Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Destete"

"Destete"

Asier Sarasua 2009/01/07 21:55
Batua, euskalkia, zalantzak, premiak,... eta "destete".

Euskaraz adizki pluralak sortzeko hainbat partikula ditugu. Horien arteko bat da -te, adizki mordo batean aurkituko duguna, gutxienez euskara batuan: zarete, zineten, zaudete, zaitezte, zatozte, dute, dakite, diote, dituzte, didate, zituzten, daukate...

Euskalkiei dagokienez, Koldo Zuazoren arabera Euskal Herri erdiguneko ezaugarri zabalenetako bat da. Euskalki eta hizkera gehienetan erabili izan da (nahiz eta ez guztietan modu eta egoera berdinetan), eta bazterreko euskalkietan bakarrik falta dela esan daiteke: mendebalean (bizkaieran eta Sakanan) eta ekialdean (desagertutako erronkarieran eta zaraitzueran). Zubereraz ere ez da beti ageri.

Zuazok berak hiru gertakari bereizi azpimarratzen ditu -te pluralgilearen erabilerari dagokionez:

  • Iragangaitzeko 2. pertsona pluraleko -te (zarete, zineten, zaudete, zaitezte, zatozte...). Hauxe da zabalena. Euskal Herriko erdigune guztian erabiltzen dira forma horiek, goian aipatutako salbuespenak izan ezik (mendebala eta ekialdea).
  • 3. pertsona pluraleko -te (dute, dakite, diote, dituzte, zituzten, daukate...). Honen hedadura askoz txikiagoa da: Nafarroako, Lapurdiko eta Behenafarroako hizkera batzuetan aurkituko dugu, eta Donostia-Hernani-Irun bitartean.
  • Azkenik, iragankorren orainaldiko 2. pertsona pluraleko -te (duzute, dakizute, daukazute...). Adizki horiek Donostia-Hernani-Irun inguruan eta Nafarroa iparraldeko hizkera gutxi batzuetan bakar-bakarrik erabiltzen dira. Ez beste inon. Ezta euskara batuan ere.

 

Mendebaleko euskalkietan (eta Eibarren) ez da erabiltzen, hortaz, -te atzizkirik adizki pluraletan. Ez kasu batzuetan eta ez besteetan.

Edo ez da erabili izan orain arte, azkenaldian adizki zoragarriak entzuten ditudalako gure herrian. Klase guztietakoak. Errezeta erraza da: etxeko transmisioa eten ezazu; kenduiozu euskalkia eta gerorako gorde; gehitu ezazu euskara batu pixkat, baina ez gehiegi, zure gustura; kale hizkeraren beharra sumatzen baduzu, hartu pittin bat telebistatik; amaitzeko, gehitu lehen gorde duzun euskalki hondar hori. Eta prest duzu zure gustuko adizki ederra.

Horrela agertu dira Eibarren:

  • orain arte gure herrian erabiltzen ez ziren hainbat adizki: zittuzten (zittuen), ziñaten (ziñazien), dittuzte (dittue)...
  • Oso eremu murritzekoak diren formak, euskara batuan ere erabiltzen ez direnak: dakizute (dakizue), daukazute (dakazue).
  • Eta sekula santan inoiz inon inork erabili ez dituenak, esate baterako, destate (deste + didate) eta zestaten (zesten + zidaten).

 

Oraindik izango dugu beste sorpresaren bat. Agertuko dira, honezkero ez badira agertu, diñote (diñue + diote), dozute (dozue + duzute)... eta, zergatik ez, destete (destez + dizkidate).

Dana da posible euskararen mundu harrigarrian.

 

asier
asier dio:
2009/01/13 16:48

Oier, biharbada ez juat ondo azaldu, baina ez juat arazorik ikusten bateko eta besteko hitzak nahastatziakin. Eibarren kanpoko jende mordua dagok eta normala dok Azkoittiko berbak eta Markiñako aditzak entzutzia. Eta ez nagok horren kontra. Hik ez dok egingo Eibarko euskerarik, baina ez dok sekula esango "zestaten". "Zidaten" esango dok, eta kitto. Etxeko erreferentzia. Bapo. Eibarren, gaur egun, bertako "detsat" desagertzen hasi da eta "dotsat" orokorragua nagusitzen. Leirek aittatzen dittuan beste adibide batzuk be ez jataz larrixak beittatzen. "Belar", "beltz" eta "ostiral" nagusittuko dira Eibarren. Zer egingo detsagu ba. Euskera batuko erreferentziak (edo Gipuzkoakuak) nagusittuko dira. Kontua da, baiña, kasu askotan, ez dagola benetako erreferentziarik, eta Benitok diñuan "euskera biziago" horren bila, hiztun gaztiak ez daukela nora jo. Eta horixe da arazua. Arazo bikotxa: 1.- euskerian transmisiñuan kale egin dogu eta gaztiak euskera biziago bat nahi dabe; ez dogu lortu hori emoterik. 2.- erreferentzi bila dabiz, baiña ez dakixe nora jo. Eta asmau eitten dabe. Txarto asmau, baiña. Horren guztiorren oiñarrixan, nere ustez, leku haundixa daka euskalkixak euki daben desprestijiuak. Baztartu egin dogu 40 urtez, eta oin berreskuratu nahi, baina... ezin.

