Zulakari gorria (C. cossus) sitsaren beldarra
Sits ertain bat da zulakari gorria (Cossus cossus). 3-4 zentimetroko tximeleta gautar gristxo bat. Bere larba (harra edo beldarra, alegia) askoz ikusgarriagoa da: handia (6-8 cm inguru), laranja-gorrixka, oso bizi eta aktiboa... Ederra. Orain gutxi Ordizian aurkitu genuen beldar edo larba handi hau.
Lepidoptero guztien kasuan bezala (tximeletak eta sitsak) bizitzaren zatirik handiena larba bezala igarotzen dute, beldar koloretsu eta handi bat direlarik. Tximeleta (edo sits) bilakatzeko prest daudenean, krisalida (edo pupa) eratzen dute, eta beldar baldarra sits hegalari bihurtuko da.
Sahats populazioei lotuta bizi da bereziki zulakari gorria, ipar hemisferio osoan, eta izurri ere bilaka daiteke, besteak beste sagarrondo landaketak hondatuz (beldarrak zuhaitzaren ipurditik gora sartzen dira, enborra barrutik janez).
Baso mixtoetan ere agertzen da, gehienbat inguru hezeetan. Guk Ordiziako Oiangu parkean ikusi genuen.
Cossus cossus sitsaren krisalida.
Cossus cossus sitsaren forma heldua.
..................
Sitsaren argazkia: Wikipedia. Krisalidarena: Gipuzkoa.net.