Gaza (III)
Noerena ez zen izan juduek uholdeari emaniko iharduki bakarra. Hortxe dugu Nimrodena ere. “Aktibismo praktiko” deritzo Jaques Riveylaguek. Hots, Heideggerrek "nahiaren nahia" izendatu zuena, gure mundu produktibistaren oinarrian dagoen mundu-ikuskera. Grekoenean ikusi zuen Heideggerrek nahiaren nahi edo aktibismo praktiko horren abiapuntua. Aldiz, judaismoan aurkitu zuen Hegelek, Nimroden jarreran.
Nimrodi dagozkionak, ederki kontatzen ditu Flavio Josefok Antzinatasun juduen lehen liburuko laugarren atalean. Noeren birbiloba zen Nimrod, baina, birraitona ez bezala, ez zen Yahvez fio. Yahveren esku dago natura; Yahvek agindu zuen, azken batean, Lurra urez estaltzea. Nimrodek ez dio Yahveri barkatzen bere arbasoak ito izana. Ingurukoei jakinarazi zien ezen oparotasuna eta zoriona ez dizkiogula Yahveri zor, geure ahalegin propioari baizik.
Beraz, natura etsaiari aurre egiteko bitartekoak bilatu behar dira, eragozteko etorkizunean gizakien aurkako mehatxu eta arrisku bilaka dadin berriro ere; ez haatik, Noeren antzera, Yahveren bitartekotzaz, Yahverekin ituna eginez, zeharka, baizik eta norberak bere indarrez, zuzenean. Halatan, Bibliako ehiztaririk azkarrena da Nimrod, bere besoaren indarraz harro, eta zuzenean azpiratzen ditu bizidunak, natura; koplarik eta eskrupulurik gabe hiltzen ditu animaliak. Eta zuzenean azpiratuko ditu halaber gainerako gizakiak, errege-tiranoa baita.
Hiru zatiketak ditugu ostera, baina Noerengan baino muturrerago eramanak: ezinezkoa da Nimrodentzat Yahverekin edozein itun, errotik zaio arrotz, ez dio genozidioa barkatzen. Arrotza zaio orobat natura, akabatu edo azpiratu beharreko etsai, ezin uholdea ahaztu. Ezinezkoa da, azkenik, gainerako gizakiekin edozein berradiskidetze, mendeko baititu Nimrod erregeak. Bortxak elkartzen dituenez, urratua dute elkarrenganako konfiantza, eta jendarte atsegina lortzeko edozein aukera.
Babelgo dorrea eraikitzeko aginduko dio Nimrodek bere menpeko jendailari. Hain izango da sendoa eta altua ezen, Yahveri beste uholde bat lehertaraztea otuz gero ere, olatuek ezingo baitute urperatu. Aktibismo praktiko autonomoa, horrenbestez, Yahvek iratoriko arbasoak mendekatzeko.
Yahvek, dorre desafiatzailearen berri izan orduko, eta kontuan harturik uholde handiak ez zuela giza gehiegikeria apaltzeko balio izan, sarraskiari uko egin eta maltzurki ihardetsiko du: ordu arteko hizkuntza bakarraren ordez, hizkuntza asko jarriko ditu gizakien ahoetan; horrela, ezingo dute elkar ulertu, nahastu egingo dituzte hitzen zentzuak. Hain zuzen, “nahasmena” esan nahi du "babel" hitzak hebreeraz. Flavio Joseforen esanetan, Babelgo dorrea altxatu zuten tokian sortu zuten Babilonia, hiri nahasia, ezinezko hiria, ezinezkoa baita bertako hiritarren arteko oinarrizko ulermena.
Idazle greko batzuek diotenez, jainkoek azkenik Babelgo dorrea suntsitu zuten. Hizkuntzaren arabera sakabanatu ziren giza taldeak, eta eskualde bereizietan jarri ziren bizitzen. Hizkuntzak banandurik, nazioak sortuko ziren horrela, eta ondoren mugak.
Hegelek “zoritxarreko kontzientzia” deitua ekarriko zuen Nimroden estrategiak, urraturiko kontzientzia, aipatu zatiketa hirukoitzean biziko dena. Hegelentzat, judaismoa da zoritxarreko kontzientzia horren mamitze nabarmenena.
Aipatu ditugu, axaletik bada ere, uholdearen oldarraldiari Hegelek ikusi dizkion hiru irtenbideak: grekoena, Noerena, Nimrodena.
Abraham izan zen judaismoaren benetako fundatzailea. Eta Noeren jarrera egin zuen bere.