Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Zarautz Hizketan", Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea

"Zarautz Hizketan", Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea

Asier Sarasua 2007/11/09 11:15

Azken hiru urteotan Zarauzko euskara eta ahozko ondarea biltzen jardun dugu Zarautz Hizketan izeneko egitasmoan, eta atzo aurkezpena egitea egokitu zitzaigun Zarauzko Antoniano ikastetxeko areto nagusian.

Jende mordoxka bildu zen bertan: senideak, lagunak, euskaltzaleak... eta gehienbat proiektuan lagun izan ditugun lekukoak, zarauztar aitona-amonak. Euren ahotsa da proiektu honen muina; euren hitza izan da gure lanerako lehengaia.

Zarautz hizketan (01)

Egileok ere bertan geunden, Miren Zabaleta, Aintzane Agirrebeña, Belen Maiz eta ni neu. Fernando falta zitzaigun. Proiektuaren lehenengo urratsetan gurekin ibili zen eta berak egin zituen proiektuko elkarrizketa asko eta asko, baina ezin izan du ikusi liburua kalean. Asko eskertu genuen alaba eta emaztea bertan izatea.

Aurkezpenean Imanol Lasa euskara zinegotzia ere egon zen. Berak egin zituen sarrerako hitzak. Ondoren, bideoa batean proiektuaren oinarriak azaldu genituen (bideo ederra Artemanek egin zuena).

Ondoren, egileok hartu genuen hitza; proiektuan egindakoa aipatu genuen, oso eskematiko:

  • 55 lagun elkarrizketatu ditugu, bideoz. Emakume/gizonezko oreka gordetzen saiatu gara.
  • Herriko auzo guztietako lagunak elkarrizketatu ditugu: Urteta, Iñurritza, Santa Barbara, Abendaño... Eta inguruko herrietan ere 4-5 elkarrizketa egin ditugu (Aian, Aizarnazabalen, Getarian, Zestoan...).
  • Elkarrizketa guztiak minutuz minutu laburtu dira, eta ondoren pasarterik interesgarrienak transkribatu egin dira. Hortik ateratako ondorioekin osatu dugu "Zarautz Hizketan" liburua.
  • 1987ko sariketa batean grabatutako beste 20 zinta zahar ere berreskuratu eta dijitalizatu ditugu. Horiek ere oso erabilgarri gertatu zaizkigu.
  • Informazio guztia datu-base batean txertatu da eta online jarri dugu, Ahotsak.eus webgunean.
  • Guztira: 79 hizlari, 82 zinta, 1750 pasarte katalogatuta, 250 bideo ikusteko aukera.
  • Alderdi linguistikotik bi ondorio nagusi: 1) Zarauzko euskara Urolako besteekin batera taldekatu daiteke, nahiz eta beterriko hizkerekin zubi-lana egiten duen; 2) Zarauzko kaleko hizkerak berezitasun batzuk ditu ingurukoekin alderatuta; Zarauzko baserritarren hizkera, ordea, inguruko auzoetako baserritarren berbera da (Urdaneta, Aizarna, Sarasola, Elkano, Meaga, Oikia, Askizu...).

Zarautz hizketan (04)

Hiru urte pasa dira lehenengo prentsaurrekoa egin genuenetik. Harrezkero, lan asko egin behar izan dugu, baina asko gozatu dugu. Aberasgarria izan da, oso; udaletxetik jaso dugun laguntza eta babesa ere handia izan da (eskerrik asko, Alitxu eta Karmele!).

Nire kasuan, alderdi pertsonaletik ere hunkigarria izan da. Eibartarra naiz jaiotzez, baina amona zarauztarra neukan; aita ere "elebiduna", eibarko euskeraz zein zarauzkoan moldatzen zen, tokian tokian. Zarautz eta Zarauzko euskara, hartara, etxekoak izan ditut txikitatik. Proiektu honi esker herriko hizkera eta bizimodua hurragotik ezagutzeko aukera izan dut, eta pozgarria gertatu zait.

Proiektuaren eta aurkezpenaren berri jaso dute Diario Vascon, hemen eta hemen.

Zarautz hizketan (03)

Zarautz hizketan (02)

 

Argitalpenak: liburua, DVDa eta Internet

Proiektu handia izan da eta jasotakoa 3 euskarritan kaleratu dugu:

  • Liburua: Zarauzko euskararen ezaugarri nagusiak, hiztegia, aditz-taulak... eta elkarrizketen pasarte batzuen transkripzioak.
  • DVDa: egindako grabazio bakoitzetik 3-4 minutuko pasarte bat sartu da DVDan, jasotako guztiaren adibide modura.
  • Ahotsak.eus webguneko Zarauzko atala. Proiektuan jasotako gehien-gehiena bertan dago, eta hemendik aurrera ere webgunea betetzen eta osatzen jarraituko dugu.

Hirugarren horri garrantzi berezia ematen diot; egia esan, horixe izan da guretako helburu nagusia. Horrelako proiektuak gizarteratu nahi baditugu (gehienbat gazteen artean), liburuak ez dira nahikoa, beste baliabide batzuk ere landu beharra dago. Adibidez, komikiak, jolasak... eta Internet. Liburuan, gainera, jasotakoaren zati bat dago; Interneten gehiago sartu daiteke, ia dena.

 

Agirrebeña, Maiz, Muniozguren, Sarasua, Zabaleta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz