Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Desatxikimenduaren doktrina aplikatzeko zailtasunak

Desatxikimenduaren doktrina aplikatzeko zailtasunak

Markos Zapiain 2025/05/23 11:11

Askotarikoak dira ikastetxeak eta irakasleak, eta aldakorrak, baina patroi orokor batzuei buruz mintzatzeak ez dirudi zentzugabea. Jendea nortasunaren arabera sailkatzen dugun bezala, badago halaber irakasleak taldekatzea: lasaiak, lotiak, Real Madrilen zaleak, santuak, kaskagogorrak, belarriprestak, konstituzionalistak, arraroak, piperrak, lotsatiak, eskuzabalak, barnerakoiak, kanporakoiak, ausartak, koldarrak, indartsuak, ahulak, sadikoak, masokistak, zorrotzak, itxiak, irekiak, estuak, isilak, berritsuak. Noski, etengabekoak izaten dira gurutzaketak eta bilakaerak. Kasurako, ohikoa da jende berez isila berritsu bihurtzea irakasle lanetan hasi orduko.

Eztabaidagarriagoa da ziur aski hurrengo ideia hau: ematen duzun ikasgaiak zeure mundu-ikuskera eta are nortasuna moldatzen ditu, neurri batean bederen. Adibidez, Historiakoek dena dakite. Biologiakoek ez dute Etikan sinesten: instintuek goitik behera erabakitzen dutela giza jokabidea uste dute, eta susmagarria zaie egoismo naturala itxuraz gainditzen duen portaera etikoa: egoismo maltzurrago baten mozorro gisa ikusten dute.

Filosofiakook, berriz, irakaskuntzaren kalitatearen aldeko betebehar etikotzat dugu formakuntzei muzin egitea, irakurtzeko denbora kentzen baitigute, eta zenbat eta gehiago irakurri orduan eta hobeto mintzatzen gara ikasleen aurrean. Bestalde, hobeto daramatzagu bizitzak ematen dituen zartakoak, batez ere urtea joan urtea jin estoikoengan, Epikurorengan eta eszeptikoengan jarri badugu azpimarra. Orobat, lasaiago ibiltzen gara irakaskuntzako krisialdietan, barneratuagoa izaten baitugu desatxikimenduaren doktrina, bigarren azala balitzaigu bezala, hainbeste bider irakatsi dugu-eta.

Horregatik egin zitzaidan hain deigarria nire mintegikide normalean patxadatsua bere onetik irtenda aurkitzea. Filosofiaren Historia irakasten zuen, selektibitatean sartzen den ikasgaia. Halako batean, baja hartu behar izan zuen. Eta Erlijioko bat jarri zioten ordezko, ideiarik ere ez zuen arren filosofiaz, ezta San Agustini eta Santo Tomasi buruz ere. Ezin zutela deus ere egin esan zioten mintegikideari zuzendaritzan. Sumindurik eta garrasika ikusi nuen korridoretik. Pirronen printzipioak aplikatzeko aholkatu nion, epojé eta adiaforia, indiferentzia filosofiko sakona, baina antzarak ferratzera bidali ninduen.

Oroitzen naiz behin batean Erlijiokoak ezin zuela ordutegia Bermeoko orduekin bakarrik bete, eta Gernika eta Lekeitioko ikastetxeetako orduekin osatu behar izan zuen. Allokoa zen, eta behin baino gehiagotan entzun nion marmarka “Lerín, Lerín, altas peñas, gente vil". Ordu arte, Gotzaindegiak dietak ordaintzen zizkien halako kasuetan Erlijioko irakasleei. Baina alloarrari ukatu egin zioten. Protesta egin zuen irakasle bizardunak, eta harrituta utzi zuen Gotzaindegian eman zioten erantzunak: “tranquilo, hijo, lo entenderás desde la fe”.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.