Etorkinen semearen ongietorria etorkin berriei (eta VII)
Etorkin ekonomikoa bidegabeki da esplotatua, eta batzuetan esplotatzaileak euskal deiturak ditu eta euskal alderdietan militatzen du.
Txillardegi, abertzale sozialista den aldetik, herriaren kontrola langileek esplotatzaileei kentzeko borrokatzen da, botere hori igaro dadin herria eguneroko ahaleginarekin eraikitzen dutenen eskuetara. Hunkiturik adierazten du elkartasuna etorkinen sufrimenduarekin, ezintasunarekin eta borroka antikapitalistarekin.[1]
Mindu egiten du Txillardegi arrazistatzat jotzeak bere jarrera, edo ezker abertzalearena: kalumnia hutsa deritzo. Milaka dira abertzaleen aho bateko txalo-zaparrada eragiten duten etorkinak. Dioenez, ez Txillardegi bera ez jatorri erdalduneko ezein militante abertzale ez da inoiz segregazio txikienaren biktima izan ezkerreko mugimendu politiko abertzaleetan.[2]
Txillardegiren iritziz, gizakiak nahi duen lekuan bizitzeko eskubidea izan behar luke eta edozein diskriminazio da gaitzesgarri. Ongi etorri, Euskal Herria beren aberri eta seme-alabena bihurtzea erabaki duten etorkinei: «Euskalduna da, Euskal Herrian bizi eta lan eginez, gure herria bere egiten duena».[3] Ez du besterik eskatzen. Eta honela zuzentzen zaie etorkin berriei:
«Irain arrazista bat gertatzen zaizuen tokian, jatorriaren araberako segregazio bat salatu behar den lekuan, ziur egon lerro hauek sinatzen dituena, etorkinen semea, zuen alde egongo dela; eta euskal arrazakeria mota guztien aurka borrokatuko da, ahal duen neurrian».[4]
ETORKIN HAIEN BILOBAK
Oilo-azala jarriko ziokeen Txillardegiri Iñigo López Simónen Bilboko etxola batean apartaren amaierak:
«Bilboko etxoletan euskal herritarrak bai, baina euskaldun gutxi ikusten ziren. Euskaraz hitz egin eta euskaraz bizi zirenen kasuak salbuespena ziren. Bilbon euskara galdua zen, desagertze bidean zegoen. Honek are zailago egiten zien kanpotik etorritakoei euskal kultura propio baten existentziaz jabetzea. Prozesu hori pixkanaka-pixkanaka emango da. Uretamendin bazen familia euskaldun bat, etxola barruan euskaraz aritzen zena. Honi esker izan zuten batzuek euskal kulturaren ezagutza. Beste batzuk, ordea, lan egiten hasi zirenean jabetu ziren honetaz, fabriken ugazabak edo neskameenak euskaldunak zirelako. Kultura honen agerpena, askotan, folklorearen bitartez ematen zen, jaiegunetan egon zitezkeen adierazpenei esker, euskal dantzak edo herri kirolak, esaterako. Baina auzokide gehienek berandu izan zuten errealitate honen ezagutza. Gaur egun, baina, etxoletako biztanle askok harro adierazten dute beraien bilobek euskaraz ikasi eta hitz egiten dutela».[5]
Asimilazionismo patetikoa (VII)
1963koa da immigrazioaren arazoari buruzko Txillardegiren lehenbiziko artikulua. Gaur egun immigrazioa kudeatzeko hiru eredu nagusi aipatzen dira: asimilazionismoa, multikulturalismoa eta interkulturalismoa. XIX. mendetik aurrera erabili zuten asimilazionismoa AEBetan eta Frantzian. Etorkinen diferentzia kulturalak harrera-nazio indartsu bakarraren melting pot delakoan desegitea zuen xede. Multikulturalismoa ez zen XX. mendearen azkeneko hamarraldietara arte erabiltzen hasi, biolentoegitzat jo zelako etorkinen jatorrizko kulturak desagerraraztea —giza eskubideen aurkako erasotzat—, eta aberasgarria izan zitekeelakoan kultura desberdinen arteko elkarbizitza. Kanadan, Australian eta Erresuma Batuan abiatu eta Europako hainbat estatutako doktrina ofiziala da, praktika problematikoagoa den arren. Gainera, azkenaldian atzera egiten ari dira, besteak beste Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan. Multikulturalismoaren porrota erabatekoa dela aldarrikatu dute Angela Merkelek, Nicolas Sarcozyk eta David Cameronek.[1] Azkenik, XXI. mendekoa da interkulturalismoa. Martha Nussbaum filosofoak eta Joanne Rappaport antropologoak jarri dizkiote oinarri teorikoak, eta Quebeceko politika izan du aitzindari. Interkulturalismoaren zenbait osagai baliatu dituzte Mexikon, Portugalen eta Grezian ere. Multikulturalismoan kultura bakoitza autistikoki bizi zela ikusi zuten, bere baitan bildua, beste kulturekiko harremanak etenik, eta harreman horiek bultzatzen ahaleginduko da interkulturalismoa, indigenen eta etorkinen kulturak konektatzen.
