Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gaza (IV)

Gaza (IV)

Markos Zapiain 2025/05/07 10:40

Judaismoa da kristautasunaren eta islamaren sustraia, eta bereizketa, amarrua eta suntsipena da Hegelenean judaismoaren izpiritua. Ematen du Netanyahuk Abrahamen aiurria bere egin duela, Hegelen Abraham hartu duela eredu.

Zaila da frogatzea erlijio baten izpirituak fededunen izaerak eta jokabideak moldatzen dituela. Zaila da argiro zehaztea zertan, bederen; batez ere milioika lagun direnean fededun horiek, hainbat herrialdetan banatuak, eta nabarmena denean izaera eta jokabide horien aniztasuna.

Dena den, modu sinesgarrian lotu zion Max Weberrek kapitalismoaren izpiritua etika protestanteari, eta ez da ezinezkoa zeure burua Jainko ahalguztidun ulergaitz baten mendean jarrita bizitzeak zeure nortasuna nolabait moldatzea. Weberrek ez zuen esan protestantismoak kapitalismoa zuzenean eragin zuenik, baizik eta kalbinismoaren marko etikoak oinarri kultural eta psikologiko egokia eman ziola kapitalismoaren izpirituari; alegia, etekinaren bilatze metodiko diziplinatuari, biziraute hutsetik harago.

Era berean, ezin da frogatu judaismoaren izpirituak Gazako masakrea ekarri duela. Milioika judu daude Netanyahuren gobernuaren aurka. Zerikusi handiagoa du palestinarren genozidioarekin Europa kristauak juduekin aurreko bi mendeetan izan duen jokabide kriminalak, zergatik eta arrazoi erlijioso batengatik: benetako Jainko bakarra hil zuen herria izateagatik; era interesatuan ahazturik, bide batez, Jesus goitik behera zela judua. Nazareteko Rabbia deitzen zioten apostoluek.  

Edozein gisaz, Hegelen orrialdeak irakurri ahala, ezinbestez dakarzkizu gogora judaismoaren izpirituaren eta Netanyahuren psikologia politikoaren arteko zubiak; kasurako, juduak ez diren herrialdeen kondenak aintzat ez hartzeari edo mespretxuari dagokienez, nahiz eta munduko guztiz gehienak izan. Eta judua ez den edozein gizakiren biziaren eta heriotzaren aurreko indiferentziagatik.    

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.