Jainko abusatzailea
Hans Jonas fededunari —beste judu askori bezala— Holokaustoak jainkoaren irudia eta kontzeptua kordokatu zion bezala, Gazako Holokaustoak Allahren ahalari buruzko kontzepzioa ukituko zion beharbada zenbait musulmani. Ona, ahalguztiduna eta orojakilea baldin bada monoteismoetako Jainkoa definizioz, Holokaustoak judu asko definizio hori berrikustera behartu zuen. Hans Jonasi, adibidez, fedeari eutsi zion arren, Jainkoaren ahalguztiduntasuna erori zitzaion. Oro lezakeen Jainkoak Holokaustoa eragotziko zukeen.
Epikurok zirriborratu bazuen ere, Sexto Enpiriko eszeptikoa izan zen inkonpatibilitate hori argiro aurkezten lehenbizikoa, “Hipotiposi pirronikoak” liburuan: Jainkoaren zenbait atributu, hala nola ontasuna eta ahalguztiduntasuna, ez dira bateragarriak gaizkiarekin. Horixe izan da kristau teologoen gurutzerik astunena historian, teodizearen zulo beltza.
Baldin eta Jainkoa orojakilea eta ahalguztiduna baldin bada, eta munduan gaizkia baldin badago, orduan ezin da ona izan. Orobat, munduan gaizkia baldin badago, eta Jainkoa ona bada, orduan ezin da orojakilea eta ahalguztiduna izan. “Jainkoaren kontzeptua Auschwitzen ostean: ahots judu bat” idazkian Hans Jonasek dioenez, Holokaustoak erakutsi dio Jainkoa ez dela ahalguztiduna.
Era berean, baina are deigarriago, zenbait judu sinestuni Holokaustoak pentsarazi dio Jainkoa orojakilea eta ahalguztiduna izan daitekeela, baina ezin dela ona izan. Gaiztoa da Jainkoa. Horrela, David R. Blumenthal teologoaren esanetan, juduen patuak agerrarazi du Jainkoa jazarle abusatzaile gaiztoa dela. Argia da bere libururik ospetsuenaren izenburua: “Jainko abusatzaileari aurre egin: protestaren teologia bat”.
Jainkoa kosta lain kosta aldeztu guran, gaizkiaren ebidentziari beste teologo batzuek aurkitu dioten konponbidea: bada Jainko on eta ahalguztiduna, noski; munduan hala ere gaizkia baldin badago, orduan misterio handia da Jainkoa, enigma ulertezina. Ez bakarrik teologoek: Jobek berak ederki adierazi zuen, bere liburuko azken ataletan, ulertezinak direla Jainkoaren asmoak eta burubideak.
Hil osteko beste mundurako uzten dute kristauek mundualdi honetan merezi gabe pairaturikoaren ordaina, baina ez Jobenean ez Itun Zahar osoan ez dago haraindirik. Joben liburuak darakutsa Jainko Ahalguztidunaren erabaki eta ekintza batzuk mingarriak bezain ulergaitzak direla guretzat; dena den, ulertezina zaigun arren, jakintzat eta ziurtzat jotzen da Jainkoaren existentzia.
Hain zuzen, Joben Liburuaz diharduela adierazi du Tomás Pollánek arrazoibide mota horren aurkako eragozpen garrantzitsu bat. Pollánen esanetan, Jainkoaren ulertezintasuna aldezteak zilegi ez den eragiketa intelektual bat izaten du bultzatzaile: predikazio bat ukatzeak —ez dut Jainkoa ulertzen— oinarrizkoagoa den predikazio positibo bat onartzera daramatza ohartzeke solaskideak: badago zerbait, badago norbait, nahiz eta erabakitzen eta egiten duena ulertezina zaigun.
Berez, predikazioa ukatzearen logikak agnostizismora leramake. Haatik, trikimailu dialektiko batez, teologoek, ulergarritasunaren eta ulertezintasunaren arteko alternatiba nabarmenduz, Jobek bezain ziurtzat ematen dute Jainko ulergarri zein ulertezin hori badela.
Ulertezintasunetik benetako izatera eginiko jauzi horixe da Comillasen ikasi zuen Tomás Polláni zilegi iruditzen ez zaiona.