Beraz, asimilazionismoa zuen ezinbestez Txillardegik gogoan immigrazioaz idatzi zuenean, hitzak itsusi samar ematen duen arren gaur egun. Zentzu peioratiboan zerabilen Txillardegik ere ia beti: espainolek eta frantsesek asimilatzen dituzte euskaldunak.[1] Gutxitan aipatzen du “euskaldunen artean integratzea” esanahiarekin, baina egin egiten du noizean behin.[2]
Txillardegiren iritziz, etorkinak integratzea etorkinak euskalduntzea da funtsean. Asimilazionistatzat jo genezake horrenbestez. Hori bai, etorkina asimilatzeko indar zipitzik ere ez duen herri bateko kide, Estatu-gabezia baita euskaldunon ahulezietako bat. Emilio Lopez Adanek idatzi duenez,
«1975an, lehen ikerketa sozio-linguistikoak agertzen hasi zirenean, nahikoa argia ikusi zen integrazio linguistikoa oso mehea zela: etorkinen % 4 inguruk ikasia zuen euskara, besterik ez; berdin inkesta elektoraletan, langile etorkin gehienek alderdi estatalisten alde bozkatzen zuten».[3]
Tamalez, etorkina euskalduntzea ez da lehentasuna ezker abertzalearen adar indartsu baten ustez; beharrezkoa ere ez da. Zer esanik ez, espainiar sozialista eta komunistentzat. Edonola ere, Txillardegik proiektu gisa proposatzen duen asimilazio-moldea askoz ere moderatuagoa eta begirunetsuagoa da Frantziak eta Espainiak errealitatean darabiltena baino.[4]
Euskal Herria eta euskara ezagutzea eskatzen badu ere —espainolek Espainia eta gaztelania eta frantsesek Frantzia eta frantsesa bezala—, euskal erakundeen esku utziko luke etorkina doan euskalduntzeko betebeharra. Etorkinak ez lituzke ikasketa horiek bere poltsikotik ordaindu beharko. Bestalde, ez du etorkina gaizkile potentzial gisa ikusten, eta, Frantziak eta Espainiak ez bezala, ez lizkioke aurrekari penalak behin eta berriro exijituko.
Azkenik, ez lioke soldadutza eginaraziko. Gaur egun, Frantzian zein Espainian, armada da naziotasuna lortzeko bide erabilienetakoa. Txantaje zitala: gure seme-alabak urrutiko gerretara ez, ene jesus, doazela etorkinak. Espainolak izan nahi badute, edo frantsesak, busti daitezela. Lehorra eta euskaran ardaztua litzateke aldiz euskal naziotasuna lortzeko Txillardegiren bidea.
[1] Proyecto de manifiesto vasco, 12, 20 eta 23. orr.
[2] Ibidem, 45. or.
[3] Biolentzia politikoaren memoriak, 125. or.
[4] Ikus, adibidez, El País, 2024ko ekainaren 8a, Álex Vicente kazetariaren elkarrizketa Goncourt saria irabazi berria zuen Jean-Baptiste Andrearekin, “Babelia” gehigarriko 11. orrialdean. Galdera: “El modelo de asimilación en Francia fue violento con los inmigrantes: debían olvidar de dónde venían y qué lengua hablaban para convertirse en franceses.” Erantzuna. “Sí, e incluso con bretones, corsos, vascos y occitanos. La idea de la lengua común no era mala, pero se aplicó de una forma excesiva, y podría haberse impuesto sin erradicar las particularidades y la riqueza cultural de cada uno.” Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea behar ditugu.
Etorkinen eskubideak (VI)
Etorkinen eskubideei buruz idazteko orduan, irudimen-ariketa bat dagi Txillardegik: nola jokatu beharko luke euskaltzaleen esku legokeen estatuak etorkinak hartzeko orduan? Botere-gune horretan irudikatzen du Txillardegik bere erabakimena.
Honelaxe laburbildu du Beltzak etorkinen inguruko Txillardegiren jarrera eta planteatu etorkinen eskubideei buruzkoa:
«Etorkinen arazoaz askotan idatzi zuen. Egia esan, oso larria zen eta espainolistekin eztabaidatzeko guztiz zentrala. Langile bezala esplotatuak ziren, eta euskaldunek esplotaturik askotan, baina fenomeno masibo bezala desnazionalizazioaren faktore oso garrantzitsua izan dira. Bi konstatazio horien gainean, Txillardegiren pentsaerak matizatzen du: etorkinen eskubide sozialak errespetatu behar dira, eta deusek ez du justifikatzen esplotazioa; baina eskubide politikoak euskaldunenak dira, eta integratzen diren etorkinek ukanen dituzte; berriz, Euskal Herrian espainol bezala bizi nahi badute eta arrotz izatea aukeratzen badute ez dute eskubide politikorik izanen, pretentsio horrek desnazionalizazioaren jokoa egiten baitu».[1]
Antzeko zentzua dute Txillardegik1983ko elkarrizketa batean Beltzari berari esaniko hitzek: Txillardegik ez du uste etorkinak, beste barik, beren lan-indarra gurean saltze hutsagatik, espainolak ez direnik, Txinara doan euskalduna han lanean hasi eta biharamunean txinatar bilakatzen ez den bezala. Zenbait urtez Euskal Herrian bizi ondoren, euskalduntzea eta integratzea erabakitzen badute, orduan bai: eskubide osoa izango dute hemengo gorabehera politikoetan parte hartzeko. Hamar urteko epea proposatzen du Txillardegik, Europako hainbat estatutan bezala, adibidez gaur egungo Espainian.
Aldiz, iruditzen zaio etorkinak, ez integratzea erabakiz gero, espainiar gisa segitzeko eskubidea duela, baina orduan eskubidea izango du Espainiari buruzko arazoetan parte hartzeko, eta ez Euskal Herriari buruzkoetan.[2] Proposamen horrek emigranteen koordinakunde baten kritika gogorrak erakarri zizkion.[3]
Esan bezala, norberaren identitateari eusteko eskubide indibiduala sakratua iruditzen zaio Txillardegiri, eta errespetatu egin behar dela. Baina, Euskal Herriaren eraikuntzari begira, bere burua marjinatzeko borondatea darakutsa sorlekuari baino fidel ez zaionak. Eta borondatezko marjinazio horri dagokio injerentzia politikorik eza harrera-herriaren gorabeheretan. Txillardegik berak, Belgikan etorkin, uko egin zion belgikar bihurtzeari, eta ez zitzaion burutik pasatu Belgikako politikan parte hartzea, are gutxiago harrera-herria desegiteko proiektuetan.
Txillardegik etorkinei ez die berak egin zuena baino gehiago eskatzen: kontuan hartzeko hemen badela bizirik irauteko zailtasun itzelak dituen herri bat eta euskalduntzeko. Hiritar eskubideak, integratzeko prest dagoenari emango zaizkio. Begirune osoa etxean espainol jarraitu nahi duenari, jakina, baina arerioa izango da espainoltasun hori politikara daramana, euskaldunen borondatea zapaldurik Euskal Herrian Espainia ezartzeko asmoz.
Arduradun politikoen errua (V)
Emilio López Adán “Beltza”k nabarmendu duenez, Txillardegirentzat, euskarari begira, Hegoaldean, arazo gordinenetako bat zen etorkinen espainiartasun naturala, eta alderdi ezkertiarrek naturaltasun hori legitimatzea:
«Fenomeno masibo hori guztiz galgarria da Txillardegirentzat. Bi aspektu azpimarratzen ditu. Hasteko, gobernu espainolaren borondate esplizitua Euskal Herria erdalduntzeko; bigarrena, emigranteen espainoltasun naturala, naturaltasun horrek antiabertzale bilakatzen baitu multzo horren existentzia objektibo bera. Nekez borroka daiteke naturaltasunaren aurka, batez ere gobernuak eta ezkertiarrek legitimatzen badute».[1]
1965ean, Txillardegi erbestean zela, sozial-inperialisten esku gelditutako ETAko zuzendaritzak aldarrikatu zuen euskaldunena zela etorkinek nazio-askapenerako borrokarekin bat ez egitearen kulpa. Antiguarrarentzat, berriz, «Estatu zapaltzaileena da errua, estatu atzerritar eta kolonialista horietako klase nagusien ideiak sarrarazten baitizkiete etorkinei».[2] Etorkinak ez du gertatzen denaren errua. Baina espainolistek —jakobino ezkertiarrak barne— erabili egiten dituzte, euskaldunen bidezko nahien aurka.
Frankismoa eta jauntxo eta oligarka euskaldunak —euskara traizionatzen aurrenekoak— jo zituen Txillardegik etorkinen manipulazioaren errudun nagusi. Erregimen faxistak Euskal Herria itotzeko iskiluetako bat ikusi zuen etorkinengan, eta euskal burgesiak, berriz, gainbalio-ekoizle koitadu mordoa, erruki barik ustiatu beharrekoa. Immigrazioari etekina Espainiako burgesiaren adierazpen norteñoak ateratzen dio, ez noski herri xeheak.[3] Hori ez da Euskal Herriaren bereizgarria: aberatsen fortuna emendatzeko balio du mundu osoan migrazioak; aldi berean, harrera-herriko txiroen lehiakide bilakatzen dira etorkinak.[4]
Sozial-inperialistekin polemikan, Txillardegik adierazten du euskalduna berdin burgesa ekuazioa bezain zentzugabea dela etorkina berdin proletarioa ekuazio simetrikoa. Euskaldun gehienak burgesiak esplotatzen ditu. Eta euskaldunak oro burgesak direla dioen aurreiritzia faltsua den bezala, ez da egia etorkin guztiak herrien autodeterminazioa onartzen duten internazionalista apalak direnik.[5]
Espainiar etorkin txiroek batzuetan Euskal Herria existituko ez balitz bezala jokatzen badute, haien konfiantzaz jabetu diren alderdiek dute Txillardegiren iritziz erruaren zati handi bat: Espainiako alderdi ezkertiarrek. Eskuindarrengandik jaso zuten konplexurik gabeko antieuskalduntasun oldarkorra. Alderdi horiek etorkinei ezkutatu diete hemen badela ez Espainia ez Frantzia ez den herri bat, militarki garaitua eta okupatua, kultur adierazpide orotan ukatua eta espoliatua, bizirik irauteko sekulako arazoak dauzkana. Aldiz, sendatu beharreko hemorroide gisa saldu diete: euskalduna aberatsa eta supremazista da jaiotzez, eta euskara, ostera, burgesa berez. Euskararen eta euskaldunaren existentziak berak jokoa egiten ei dio kapitalismoari, oztopo baitzaio klase borrokari. Manipulazio hori indartzen duen egitateari Beltzak antzeman dio ongi: Hegoaldeko langile-klasearen esparru naturala Espainia da.[6] Ez da harrigarria Txillardegik hurbilago sentitzea Nietzsche Marx baino: klasea baino oinarrizkoagoa zaio herria, eta arrazoia eta ekonomia baino indartsuagoa erraia. Heldu dela Freud ere geureganatzeko ordua aldarrikatzen du Txillardegik.[7]
Independentziaren aurkakoak ez dira Frantziaren eta Espainiaren independentziaren aurka izaten. Are, Frantziako ezkerrak bezala, Espainiakoak ere nekez onartu izan du autodeterminazio-eskubidea; gehienez ere, berba hutsetan, eta planetako beste muturreko herriei aplikaturik. Historia zaharra zein berria aztertuta, eta gaur egungo buruzagien adierazpenak kontuan izanda, zaila da sinestea Espainiako edo Frantziako ezkerrik demokratikoenak ere eragozpenik gabe onartuko lukeenik Euskal Herriaren independentzia, berme demokratiko guztiak beteko lituzkeen erreferendum batean hala erabakita ere.