Benito
Benito dio:
2009/01/09 03:36

Bilbo inguruan aspaldian hasi ginen honelakoak entzuten: "dekote" (Bizkaiko mendebaldeko dekot, dekozu, deko-ren analogian eginda, deukie edo dekoie originalen aldean), "diñote" (berdin, diñoe edo diñoie orain arte), eta horien harira "daroate" (batuan onartuko litzateke baina batuan egiteko intentziorik ez dagoenean esanda) Hala ere, neuri behitzat deigarrienak horiek baino "atara naz" edo "ari naz" lakoak egiten zaizkit. Far West honetan "urten dot" eta " (-ten) nabil" izan dira berezkoak. Beste kasu deigarri bat, eta hau batuaren eraginez baino gehiago kantu ezagun batetik datorrela esango nuke, Bilbo aldeko euskaldun gazte askok (euskaltegi kume zein eskola kume) "jaixak" ahoskatzeko (baita idazteko ere) ohitura hartu dute, berez inguruko euskalkietan (Txorierri, Arratia, Uribe-Kosta) diptongoa hausteko horrelakorik erabiltzen ez denean (jaie, ogie, herrie..), edo urrunagoko euskalkietan (Durangaldea, Busturia, Mungia) frikaria dugunean (jaidxe, ogidxe, herridxe...). Uste dut hala ere, horren atzetik norberaren euskara biziago edo "autentikoago" egiteko asmoa dagoela gehien bat, berez txarra ez lukeena izan behar. Hala ere, inguruko ahozko hizkuntzarekiko lotura eza salatzen du neurri handi batean.

oier
oier dio:
2009/01/08 12:22

Adizki pluralak sortzeko partikulez eta, batua eta mendebaldeko euskalkien arteko nahasketez ez dakit ezer, baina hiztun bat nola hel daiteekeen ezagutzen ez dituen "adizki zoragarriak" sortzera tokatu zait bizitzea. "Errezeta erraza da" diozu, eta etendako kate bat jartzen duzu jomugan. Baina gauzak hori baino konplexuagoak dira eta kateak hautsi gabe ere gertatzen dira horrelakoak. Gure etxeko adibidea jarriko dizut: Aita Zizurkilen jaio eta 11 urterekin Elgoibarrera, eta gero 40 urtetik gora zenean Eibarrera. Ama Elgoibartarra eta handik Eibarrera. Seme-alabok etxean ikasi genuen euskaraz lehenengo, semeok Elgoibarko ikastolan eta Elgoibarko lagunekin eta familiakin gero, 6-8 urterekin Eibarrera, 13-14 urterekin Eibarko euskara entzuten hasi ginen lagunen ahotik, baina gutxi, erdarazko eremuan tanto batzuk baino ez, eta 17-18 urtetik aurrera ezagutu ditut nik behintzat 3-4 lagun eibartarrez egiten dutenak. Bustidurak, aditz erraz batzuk eta bizpahiru esakera erraz hartzen dira, baina hortik aurrera sortzen dira arazoak eta akatsak, eta baita konplejoak ere. Eta ez da gutxi batzuen arazoa. Eibartarrak zerrendan bertan parte hartzen dugunetatik hasi bi zutabe egiten "eibartar hiztun puroak" eta "mixtoak, edo nahi eta ezinean ari garenak" bereiztuz, eta konturatuko zara "destete"aren errezeta hori baino konplexuagoa dela.

Serafin
Serafin dio:
2009/01/08 12:58

Oso ona Asier. Bat natok, baiña gehixen gustau jatana umore puntu salauori.

leire
leire dio:
2009/01/11 21:19

Geure edadia lagatzen dogu agerixan, Asier, holakuekin harritzen garanian! 25 urte izan ezkero normal-normalak izango litzakez gure belarrixendako. Lehenengoz entzun nebanian "zostaten" ez nintzan jausi....txiripaz! Baiña Benitok aittatu dau, "urten naz", "igo naiz", "lagundu zaittut" hiper-zuzenketak. Baitta "aita" esatia "aitxari", edo "elurra", "beltza". Noiz galdu dittugu ezaugarrixok? Hainbesteko etena dago etxeko euskeratik eskolara? Jarraitzen dau hain desprestijiauta egoten? galdera larregi. Danok gagoz kutsatuta (kutsatuta!), baiña saltua hain da haundixa! Alde batetik ez da negatibua, gaztiak euskalkixan premiñia dakelako adierazten dabelako. Baiña. beste alde batetik, esan gura dau gauzak oso txarto egin dirala/dittugula. Holakuen aurrian, Koldo Zuazon proposamenak arrazoiz betateta dagoz, ez dozu uste?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz