Larderia saihesteko pikareska
2017 hartan, inoiz baino ozenago aldarrikatzen zuen Hezkuntza Sailak ikastetxeen autonomia sendotu beharra. Olatu hori profitaturik, klaustroari proposatu genion batxilergoan Erlijio ez eskaintzea. Dena den, ikastetxeetan ez du klaustroak azken hitza, Eskola Kontseiluak baizik: irakasleen ordezkariez gain, Eskola Kontseilua ikasleen, atezainen, administrarien, gurasoen, garbitzaileen eta udalaren ordezkariek ere osatzen dute.
Gure asmoa zen klaustroaren erabakia ondoren Eskola Kontseilura eramatea, bertan bozkatzeko. Hirurogei irakasle inguru ginen klaustroan, eta guztiok egin genuen Erlijio batxilergotik kentzearen alde, batek izan ezik. Klaustroa amaitu ostean, norbaitek hezkuntza delegaritzara deitu zuen. Hurrengo egunean, ikuskaria eta Erlijio irakasleen gotzaindegiko arduraduna etorri zitzaizkigun, bozketa hori aktatik ezabatzeko exijituz. Horrela trabatu zuten eztabaidagaiaren Eskola Kontseilurako bidea. Horrelaxe zapuztu zuten ikastetxeak modu autonomo samarrean ondorio errealak ekar zitzakeen erabaki bat hartzeko lehenbiziko aukera. Gure gaineko botereak eragotzi zigun.
Francok eta Vatikanoak adostutako konkordatua indarrean dago XXI. mendeko lehenbiziko laurden honetan, izenpetu eta 50 urte igarota. Boterea erabiltzeko eliza katolikoak oraindik darabilen larderia hori da saltsa handitan ez sartzeko joera duen jendea ere laikotasunaren aldeko militantziara bultzatzen duena. Sumingarria baita gainera nola estaltzen duen egitezko larderia hori mintza-molde biktimista batez.
Bozketa eta erabakia aktatik ezabatu behar izan genituen. Muntazko irakaspena barneratu genuen orduan: autonomia eta demokrazia benetan gauzatu nahi izanez gero, eraginkorragoa da batzuetan trikimailua eta pikareska, hautuak argi eta aurpegia emanez egitea baino. Jazoera haietan, geuk eman genituen aurrerapauso demokratikoak, eta hezkuntza sailaren eta gotzaindegiaren portaera izan zen antidemokratikoa. Berez, demokratak bezain jatorrak dira ikuskaria zein Erlijio irakasleen arduraduna; haatik, inertzia antidemokratikoetan zeuden harrapatuta, eta, dirudienez, zailak dira korapilo horiek askatzen.
François Furet historialariak zioen XX. mendeko gertaerarik garrantzitsuena izan zela elizak azkenik demokraziaren hastapenak nola edo hala onartzea. Hori bai, geldika-geldika; eta asko kostata. Botere poxi bat berreskuratu dutela sumatu orduko botatzen dituzte oraindik atzaparkada autoritarioak, Espainian nabarmen. Historiak naturala dela erakutsi duen joera gogor hori eragozteko behar da laikotasuna. Agintariek laikotasuna serioski ezartzen ez duten herrietan —gurean, kasu—, pikareska ere baliatu behar izaten dute demokratek, hiritarren arteko berdintasuna xede. Baina ez da komeni jendaurrean aipatzea zelan darabiltzaten demokraziaren heroiek pikareskaren irakaspenak, ezagutua izateak eraginkortasuna makalduko bailioke.