[1] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 81. or.
[2] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, 92. or.
[3] Proyecto de manifiesto vasco, 6-7 orr.
[4] De HAAS, Hein, Los mitos de la inmigración, Planeta, Bartzelona, 2004, 14. mitoa: "Immigrazioa guztiontzat da onuragarria".
[5] Proyecto de manifiesto vasco, 18. or.; “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 31. or.
[6] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, 75. or.
[7] Proyecto de manifiesto vasco, 18. eta 45. orr.
Xintximaria eta txiroa (IV)
Etorkinak oro badira ere erdaldunak, Txillardegik bereizten ditu, batetik, Iparraldeko lurra eta etxeak herri xeheari kentzera datozen jauntxo paristarrak edota frankismoaren manporrero eta aprobetxategiak; eta, bestetik, etorkin ekonomikoak.[1] Etsai zuzenak dira lehenbizikoak, nahiz eta hemen kolonizatu kikil konplexuz beteak garen eskuarki, eta irribarre otzanez hartzen ditugun inperialisten harropuzkeriak, batez ere aberatsak badira.
Normalean, migrari ekonomikoak nolabaiteko fideltasuna gordetzen dio sorterriari, baina aldi berean herri berrian egokitzen saiatzen da. Nolanahi ere, ez da sorlekutik dakarrena herri berrian inposatzen ahaleginduko, haize frankistak bultzatuta zetorren inperialista aho-handia ez bezala. Txillardegik begirune osoa eskatzen zuen etxean sorterri espainolari fideltasuna gorde nahi dion etorkinarentzat; aldiz, etsaitzat zuen errepresio frankista baliaturik Euskal Herria are gehiago deseuskalduntzen saiatzen zena.[2]
Etorkin askok ez baitzuten proletariotik deus. Milaka aurpegi zituzten: administrazioa, unibertsitatea eta hedabideak kontrolatzera zetozen burokratak, Francok Irunen etxea oparitu zien falangistak, azken urteak pasatzera etorritako aberatsak, negozioak egitera zetozen burgesak, poliziak, aduanetako jauntxoak…. Etorkinen eskuetan zeuden gobernu zibil eta militarrak ere, korrejidoreen garaitik.[3]
Horiek ezin dira berdindu miseriatik ihesi Bizkaiko meategietan lanera zetozenekin. Esan bezala, propaganda frankistak aldarrikatzen zuen Bizkaian bazela etorkin guztientzako lana, baina etxerik ez zegoela ezkutatzen zuen, edo garestiegiak zirela, eta beren eskuz eraiki behar izan zituzten milaka eta milaka etorkinek bizileku izango zituzten etxolak, obretako hondakinekin. Mendi-magaletako txabola haietan ez zen ez urik, ez argindarrik, ez komunik. Ur bila joateko, emakumeek hiru ordu laurden eta bi ordu bitartean behar zituzten. Oinutsik bidali behar izaten zituzten umeak eskolara. Txillardegik ikasketak Bilbon egin bitartean gela alokatu zuen Indautxuko Partikular kalean; emakume etorkinen prostituzioa zegoen bere etxean bertan.[4] 1961ean, erbestera hartu behar izan zuenean, 26.000 etorkin inguru bizi ziren etxoletan Bilbon bakarrik.[5]
Sistemaren biktima anonimoak dira emigrante ekonomikoak, eta, Txillardegik aditzera ematen duenez, psikopata bihozgabeak baino ezin du beste alde batera begiratu eta etorkin horien alde ez jarri.[6] Etorkin behartsuen tragedia konkretuak zehazkiago ezagutzea aldarrikatzen du. Oso aintzat hartuko zukeen Iñigo López Simónen Bilboko etxola batean. Euskal literaturan, ez Txillardegik baizik eta haren adiskide Gabriel Aresti bilbotarrak jorratu zuen sakonki etorkinen patu hitsa Otxarkoagan, Uretamendin zein Ollarganen. Egunero zituen bistan, Txillardegi erbestean zen bitartean, Belgikan etorkin.
Baldintzarik gabe eta sentimenduz babesten ditu Txillardegik miseriatik ihesi miseriara amildutako horiek. Gose denari ezin zaio txapa sartu lehenbailehen ikas ditzan aditz trinkoaren misterio zoragarriak. Badira lehentasunak. Begirunez eta tentuz euskaldundu behar da etorkin ekonomikoa; are, euskaldundu nahi ez izateko eskubidea ere errespetatu behar zaio. Hori bai, etorkinen eskubideak bezala behar dira euskaldunenak ere errespetatu.[7] Euskaldunen eskubide linguistikoak oroitarazteko eta aldezteko orduan erakutsitako irmotasun eta koherentzia horrek erakarri zizkion Txillardegiri “sasi-abertzale” eta “sozial-inperialista” deitzen zienen irainak eta bazterketa.
[1] Ibidem
[2] “Respuesta a la coordinadora de inmigrantes”, 32. or.
[3] Proyecto de manifiesto vasco, 18. or.
[4] Hitza hitz, 74. or.
[5] LÓPEZ SIMÓN, Iñigo, Bilboko etxola batean, Elkar, Donostia, 2021, 81. or.
[6] “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, 31. or.
