Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gaza (VI)

Gaza (VI)

Markos Zapiain 2025/05/21 14:55

Lurralde mugagabean zebilen Abraham bere artaldeekin, baina ez zuen harremanik lurrarekin, ez zuen lurra zaintzen, lantzen, kultibatzen, edertzen; hala izatera, lurra maitatzen ikasiko zukeen menturaz, edo, behintzat, Abrahamen beraren munduaren zatitzat onartzen. Haatik, lurrak berez ematen duena hartzera mugatzen zen, lurrean bazkatzen baitziren Abrahamen artaldeak. Artzain nomada izan zen juduen patriarka.

Putzu sakonetan zetzan Abrahamek eta bere artaldeek ezinbestekoa zuten ura, mugimendu bizi barik. Akigarri zitzaien ur bila lurra zulatzea, nekez ateratzen zuten, edota oso garesti erosten, edo liskar bortitzen bidez konkistatzen; ura ere ezin zuten menperatu baino egin. Jolas-iturri izateko urak ematen duen aukera ere ezinezkoa zitzaien, premiazko beharra baizik ez zen-eta ura Abrahamentzat eta bere aziendarentzat. Jabetza zen ura ere funtsean, borrokaz eta izerdiz lortua.

Halaber, laster abandonatu zituen Abrahamek oihanak, maizetan eman ziotenak itzala eta freskura. Teofaniak izan zituen oihanetan, bere izaki gorenaren agerkundeak; dena den, ez zuen oihanetan inongo maitasunik jarri. Alta, maitasun horrek egingo zituzkeen oihanak Jainkoaren duin, horrek harraraziko zien jainkotasunean parte; deus ere ez, ordea.

Natura bezain arrotzak zitzaizkion Abrahami beste gizakiak eta herriak ere, eta halakoxeak izaten jarraitu zuten beti. Hala ere, ez zegoen Abraham haiengandik hain urruti, ez zeblen haiengandik hain independente, haiei buruzko ezer jakin behar ez izateko beste, haiekin inongo zerikusirik izan behar ez izateko.

Garai hartan, hain populatua zegoen Kanaan, non Abraham, bere joan-etorrietan, sarritan egiten baitzuen talka ordurako tribuetan elkartzen ziren gizakiekin; baina Abraham ez zen inoiz halako elkarguneetan sartu. Egia da beste gizakiek bildutako aleen beharra zuela; hala ere, bere patu bakartiari eutsi zion: ez zuen besteekin erlazionatuko zukeen elkarbizitza sedentariorik nahi izan.

Gogor atxiki zitzaion Abraham orotariko bereizteari, zatiketaren erlijioa baita judaismoa, eta berezitasun fisiko baten bidez nabarmendu zuen: bere zakila zirkunzidatu zuen, 99 urte zituela, Jainkoaren aginduz. Ortzadarra bezala, zirkuntzisioa ere Jainkoaren eta nazio juduaren arteko itun eternalaren zigilua eta oroigarria da, aliantza sakratuaren ikurra. Jainkoarenganako fideltasuna adierazten du zirkuntzisioak. Musulmanek ere erabiltzen dute; xiitek sunitek baino gutxiago. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.