Gaza (II)
Hegelen ustez, uholdearen traumatik sortu zen judaismoa. Urraketa sakona eragin zuen gizakien baitan. Gorrotorik suntsitzaileenarekin ihardetsi zien gizakien fede onari naturak, ordu arte orekatua, lasaia eta adiskidetsua izana. Unibertsala izan zen masakrea: Bibliako uholdeak, gizakiez gain, landareak eta animaliak ere akabatu baitzituen. Lur osoa estali zuen.
Uholdearen ostean, naturaren erasoei aurre egin ahal izateko, juduek ez zuten ikusi natura menderatzea beste biderik. Ezinbestekotzat ikusi zuten natura oldarkorra azpiratzea. Eta, Hegelek dioenez, natura menderatzeko asmo horretatik zuzenean eratorri zen judaismoa. Naturaren menderakuntza mota bi erakusten dizkigu Itun Zaharrak: Noerena eta Nimrod ehiztari tiranoarena, Babelgo dorrearen arkitektoa.
Yahvek bakarrik salbatu zituen Noe, bere emaztea, hiru semeak, hiru errainak eta animalia-espezie bakoitzeko bikote bat (Gilgamexen poeman ere antzera; Utnapihstim edo Ziusudra gizon zuzena da, nolabait esateko, sumertarren Noe.)
Gizon zintzoa da Noe, Yahveri fidela, Yahvek maite du. Horregatik salbatuko du. Noek, bere aldetik, iraun egin nahi du, hilezkortasuna nahi du, eta oinordekoen belaunaldien segida da Itun Zaharrean ezagutzen den hilezkortasun bakarra. Itun Berrira arte ez dira zeru eta infernu betierekoak agertuko.
Halatan, uholdearen ostean, Noek Yahveri erregutuko dio bere hira kontrola dezan eta ziurta diezaiola naturak ez dizkiola oinordekoak berriro erasoko, eta Yahveren mendean jarriko du bere burua. Yahvek hitz ematen dio, ituna egingo dute. Ordea, Yahverenganako Noeren sumisio itsua du itun horrek ezinbesteko baldintza. Alegia, Jainkoaren bitartekaritzaz azpiratuko du Noek natura: bere burua Jainkoaren mende jarrita lortuko du Noek natura mendean atxikitzea. Zeharkakoa da, hortaz, menderakuntza hori.
Jainkoak Noeri aginduko dio naturaren jaun eta jabe izango dela, lurreko, uretako zein aireko bizidunak, jateko ez ezik, edozertarako erabili ahalko dituela, nahieran. Hori bai, bizidunen odola ezingo du hartu, odola arima baita, bizia. Hortik dator animalien odola kontsumitzeko debekua, gaur egungo judu praktikanteek ere betetzen dutena. Are, debeku da (hebreeraz “taref”) odolak pixka bat zikindutako arrautza jatea ere. Jan aurretik, guztiz behar da animalia odolustu.
Zeharkakoa izateaz gain, behin-behinekoa ere bada naturaz jauntze eta jabetze hori. Uholdearen ostean —Yahverekiko ituna gorabehera—, arrotz sentituko du beti juduak natura, kontuz ibiltzeko modukoa, etsai potentziala. Horregatik, juduen artean, legea —morala zein juridikoa—, antinaturala izango da. Gure baitako naturaren aurkako borroka etengabea izango da zintzotasuna, egoistak eta alferrak bezain harroak baikara naturaz. Hain zuzen, gizakiaren neurrigabeko harrokeriak haserretuta estali zuen Yahvek Lurra urez.
Aldiz, grekoentzat, ez naturaren grazia, baizik eta naturaren etsaitasuna zen behin-behinekoa. Horrela, uholdearen ostean kosmosarekin berradiskidetu eta lege naturala hartuko dute poliseko legearen eredutzat, eta naturaren arabera dabilena pertsona zintzotzat; hots, naturak erabakita dagokion tokitik irten gabe bizi dena.