[7] Proyecto de manifiesto vasco, 40. or.
Francok bultzatutako asfixia demografikoa (III)
Hegoaldean gertatu da batik bat immigrazio ekonomiko masiboa; kontrara, euskaldun joankinak dituzu Iparraldeko migratzaile gehienak. Txillardegi sinetsita zegoen Espainiatik Hego Euskal Herrirako migrazioa ez zuela industriaren eta ekonomiaren joko kapitalista hutsak erabaki; aitzitik, Francok Euskal Herria itotzeko manipulatu zuen. Ez zuen alferrik batez ere Bilbora eta Bartzelonara bideratu migrazioa. Badajozen dagoen Olivenzan portugesa zen hizkuntza nagusia, eta kolono espainolak ezarririk ito eta ordeztu zuen Francok.
Ohiko jokabidea zuen Francok populazioa artifizialki mugiaraztea eta migrazioarekin esperimentuak egitea. 300 herri eraiki zituen lur-eremu elkorretan, eta 55.000 familia eraman zituen hara —kobazuloetako biztanleak-eta—, etxe-truke, mortua biziberritzeko esperantzaz.
Maiz darabilte diktadoreek jokabide hori beren proiektu uniformizatzaileei oztopo zaizkien herri txikiak desagerrarazteko, hala nola Mussolinik Hego Tirolen, Stalinek Karelian eta Letonian edota maoistek Tibeten eta Mongolian.[1] Iskilu etnozida gisa izan da baliatua migrazio jendetsua. Asfixia demografikoak akabatzen du herri biktima, odola isuri behar izan gabe.[2]
Frantsesen estrategiak Iparraldea euskaldunez hustea lehenetsi du, joatea eta jitea konbinatuz: administrazio erraldoi zeharo frantsesa ezarririk paristar jauntxoei ateak zabaldu, etxebizitzak eta lurra eros eta okupa ditzaten, euskaldunak migratzera behartzeko. Espoliazioak ez du etenik ukan joan den mendetik oraingo 2024. honetara arte, eta ez dirudi gauzak aldatuko direnik: «Hemen beti Euskal Herria petzero! Aberats okituak heldu dituk gure lurrak erostera, eta Inperioaren laguntza osoa ditek».[3] Erdietsi dute gehiago izatea Iparraldean joankinak etorkinak baino. Bestalde, Iparraldeko joankinak edonora joan ahal izan dira lan bila, langileak behar zituen Hego Euskal Herrira izan ezik, zazpiak ez baitira bat.
Hegoaldean gertatu da batik bat immigrazio ekonomiko masiboa. Frankismoak Espainia osoan zabaldu eta errepikatu zuen: «En Vizcaya hay trabajo para todos». Hori bai, “guztientzat” horrek ez zituen barne hartzen espainiarrak baizik, lanaren behar gorrian ziren Iparraldeko haurride euskaldunek Parisa, Berlinera edo Kaliforniara hartu behar baitzuten. Horixe da migrazioa xede politikoen arabera manipulatzea. Hurbiltasunagatik besterik ez bada ere, erraza, naturala eta onuragarria behar zukeen Zuberoaren eta Bizkaiaren arteko harremana zeharo ezinezkoa egiten zuen Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaren ezpatak; alegia, elite ekonomiko eta politiko frantses eta espainolen borondateak.[4]
Arrazakeria (II)
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka zegoen Txillardegi, arrazakeria linguistikoa barne, kontrakoa saldu nahi izan diguten arren behin eta berriz. Hori bai, berdin zituen haurridetzat etorkin ekonomiko magrebtarra, errumaniarra, espainola, Saharaz hegoaldekoa edo txinatarra; erdalduna eta euskalduna baitzitzaion funtsezko bereizketa. Bestalde, Txillardegik ez zuen uste euskalduna gehiago denik espainola edo frantsesa baino, ezta euskara gaztelaniaren edo frantsesaren gainetik dagoenik ere. Baina garbi zeukan euskalduna ez dela ez espainola ez frantsesa, eta Euskal Herria ez dela ez Espainiaren ez Frantziaren zati. Eta Espainiak eta Frantziak kolonizatuta daukatela Euskal Herria.[1]
Beltzaren oroitzapena: 1970ko urteetan, Bruselan, Txillardegi tratatzeko aukera izan zuen: «Gizon aparta zen, sentsibilitate pertsonal eta politiko handikoa, egundoko kultura eta jendetasunaren jabe».[2] Inoiz ETAren buruzagitzan ibiliriko Federiko Krutwig, Txillardegi eta Beltza bera elkartu eta «arrazismoa zela eta ez zela, behin Halleko borta ondoan Krutwigek (hark zeukan mihi zaluena) esan zigun: “Alvarez, Lopez eta Krutwig:… arrazista banda ederra osatzen diagu!”».[3]
Migrazioari loturik, arrazakeriaren bi adierazpen salatu zituen Txillardegik: batetik, zintzoak eta solidarioak dira euskaldun guztiak, poro orotarik darie noblezia; bestetik, etorkinak berez dira internazionalista koherenteak, Euskal Herria errespetatzen dute eta euskaldunen arazoak ulertzeko borondatea dute.
Errealitatea ikustea eragozten dute halako zozokeriek. Bizirik irautea dagoenean jokoan, gainbehera iraultzea xede, egoera erreala modu ahal bezain zehatzean diagnostikatzeak eta neurri eraginkorrak asmatu nahi izateak ez du zerikusirik arrazakeria linguistikoarekin; hots, hizkuntzen artean hierarkia esentzialistak ezartzearekin. Eta Espainiatik zetorren immigrazio jendetsua kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsua zen. Datuetatik abiatuta atera behar dira ondorioak eta pentsatu politikak. Deus gertatuko ez balitz bezala jokatzea ez da konponbidea.
