Frantziskoren erakarmena eta Erlijioren berrezarpena
Urte gutxi batzuk geroago utzi zion derrigorrezko izateari Erlijio batxilergoan eskaintzeak. Eta halaxe jarraitu zuen zenbait urtez: urrats egokia gero, laikotasunari begira. Ordea, 2022an, PSOEren eta Podemosen gobernuak derrigorrez eskaini beharra ezarri zuen ostera ere.
Badabiltza hor auskalo nondik datozen presio arraroak, Internet miatu arren behin eta berriro mozorrotu eta ihes egiten didatenak. Zergatik ez dute Felipe Gonzalezek, Zapaterok edo Pedro Sanchezek konkordatu frankista bertan behera utzi? Nietzschek ondo erakutsi zuen kristauek, sozialistek eta komunistek antzeko azpiegitura ideologikoa dutela: berdintasuna helburu, eta oraindik ez dagoenak ematea zentzua orain dugunari. Kirrinkarik batere gabe ibili zen Javier Madrazo komunista Ibarretxeren gobernuan. Alvarez Solisek komunista katoliko definitzen zuen bere burua, beste askok bezala.
Erlijioren berrezarpenaren kausetako bat Yolanda Diazek Vatikanora egin zuen bisita izan zen, bidaiaren eta erabakiaren kronologiak erakusten duenez. Berrogei minutuz mintzatu zen Frantzisko aita sainduarekin. Isabel Zelaa —EAEko Hezkuntza Kontseilari izana Patxi Lopezen gobernuan, eta Hezkuntza Ministro Pedro Sanchezenean— ordu erdiz bildu zen Frantziskorekin, eta, ABC-k kontatu zuenez, nabarmen hunkitu zuen aita sainduaren hurbiltasunak: ahotsa dardarka, erdi negarrez, fan nerabeek rock idoloen aurrean izaten dituzten emozio epileptikoak... Opari bi egin zizkion Zelaak Bergogliori:
El primer regalo era muy personal, un rosario de la Cartuja de Burgos que perteneció a la cuñada de la ex vicepresidenta, fallecida hace unos meses. Francisco lo ha tomado en las manos muy agradecido.
El segundo era un pequeño busto de San Ignacio, que pertenece a una serie limitada, y que envía una comunidad jesuita del País Vasco. «Yo me he educado en un centro de los jesuitas vascos», le confió orgullosa la embajadora al Papa.
Gaur egun, Karmeldar Oinutsak eta Karmeldar Oinetakodunak baino sakonkiago emozionatzen ditu aita sainduak sozialistak. Isabel Zelaa da orain Espainiaren enbaxadore Vatikanoan.
Hain zuzen, paradoxikoa izatera heltzen den anbiguotasun zabal horixe da PSOEren dohainik ederrena: txit inklusiboa da, eta zirkunstantzien arabera konpontzen da ondo edo gaizki berdin Bildurekin, Cuidadanosekin edota Juntsekin, Jainkoaren bideak bezain printzipioetatik aldenduak izaten baitira sozialistenak ere.
Halatan, asko dira argitzeke uzten dizkiguten enigmak: palestinarren alde Europako gobernubururik ausartena izaten ari den Pedro Sanchezek, zergatik abandonatu zituen sahararrak interes ziztrin batzuen truke? Zer da ez dakiguna?
Bestelako eremu batean: zer gertatu zen azkeneko Goya sarietan? Hasieran, “El 49”k irabazi zuela esan zuten. Handik pixka batera, “El 49” eta “La infiltrada”, saria erdibana. Haatik, bakoitia zen boto-emaileen kopurua; milatik gorakoa, gainera: aski zaila, beraz, berdinketa hori berez gertatzea. Bestalde, txurro hutsa duzu “La infiltrada”, film gisa ere.
“El 49”n ez dira ondo gelditzen Espainia eta guardia zibila. Aukera ona ematen zuen “La infiltrada”k hori apur bat konpentsatzeko, nahiz eta iruzurra nabarmena izan. Zer gertatu zen denbora-tarte erabakigarri horretan? Bozketaren emaitza aldarazteko, nork deitu zion nori? Kultura ministroak Zine Akademiako zuzendariari? Pedro Sanchezek Alfredo Landari? Chat GPT, DeepSeek, Claude: ez ei dakite.
Baten batek egia konta lezake noizbait, baina ez liokete sinetsiko, edo ez liokete jaramonik egingo. Bestela, sinetsi ez sinetsi, egia hori soilik errepikatuko dute hurrengo hauteskundeetan boto batzuk eskuratzeko lagungarritzat joko dutenek. Ia inori ez zaio axolako egia denetz, eta informazioen, garrasien eta irainen uholdeak egia ezagutu nahi luketenak itoko ditu.