen, juduen, azteken eta beste zenbait herriren mitologietan. Elkarren berri ez zuten herrietako agerpen horrek eraman ditu aditu batzuk pentsatzera benetan gertatu zela.
Sumertarren kontakizuna goitik behera kopiatu zuten juduek eta grekoek. Grekoenean, Pirra eta Deukalion dira uholdeak ito ez zituen gizaki bakarrak. Biblian, Noe. Pirra eta Deukalionek, uholdearen ostean, naturarekin onezkoak egin, eta edertasun harmonikoa berreskuratuko dute, jolasti alaia izatera itzuliko zaie natura.
Ilunagoa, bortitzagoa eta malerusagoa izan zen juduen postuholdea. Juduen zoria hobeki ulertzen ahalegintzeko erabili ditut Flavio Joseforen “Judu-antigoalekoak”, Hegelen “Kristautasunaren izpiritua eta bere patua” (oso kontuan izan zuen Hegelek Flavio Joseforen liburua), Jacques Rivelaygueren iruzkina Hegelen aipatu idazkiaz (“Leçons de métaphysique allemande”-ko lehen liburukian ageri da), eta Luc Ferryren “Dictionnaire amoureux de la philosophie”ko testu hauxe: “Juifs et Grecs face au déluge: la lecture hégélienne du judaisme et sa critique” (funtsean, Rivelayguerenaren dibulgazioa).
Bereizte hirukoitza ekarri zuen uholdeak: gizakia eta natura bereizi zituen; gizakia eta jainkoa; gizakia eta gainerako gizakiak.
Uholdearen aldaera grekoaren arabera —Pindarok ekarria aurrenekoz, IX. Olinpiarrean; hala ere, ezagunagoa da Ovidioren bertsioa, Metamorfosien lehenbiziko liburuan—, behin batean Zeusi jakin-mina piztu zitzaion, ea zertan ariko ziren gizakiak. Lurrera jaitsi zen, gizaki mozorroturik, eta biziki haserretu zuen aurkitutakoak: harro bezain ergelak ziren gizakiak, debaldeko biolentziari eta hilketei emanak. Brontzezko Aro hura amaiarazteko erabaki zuen Heladeren gainean uholde handia lehertzea.
Ordea, Prometeo azeriari Zeusen asmoen berri heldu zitzaion, eta seme Deukalioni arka bat egiteko aholkatu zion. Hortxe babestu ziren Deukalion eta bere emazte Pirra, Pandoraren alaba, ahuntzen harkaitzetan fokak agertzen ziren bitartean, izurdeak oihanetan. Pirra eta Deukalion izan ziren uholdetik bizirik irten ziren bakarrak.
Baina, behin lehorrean, Delfoseko orakuluari jarraikiz, Deukalionek harriak sorbaldaren gainetik atzerantz botatzeari ekin eta, lurra ukitu orduko, gizon bat sortu zen harri bakoitzetik; eta Pirraren kasuan berdin, sorbaldaren gainetik jaurtiriko harri bakoitzetik emakume bana. Horrela, Lurra birpopulatu zen, eta edertasun harmoniatsuan bildu ziren ostera ere gizakiak hirian; urraketa sendatu eta bakea egin zuten, orobat, kosmosarekin eta jainkoekin. Hiria antolatzeko orduan, ordena naturala hartuko zuten berriro inspirazio gisa.
Etengabe izan zuen Hegelek gogoan uholdearen osteko grekoen berradiskidetze eder hori naturarekin, jainkoekin eta beste gizakiekin, juduen patu bakebakoaren kontraste gisa.