Eta, Txillardegiren esanetan,
«nazioa zapaldua eta desagertzeko bidean dagoenean, immigrazio atzerritarra, objektiboki, nazioaren aurkako pisu kulturala da, estatu zapaltzailearen zeinu berekoa baita. […] Datu objektiboa da immigrazio masibo bat objektiboki faktore alienatzailea dela herri bat beste batek menderatzen duenean».[4]
Txillardegik arazoaz idatzi zuen garaian, ez ziren ehunka gutxi batzuk izan Euskal Herriratu ziren etorkinak. Itzela izan zen Espainiatik Hego Euskal Herrirako immigrazioa: datu ofizialen arabera, 366.240 etorri ziren 1950 eta 1970 bitartean.[5] Horrela, Txillardegiren ustez ez da zuzena etorkinen eragin linguistikoaren arazoa modu indibidual humanitarioan planteatzea. Erantzun globala behar zaio eman. Immigrazioa integratu eta euskaldundu behar da.[6] Txillardegik uste du hizkuntza kontuetan epel jokatuz gero, tolerante, liberal, mintza bedi bakoitza gura duen legez, euskara berehala joango dela pikutara. Erabaki zorrotzak hartu behar dira, arau eraginkorrak asmatu eta betearazi.[7] Serioski egin behar zaio aurre arazoari, gure herriaren neurri bertsuko beste zenbait herritan egin den legez.
[1] “Txillardegiren pentsaera politikoa”, in Jakin, Donostia, 1986, 70. or.
[2] Biolentzia politikoaren memoriak, Maiatz, Baiona, 2014, 68. or.
[3] Ibidem
[3] SUDUPE, Pako, Immigrazioa eta abertzaletasuna, UEU-EHU, Bilbo, 2024, 92. or.
[4] Proyecto de manifiesto vasco, 9. or.
[5] Ibidem, 1973, 18. or.
[6] Ibidem
[7] USAKO (Txillardegiren beste ezizen bat), “El problema de la inmigración en Euzkadi”, in Zutik!, Boletín informativo de ETA, 1963, lehen or.
Txillardegi eta etorkinak (I)
“Álvarez” zuen Txillardegik lehen deitura, Madrildik etorri zen aitaren aita. Sekula ez zuen ezkutatu, salbu eta poliziari eta zentsurari muzin egiteko. Etorkinen oinordeko izateaz gain, erbestean ibili behar izan zuen hamasei urtez. Arrotz sentitzeari eta integratzeko aukerari buruz ez zen teoriko soil gisa mintzo.[1]
Bazuen Txillardegik arazo erreal mingarriei buruz ere bere iritzia argi adierazteko joera, burkideen artean bestelako ikuspuntuak izan arren nagusi. Ba omen dira aipatzea komeni ez diren gaiak, aipatzeak berak oztopatuko bailuke konponbidea. Hala ere, nahiz eta inguru hurbilekoek isiltzeko aholkatu, beti eutsi zion ahoan bilorik gabe mintzatzeko ausardiari. Behin baino gehiagotan gelditu zen bakar-bakarrik, baita ezker abertzalearen baitan ere. Bestalde, polemiketan ohikoa denez, gaizki-ulertu interesatuak pairatu zituzten Txillardegiren hitzek, edo manipulazio lotsagabeak. Horixe gertatu zitzaien immigrazioari buruz esan zituenei: arrazakeria leporatu zioten, burgesen interesak babestea, fetitxismo linguistikoa… Txillardegik berak idatzitakoa aztertuta ikusiko dugu zein eskasa den salaketa horien funtsa.
Hizkuntzaren bere filosofia garatu zuen garaian, deseuskalduntze bortitza ari zen jasaten Iparraldea, eta frankismoa Hegoaldea. Nabarmena zen Euskal Herriaren azkenetan zegoelako sentipen agonikoa. Hegoaldean —gerra galdu berria, diktadura, euskal usaina zerion edozer debeku— gero eta gehiago ziren seme-alabei euskara transmititzen ez zieten guraso euskaldunak, are elebakarrak. Ohiko joera bi, gaur egun ere indarrean dauzkagunak: batetik, gurasoek seme-alabei euskaraz baina seme-alabek gurasoei eta beren artean erdaraz, giroaren indarragatik; bestetik, gurasoek seme-alabei erdaraz, euskara ez transmititzeko hautua, alferrikakoa edo kaltegarria izango zitzaielakoan. Txillardegiren gurasoek bazekiten, baina semeak ez zituzten euskaraz hazi. Traba zitzaion euskaldunari euskara. 50eko hamarraldian, Nikolas Ormaetxea “Orixe” zen euskal idazlerik ospetsuena eta miretsiena. «Euskaltzaletasunak sortu duen lehen idazle profesionala», Txillardegik nabarmendu zuenez.[2] Orixe handiak gaztelaniaz erantzuten zien Antonio Maria Labaien eta Txillardegi bezalako euskaltzale suharrei; Labaien helduari legetxe Txillardegi gazteari ere, erdara batuan. Katea eteten ari zen. Iparraldean zein hegoaldean, administrazioa, eskola, fabrika, hedabideak, epaitegiak, armada noski, den-dena zen erdalduna eta Parisen zein Madrilen erabakia eta agindua.[3] Halatan, sumagaitza zitzaien sarritan Euskal Herria euskaldunen borrokarekin bat egiteko borondatea izan zezaketen etorkinei ere, Frantziaz edo Espainiaz bestelako herri batera helduak zirela ohartu ere ez baitziren egiten.
Jon Sarasuaren hitzaldiaren inguruan
Joan den astean Jon Sarasuak hitzaldia eman zuen Donostian: “Ego eta hego: txapelketen edukiei begirada bat txalodependentziaren ikuspegitik”. Amagoia Mujikak eman zigun Naizen hitzaldiaren berri. Mujikaren artikulua irakurtzea komeni da, ondoren datorrena hobeto ulertzeko.
Sarasuak dio marko ideologiko jakina dagoela txapelketan, esan daitekeena eta ezin esan daitekeena bereizten dituena: egia da; beste edonon bezala, eta zorionez. Bat nator biolazioaren eta pedofiliaren laudorioa adierazteari eragozpenak jartzen dizkion marko ideologikoarekin. Ego apur bat ere ez da beti txarra. Adibidez, ego barik ez genuke artista sortzailerik. Ez dira gutxi, bestalde, beren ego eria besteen egoa etengabe salatuz elikatzen dutenak. Eta ez ote da zalantzazkoa, hobeto ote gauden elizak beteta eta merkataritza-guneak hutsik, alderantziz baino? Apaiz sermolariaren talentuaren arabera, beharbada, eta merkataritza-gunean ikusiko duzun filmaren kalitatearen arabera.
BANDA-ZABALERA
Sarasuaren hitzetan, ikusi dituen bertsolari eta txapelketa guztiak modako ideien inguruan ibili dira, eta ukitu ezin diren gauzei buruz ezer esan gabe. 1967ko txapelketan euskaldun fededunaren banda-zabalera zen nagusi. Handik hamarkada batzuetara, «euskaldun progresistaren banda-zabalera» topa daiteke. «Kontua da ‘euskaldun fededunaren banda-zabaleran’ denek aipatzen zutela jainkoa eta, handik hogei urtera, ‘euskaldun progresistaren banda-zabaleran’ ez du aipatzen inork. Espektro horren funtzionamendua oso gogorra da, ez okurritu hortik ateratzea. Ez bertsolariak aldatu direlako, banda-zabalera hori aldatu delako baizik».”
Txapelketetan inork ez du Jainkoa aipatuko, baina edonork egiazta lezake euskal gizartean kristau fededunek pribilegio enpirikoak dituztela. Hezkuntzan, adibidez, hezkuntza publikoa barne, urteak joan urteak etorri, berdintasun-printzipioa katolikoen alde eta agnostiko eta ateoen aurka apurtzen da, baita Gobernuan edo Hezkuntza Sailean alderdi ezkertiarrak nagusi direnean ere.
Banda-zabalera hori aldatu egin da, egia da. Baina bertsolariak ere aldatu egin dira. Basarri eta Nerea Ibarzabal ez ditu bakarrik banda-zabalerak bereizten. Txapelketetan agian ez da Jainkoa aipatuko, eta aipatzeak aberastuko lituzke, Lukrezio eta Stuart Mill aipatzeak aberastuko lituzkeen bezala.
Egia da puntako bertsolari hiperfededun batek txapelketetako panorama aberastuko lukeela. Egia da, halaber, euskal indigenen artean zaila dela gaur egun halako bertsolari bat sortzea. Hego Amerikako ikasleak izaten dira kristau fedea giro agnostiko batean arazorik gabe aldarrikatzen dutenak, are gogo biziz. Zoritxarrez, txinarrak, mairuak, Saharaz hegoaldekoak edo Europako ekialdekoak baino nekezago sartzen dira euskaran, nerabezaroan behinik behin, bistakoa zaielako hemen bizitzeko aski dutela dakarten gaztelania.
PROGRESISTAK
Sarasuaren esanetan, “progresistek beren aurreko belaunaldiek sinisten zuten guztiarekin hautsi zuten eta, hala ere, aurreko belaunaldiek ulertu egin zituzten. Baina, aldi berean, progresistak ezin du jasan bere printzipiorik txikiena haustea edo zalantzan jartzea. Gauza bitxia da psikologikoki, ‘haustailea naiz, baina nire printzipiorik txikiena hausten baduzu, kantzelatu egiten zaitut’».”
“Progresista” esanda Sarasuak nor edo zer duen buruan argitu gabe, zaila da eztabaida. Ematen du zaku berean sartzen dituela Eneko Andueza eta Ane Lindane. Dena den, ausartuko nintzateke esatera, intuizioz-edo, Sarasuaren “progresista” kategoriapean leudekeen askok inongo arazorik gabe onartuko luketela beren printzipioak zalantzan jartzea eta haustea. Are gehiago, printzipio horiek zalantzan jarri eta hautsi zituztelako daukate gaur egun iraganekoarekin bat ez datorren ikuspuntua. Sarasuaren progresisten artean badira noski kantzelatzaile amorratuak, baina ez da komeni zakua hainbeste zabaltzea.
Sarasuaren iritziz, kapitalismoaren deseraikitze programa batean gaude, eta diskurtsorik deseraikitzaile eta apurtzaileenak egungo kapitalismo fasearen interesen gidoian datoz.
Ez dut argi ikusten zergatik datozen kapitalismoa deseraikitzeko diskurtsoak egungo kapitalismo-fasearen interesen gidoian, eta Sarasuarena bezalakoak ez. Nondik nora dabiltza gidoi horretatik libreago Sarasuarena bezalako diskurtsoak?
Txapelketetan ez dakit, baina Sarasuaren progresisten egunkari, aldizkari eta liburuetan gairik jorratuenetakoak dira aretxabaletarrak faltan dauzkan hiru adibide hauek: batetik, arlo existentziala eta espiritualitatea, “guk eskatu gabe jaio garelarik, hemen zer egiten dugun dioen galdera”; bestetik, bioetikako galdera larriak: “ideologia progresisten mantra sinplistek ez digute balio horietarako”. Hirugarrenik: munduan geopolitikan dauden proiektu desberdinek auzian jartzen dituzte mendebaldeko balio politikoak.
Hiru izen baino ez: Idoia Garzes, Ana Galarraga eta Asier Blas. Litekeena da euskaldun progresistaren marko ideologikoa pobre ikuste horren arrazoietako bat izatea Sarasuak euskarazko ekoizpena hurbildik ez jarraitzea.
Azkenik, susmagarria zaio sistemaren bozgorailuko argi berdea izatea “genero ideologiek, feminismo motek, trans doktrinek, multikulturalismo diskurtsoek…”, eta iruditzen zaio auzitan jartzeko ertz eta gako asko dituztela.
Nire ustez, ez dute “sistemaren” argi berdea, baizik mugimendu ezkertiarrena; besteak beste, arrazakeria, trata, biolazioak eta emakumeen hilketak egunero pairatzen ditugulako. Hori bai, zenbat eta eskuinerago, orduan eta argi gorri itsugarriagoak.
Amaierarekin, erabat ados: “Hainbeste gauza birpentsatu behar ditugu! Instalatu diguten aurrerakoi-atzerakoi eskema geometriko sinple hori erabat gainditu eta aurre-atzea dantzatzea eta berriro galdetzea zer behar dugun aldatu, eraldatu, zaindu, irauli, astindu, zeri behar diogun eutsi, zer hobetu, gelditu, berregin… galdera asko daude”.
.
Markos Gimeno eta kalanbur elebiduna
Aspaldi ez nau liburu batek Joseba Sarrionandiaren “Markos Gimenoren 101 letrakartel” ikaragarriak adina dardararazi. Zaindu dotorea du azala, alde grafikoa, irudia; mamiak ostera sortzaile handi baten eta bere herriaren gogo zaurituaren berri dakar. Poza eta malkoa eragiten ditu aldi berean, Charloten filmen antzera. Editorearen hitzetan, “umorea, hemen, irribarre baten moduan zabaltzen den zauria da”. Hitzaurre sakon mardulak Gimenoren biografiaren eta obraren arteko lotura ero alai tragikoa pintatzen du.
Palindromogile gisa izan da batik bat Markos Gimeno ezaguna. 101 palindromo dakartza “Markos Gimenoren 101 letrakartel” horrek ezin ederkiago ilustraturik eta testuinguraturik. 101tik gora aurkituko dituzu dena den liburuan, zenbatu baititut. Horien artean,
-Inor alkate? Eta, klaro, ni.
-Nazi bi Ibizan.
-Aber, greba!
-Ai, brageta, ate garbia.
-Ero maite, beti amore.
-Oti zekena nekez ito.
-Lau tribu birtual.
-A ze kirola lorik eza!
-Ai! Pareta da terapia!
-Izar arrosa sorrarazi.
-Aerolorea.
-Zeru oro urez.
-Zer ezaba, zer ez…
Liburua argitaratu ostean ere Gimenoren obrari bueltak ematen jarraitzen du Sarrionandiak. Adibidez, Iñigo Astizek Berrian egin dion elkarrizketan kalanburgile gisa ere nabarmendu du Gimeno.
Kalanburrean, soinu-segida berak esanahi desberdina hartzen du, arauz-eta hizkiak eta silabak non bereizten dituzun. Hegoaldeko euskaldunon artean, Quevedorena omen den “Entre el clavel blanco y la rosa roja/ su majestad escoja/ su majestad es coja” dateke ospetsuena; Iparraldean ez dakit, baina Pellegrin abadearen Loth operak dakarren hauxe aurkitu dut Interneten: “l’amour a vaincu Loth”, “l’amour a vingt culottes”.
Euskal Herriko diglosia eskizoglosia ere bilakatu da gutako askoren baitan. Identitate zatikatuek bizi gaituzte. Eta, Sarrionandiak erakutsi duenez, Gimenoren jenialtasun ugarietako bat eskizoglosia hori kalanbur mota berri baten bidez adieraztea izan da, kalanbur elebiduna: soinu-segida berbera, baina esanahi desberdinak euskaraz eta gaztelaniaz. Adibidez:
-A ze artea, hire artea! Adi ari ote dira?
-Asearte, airearte, a diario te dirá.
Psikiatrikoan ingresatuta zegoenean medikuak esaten ziona da gaztelaniazkoa. Eskizofreniaren errealitate gordina adierazten du gaztelaniaz Gimenok. Euskarazkoa, berriz, arteari dagokio, sormenari, gordinkeriatik ateratzeko ahalegin gazi-gozoari. Sarrionandiaren ustez, kalanbur elebidun horien bitartez, elebitasuna gurean dominazio-sistema dela erakusten zuen Gimenok. SkizopozikS izeneko bakarrizketa bat asmatu zuen ermuarrak, goitik behera kalanburrez osatua.
Ezin Sarrionandiarekin bat ez etorri: “palindromeroa bere burua ulertaraztera itzuli dela uste dut, bere euforia sortzailearekin, gero eta lagun gehiagorekin, eta behin eta berriro itzuliko dela luzaroan”.